Itsas energia eolikoa ekoizten hasi dira bertoko kostaldean
Itsas aerosorgailuak 2 MWeko energia berriztagarria sor dezake; urtean 2.000 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten elektrizitatearen beste ekoiztu dezake.
Egun “historikoa eta garrantzitsua” da gaurkoa. Itsas energia eolikoa sortzen hasi dira, DemoSATH itsas energia eolikoa ekoizteko lehen aerosorgailu flotatzailearen bidez. Armintzako uretan kokatuta dago, kostaldetik 2 miliatara. Hala ere, proiektuaren nondik norakoak Bermeon aurkeztu dituzte gaur [irailak 18], Nestor Basterretxea aretoan. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburua egon dira aurkezpenean, proiektuaren arduradunekin batera. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak ere harrera egin die guztiei.
Saitec Offshore Technologies euskal ingeniaritzak zuzendu du DemoSATH proiektua, eta RWE Offshore Wind enpresa alemaniarraren eta KEPCO (The Kanpsai Electric Power CO.) enpresa japoniarraren lankidetza izan dute. Itsas energia eoliko flotatzailearen industriaren baitan, “mugarri esanguratsua” da Saitec Offshore Technologieseko operazio zuzendari David Carrascosarentzat. Espainiako Estatuan sarera konektatzen den lehen itsas aerosorgailu flotatzailea da: “DemoSATHen energia sorreraren hasierak une gorena suposatu du proiektuan. Harro gaude egindako lanagaz, baita ere Espainiako Estatuan aerosorgailu flotatzaile bategaz energia berriztagarria sarera isurtzen dugun lehenengoak izateagaz”.
Bertaratutakoak ontzian joatekoak ziren proiektua bertatik bertara ezagutzera, baina itsasoan alerta horia emanda zegoela eta, autobusez joan dira Armintzara plataforma hurbilagotik ikusi ahal izateko. Hala eta guztiz ere, Nestor Basterretxea aretotik zuzenean ikusi ahal izan da DemoSATH proiektua martxan ipintzen, hau da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako itsas energia eolikoaren ekoizpenaren hasieraren lekuko izan dira bertaratutako guztiak.
Abuztuan kokatu zuten DemoSATH proiektua BIMEPen, hau da, itsaso zabalean probak egiteko gunean. Ondoren, aurretik instalatutako itsas hondoko kable estatikoa kable dinamiko bategaz konektatzeko lanak egin zituzten. Azken hori olatuek eragindako plataformaren mugimenduak xurgatzeko diseinatu dela diote. Gero, plataformaren brankan dagoen dorretxoagaz konektatu zen. Ordutik, martxan jartzeko beharrezko lanak egiten ibili dira, atzo martxan jarri arte. Hala, sortutako energia sare elektrikora isurtzen da BIMEPeko azpiestaziotik pasatuz, haizearen indarra energia berriztagarri bihurtuz.
2 MWko itsas aerosorgailua probatzeko, Saitecek patentatutako SATH teknologia erabiltzen ari dira, eta urtean 2.000 etxebizitza inguruk kontsumitzen duten elektrizitatearen beste ekoiztu dezakeela adierazi dute. Helburua da datuak biltzea eta eraikuntza, eragiketa eta mantentze-lanak bezalako alderdiei buruzko benetako ezagutzak eskuratzea. Bi urtez martxan egongo da, energia sortzen, BIMEP saiakuntza-azpiegituraren bidez konektatuta.
“Urrats sendoak”. Urkullu lehendakariak energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi zuen: “Klima Aldaketa, zoritxarrez, errealitatea da eta egunero ikusten ditugu errealitate horren ondorioak. Trantsizio energetikoa, trantsizio bideragarri baten bidez egin behar da. Urrats sendoak egiten ari gara eta bide beretik lanean jarraituko dugu, ez dugu beste aukerarik. Gure etorkizuna, gure seme-alabena, bilobena, gaur hartzen ditugun erabakien mende dago. Energia berriztagarrien aldeko apustua argia eta irmoa da. Herri helburu nagusietako bat da”.
Aipatu proiektua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren esparruan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek zientzia, teknologia eta berrikuntza babesteko sustatutako ekimen estrategikoen baitan kokatzen da.