Andra Mari eta Santa Eufemia jaien azken txanpan sartu dira bermeotarrak
109 tortilla aurkeztu zituzten atzo Bermeoko Txosna Batzordeak antolatutako txapelketara, eta 44 pertsona animatu ziren eskalada txosnerora.
Xixiliri agur esango diote bihar [irailak 16], Santa Eufemia Egunean, bermeotarrek; beste jai egun handi bat daukate bihar aurretik, eta bezpera eguna ere goi-goitik ospatu dute gaur.
Mozorro eguna da gaurkoa, eta herri bazkarian batuko dira gaur txosnagunean. Arratsaldean, danbor hotsak izango dira protagonistak. Talde mistoak sortu dituzte lehenengoz, eta sukaldariz, baserritarrez eta arrantzalez jantzita aterako dira danbor jotzaileak herriko kaleetara.
Atzo [irailak 14] txosnagunea eta inguruak jendez bete ziren; asko eta asko izan ziren suak piztu eta tortillak egitera animatu ziren gazte eta helduak. “Arrakastatsua” izan zen atzoko txapelketa, eta 109 tortilla dastatzeko lana izan zuten epaimahaikideek.
Eskalada txosneroa ere arrakastatsua izan zen. Kutxak bata bestearen gainean ipintzera eta horien gainera igotzera animatu ziren 44 pertsona.