Hirugarren urtez "musikaren magiaz gozatzeko" egitarauagaz dator MusikEAn
Bariku honetan [irailak 15] eskainiko dute musika klasikoko zikloaren lehenengo kontzertua. Kordazko laukotea eta koruak lehenengoz egongo dira aurten.
Datozen bi asteburuetan “musikaren magiaz” gozatzeko proposamena dakar Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak. MusikEAn zikloa barikuan [irailak 15] hasiko dute, eta hari esker, musikaren bitartez elkartu, gure musika eta kantuekin identifikatu, eta Ea herri bizia ere badela sentitzeko aukera izango dute, hori baita antolatzaileen asmo nagusia. Barikutik domekara eskainiko dituzte kontzertuak, Eskolondoko frontoian, eta emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
“2023ko irailaren bihotzean ospatuko dugu MusikEAn hirugarren aldiz. Euskal Herriko musika eta kantu tradizioa eta munduko obra klasiko eta berritzaileak eskainiko dizkigute bertara hurbildutako goi mailako musikariek eta kantariek. Bertatik bertara antolatutako ekimena da hau, eta herritarrok gure parte-hartzearekin eta berotasunarekin egiten dugu posible”, adierazi dute Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeko kideek.
2021ean egin zuten lehenengoz, eta hirugarren urtez jarraian, “askotariko eskaintza” prestatu dutela dio Agustin Bergara zikloaren koordinatzaileak: “Maila oso oneko jendea da. Musikaria naiz, mundu honetan mugitu naiz, eta lagun eta ezagun asko dauzkadanez, koordinazio lanak egiten ditut. Kontzertuak era askotakoak dira, Eako jendearen gustukoak izan daitezen ahalegintzen baikara. Apur bat denetarik dago: bi koru, kordazko laukote bat, perkusiozkoa, akordeoia eta klarinetea…”.
“Publikoa erakartzera bideratutako askotariko eskaintza” prestatu dute
Aurten piano doinurik ez dute edukiko, baina lehenengoz koruak eta sokazko laukoteak izango dira: “Iaz haizezko boskotea eduki genuen, eta arrakasta izugarria eduki zuen”. Hain zuzen ere, Akelarre Abesbatzeko bi kidek lotura oso estua daukate Eagaz: “Koru horretako bi neska Eakoak dira, oso ezagunak, herrira etortzen urte asko daramatzaten familietakoak dira. Hemen familia giroa daukagu, denok alkar ezagutzen dugulako, eta publikoa erakartzeko era ere bada hori”.
Esan bezala, eskaintza askotarikoa da, eta, batez ere, aniztasun hori “publikoa erakartzera” bideratuta dago: “Batik bat, gazteak erakartzea gustatuko litzaidake, normalean, halako kontzertuak ez baitira izaten euren gustukoak. Adibidez, koru gazteak dira, eta, halakoetan lagun eta ezagunak erakartzen dira”. Frontoia “betetzea” gura dute, “jendeak arrakasta ikustea, eta baita udalak ere, datorren urtean ere antolatzen segitzera animatzeko”.
Maila handiko profesionalen parte hartzea nabarmendu du Bergarak. “Atzerrian ikasitako jendea da, curriculum itzela daukana. Ezagutzen ditut, eta oso ondo jotzen dute, eta hori da lehenesten dudana, ondo egingo duen jendea izatea”.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea: “Bertatik bertara antolatutako ekimena da hau, eta herritarrok gure parte-hartzearekin eta berotasunarekin egiten dugu posible”
Parte-hartzaileen artean bere ikasle izandakoren bat ere badago: “Astigarragako Eragiyok Abesbatzako kidea da bera, Donostian bizi da, eta koru horretako kidea izateaz gain, Easo Abesbatzako kide ere bada. Eragiyok Abesbatza asko gustatzen zait, ahots baxuen korua da, txikia, baina oso ondo abesten dute”. Piano-jotzailea da Bergara, eta aurreko urteetan bere piano-ikasleak egon izan dira Ean. “Ikasle izandako musikari oso onak dauzkat, balio handikoak dira, eta beti gustatzen zait Ean ere horiek entzuteko aukera izatea. Adibidez, Austriako Salzburgo hiriko Mozarteum Unibertitateko irakaslea da nire ikasle izandako bat; piano jotzaile oso ona da, eta datorren urtean ekartzeko begiz jota daukat; ea posible den. Mozarteum Unibertitatea pianoaren zerua da, eta oro har, musikarena”.
Agustin Bergara (MusikEAn zikloaren koordinatzailea): “Kalitatezko ikuskizunak dira. Udalak esfortzu itzela egiten du, eta hori eskertu behar dugu”
Helburuak. Musika klasikoaren ziklo horren koordinatzailearen berbetan, «helburu nagusiak dira herrian interes kulturala izatea, bultzatzea, uda pasatzeko herria soilik ez dadin izan eta monotonia apurtzea eta entretenitzea”.
Udalaren babesa “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Bergarak, eta laguntza hori eskertu du: “Udalak esfortzu itzela egiten du, eta hori eskertu behar dugu. Musikarekiko eta kulturarekiko kolaborazio hori garrantzitsua da”.
Emanaldiak areto batean egin ordez, frontoian izateak nolabait baldintzatzen baditu ere, soinuari dagokionez ez dutela arazorik izaten dio: “Frontoia oso ondo atontzen dugu, perimetro osoan gortinak jartzen ditugu, eta ondorioz, soinu egokia edukitzea lortzen dugu, ez da oso dirdaitsua ez oso lehorra”.
Herritarrei zein inguruko bizilagunei bertaratzeko gonbidapena luzatu die Bergarak: “Kalitatezko ikuskizunak dira. Kariño handiz antolatzen eta egiten dugu, eskaintza erakargarria izateko helburuagaz. Horretarako, ondo egingo duen jendea bilatzen dugu”.
EGITARAUA:
- Irailak 15, barikua: Olatz Saitua sopranoa eta Eugenio Tobalina gitarra.
- Irailak 16, zapatua: Eragiyok abesbatza.
- Irailak 17, domeka: Xarma Duet.
- Irailak 22, barikua: Perkusbiska.
- Irailak 23, zapatua: Oreka Quartet.
- Irailak 24, domeka: Akelarre abesbatza.
- OHARRA: Emanaldi denak 19:00etan hasiko dira.