Eusko Label ligako azken asteburuak Bermeon dauka lehenengo hitzordua
Bermeo Hiriko 41. Bandera - Bermeo Tuna World Capital Sari Nagusia aurkeztu dute gaur, Arrantzaleen Museoan. Euskotren eta Eusko Label ligetako igoera eta jaitsiera playoffak jokatuko dituzte.
Lehia bizia dakarren estropada izaten da urtero Bermeoko uretan jokatzen dena. Kontxako Banderaren ostekoa izanik “errebantxarako gogoa” egoten dela esan du Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Agustin Aranburu Garciak. Eusko Label liga amaitzear dago, eta arraun denboraldiari amaiera emateko azken-aurreko hitzordua da Bermeokoa. Gaur [irailak 13] eguerdian aurkeztu dute Arrantzaleen Museoan zapatuan [irailak 16] jokatuko den Bermeo Hiriko 41. Bandera-Bermeo Tuna World Capital Sari Nagusia.
Aranburuk espero du zapatuan errebantxarik ez egotea, eta Bou Bizkaia garaile izatea etxean bandera geratzeko, izan ere, 2016tik Urdaibaikoek ez dute Bermeoko estropada irabazi. Horregatik, burua horretan jarrita daukate, eta “gogotsu” aterako dira.
Bermeoko estropada “klasiko” bat dela esan du Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteko presidenteak, “estropadarik zaharrenetarikoa” dela nabarmenduz. Ohi legez, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako igoera eta jaitsiera playoff-etako lehen jardunaldia ere jokatuko da Bermeoko uretan. Jardunaldia, beraz, Euskotren Ligako playoffekin hasiko da, 17:30ean. Zumaia, Kaiku eta Hibaika ariko dira lehian. Erlojupeko formatuan, 2.778 metroko distantzian bi luze eta ziaboga bat eginez gauzatuko dituzte kanporaketak. Traineruak minutu bateko tarteagaz irtengo dira.
18:04 aldera, hasiko da, berriz, Eusko Label Ligako playoff-en txanda. Bost talderen artean jokatuko dira datorren denboraldian Eusko Label Ligan aritzeko azken bi plazak: Santurtzi, San Pedro, Lapurdi, Ares eta Bueu. Erlojupeko formatuan ere, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte traineruek 5.556 metroko distantzian.
Perimetroa errespetatzea. 18:50 aldera hasiko da, berriz, Eusko Label Ligako zortzi tripulazio onenen arteko lehia. Lehenengo txandan egingo dute arraun Orio, Getariak, Cabok eta Isuntzak. Ohorezko txandan (19:16) lehiatuko dute, berriz, Bermeo-Urdaibaik, Hondarribiak, Donostiarrak eta Zierbenak.
Estropadak ontzietan ikustera ateratzen direnei eskatu die estropaden perimetroa errespetatzea, “arazorik ez sortzeko”.
“Traineruen estropadak gure herrian sustraituta dagoen kirola da, eta jatorria arrantzan daukate. Orduan, Bermeo Tuna World Capitalentzako (BTWC) Bermeoko bandera babestea ohpre bat da, bai gure jardueragaz lotura daukan kirola delako, eta baita ere gure herrian oso sustraituta dagoen kirola delako”, esan du BTWCeko Zuzendaritza Batzordeko kide Anertz Muniategik.
Jaietako azken eguna. Santa Eufemia Eguna ospatzen dute zapatuan bermeotarrek, jai egun handia, beraz, herrian. Xixiliri agur esan orduko, jai giroan ibiliko dira egun osoan, eta tartean, estropadak ere badaude. Zapatuko hitzordua iristeko “gogotsu” daudela esan du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk: “Zalantzarik gabe, traineruen festa handia izango da”. Hala, udaletik bermeotar eta bisitari guztiak gonbidatu dituzte “primeran pasatzera”, eta “ahalik eta gehien gozatzera”. Gaineratu du “besoak zabalik” hartuko dituztela bertaratatzen diren guztiak. Aurkezpena baliatuta, alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaile guztiei, “urtez urte egiten duten lan handiagatik”.
Aurrekoetan egin modura, zaleek estropada ikusteko aukera izango dute Portuzarrean, bertan jarriko baitute pantaila erraldoi bat duen eremu ludikoa. Era berean, udaletik gogora ekarri gura izan dute zapatuan 08:00etatik aurrera, ibilgailurik ezingo dela sartu Artzako biribilgunetik barrura, arraun taldeetakoak, antolakuntzakoak edota beharrezkoak diren azpiegituretakoak, izan ezik.