Arrizabalagak Udako Master Laboral Kutxako finala lehiatuko du
Galeano-Arrizabalaga bikoteak 22 eta 19 irabazi diete Garairi eta Capellani udako torneoaren finalaurrekoan, eta Amaia Aldairen eta Uxue Osesen kontra jokatuko dute finala hilaren 24an. Finalean euren jokoa kantxan erakusteko gogoz dago aurrelari gernikarra.
Arrizabalaga-Galeano eta Aldai-Oses bikoteen artean erabakiko da Udako Master Laboral Kutxa Txapelketa. Irailaren 29an Hondarribian jokatuko dute finala.
Galdakaoko Kurtzea pilotalekuan lehiatu zituzten finalaurrekoak atzo arratsaldean [irailak 14], eta “harmailetan giro itzelagaz, bi partidu handi, lehiatu eta ikusgarri” jokatu zituztela azpimarratu dute antolatzaileek: “Beste behin, bi aurrelari bizkaitarrak, egungo erreferentzia nagusiak, txapelen lehian ariko dira, baina nabarmentzekoa da, era berean, hauen alboan, sortzen ari den kalitatezko atzelarien multzoa. Oraingo honetan Leire Galeano antzuolarrak eta Uxue Oses oñatiarrak lagunduta ariko dira, egindako lan bikainaren sari gisa”.
Olatz Arrizabalaga: “Ez nintzen oso eroso egon kantxan”
Olatz Arrizabalaga aurrelari gernikarraren hitzetan, partidu “oso gogorra” izan zen. Hain zuzen, lehenengo finalerdi horretan laurek jokatutako erritmoa izan zen ezaugarririk nabarmenena, pilota abiadura ederrean mugitu baitzuten, tanto oso onak jokatuz. Lan horietan ohituagoa eta atzean Galeanoren laguntza ederrarekin, Arrizabalaga izan zen erritmo itogarri horretan erosoen aritu zen pilotaria. Partidu ona jokatu zuten Garai eta Capellani luzea egin zitzaien neurketa, eta amore eman behar izan zuten. Azken tantoetara arte aurretik izan ziren markagailuan, une batzuetan tarte nahikoagaz, baina, ez zuten partidua apurtzea lortu, eta 22 eta 19 irabazi zuten Arrizabalagak eta Galeanok. Irabazi arren, Arrizabalagaren iritziz, ez zuten “euren jokorik onena” egin.
“Eurek oso ondo jokatu zuten partidu guztian, batez ere hasiera partean ez zidaten utzi jokatzen, dena atzera bota zuten”, adierazi du Arrizabalagak. Uste du azkenengo zatian apurtu zela apur bat partidua, sakea hartu zutenean, eta horrela lortu zutela irabaztea.
Galdakaoko pilotalekuaren ezaugarriengatik, lau pilotariei frontoira “ohitzea apur bat kostatu” zitzaien: “Frontoi nahikoa berezia da, eta pertsonalki ez nintzen oso eroso egon kantxan. Modu batera edo bestera irabazi behar zen, eta gustatuko litzaiguke joko hobe bategaz finalera heltzea, baina, finalerdiak horrela ere irabazi daitezke. Aurrelariok jokoan asko ez ginen sartu, ez genuen lortu, eta, azkenean, gutxien huts egin zuenak irabazi zuen”.
Aldai-Osesi antzeko emaitzak eman zien finalerako bigarren txartela, 22 eta 18 gailendu zitzaizkien Etxegarairi eta Gaminderi. Lehen partiduan bezala, Amaia Aldai izan zen pilotari beste martxa bat sartuta, lehia bere aldera hautsi zuena. Erraz amaitu zituen tantoak dimarrak eta Osesek ere berme handia eman zion atzean.
“Galeanok atzean eutsi, eta nik aurrean aukerak dauzkadanean amaitu, eta erritmoa jartzen dudanean asmatzen dugu”
Finalera begira. Aurrelari gernikarrak argi dauka finalean euren jokoa egin beharko dutela. Udan zehar, hori egin izan dutenean, erakutsi dute bikote oso ona osatzen dutela. “Galeanok atzean eutsi, eta nik aurrean aukerak dauzkadanean amaitu, eta erritmoa jartzen dudanean asmatzen dugu. Atzo ez genuen egin, ez genuen gure jokoa kantxan erakutsi”. Finalean gutxi huts egiteak ez die balioko, eta hori egitea giltzarria izango dela ondo dakite. Aurreko koadroetan erritmoa jartzen saiatu beharko da: “Bikote oso gogorra izango dugu aurrean, Amaia Aldai eta Uxue Oses”. Badakite, halaber, txapela lortzeko lana gogotik egin beharko dutela: “Amaia partidua Galdeanori kargatzen saiatuko da, eta nik asko lagundu beharko diot”.
Udan egindako lanagaz pozik dago Arrizabalaga: “Udan nahikoa fresko ikusi naiz. Partidu dezente eduki ditugu, eta nire helburua izan da udan zehar apur bat dosifikatzea. Aurreko urteetan irailera nahikoa kargatuta heldu izan naiz, bai eskuetatik bai fisikoki”. Joko aldetik ere, “nahikoa fresko” ikusi da, eta nahikoa “gustura”.
Udako txapelketa hau, eta, orokorrean, udako txapelketak denboraldiari begira erritmoa hartzeko izaten direla dio: “Eta finalera sartzea lortu, eta irabazi gero, askoz hobeto. Helburua zen eskuekin uda ondo amaitzea, fisikoki denboraldia ondo hasteko. Uste dut uda nahikoa ona egin dudala, eta espero dugu horrela jarraitzea”.