Eraso matxista bat gaitzetsi du Bermeoko Udalak
Udaletik jakitera eman dutenez, eguazten [irailak 13] eguerdian izan zen eraso matxista.
Gaur [irailak 15] zabaldu berri duten adierazpen instituzional baten bidez, Bermeoko Udalak herrian emandako azken eraso matxista salatu du. Jakitera eman dutenez, eguazten [irailak 13] eguerdian izan zen. Ustezko erasotzailea identifikatuta eta epaileen eskuetan dagoela adierazi dute Bermeoko Udaletik.
Mota horretako ekintzak “onartezinak” direla, eta “gure herrian lekurik ez dutela” adierazi dute. Era berean, gertutasuna eta elkartasuna adierazi diete emakumeari eta ingurukoei: “Gure esku dagoen guztian laguntzeko prest gaude”.
Berriro azpimarratu dute pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla: “Argi geratu da indarkeria matxista lehen mailako gizarte arazoa dela, estrukturala eta kolektiboa. Udala kontziente da egoeraren larritasunaz. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizarte osoaren babesa jaso dezaten”.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta gaineratu dute “elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale” bat lortzeko ahalegina egingo dutela, “azken hilabeteetan gertatutako erasoak sekula ez errepikatzeko”. Ozen eta garbi adierazi dute ez dutela herrian “inongo eraso matxistarik onartuko”.
Mugimendu Feministak antolatu dezakeen elkarretaratzeari adi egotea eskatu dute, eta horretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.