Urrian hasiko dira guraso eta etorkinentzako euskara eskolak
Batean zein bestean parte hartu gura duenak irailaren 29ra arteko epea dauka izena emateko, Berhaz bulegoan.
Ikasturte berriagaz batera, Bermeoko Udalak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu aurten ere, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Urritik ekainera bitartean izango dira ikastaroak, 120 ordukoak biak. Batean zein bestean parte hartu gura dutenek irailaren 29ra arteko epea daukate izena emateko; Berhaz bulegora bertaratu beharko da horretarako.
AEK euskaltegiak eskaintzen ditu gurasoei zuzendutako euskara ikastaroak. Jakitera eman dutenez, familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da gurasoei bideratutako ikastaroen helburua. Astean birritan batzen dira, bi ordu egun bakoitzean. AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandezek adierazi duenez, metodologia praktikoa erabiltzen dute, egunerokotasunagaz lotutako ariketak egiten dituztela gaineratuta.
Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, berriz, etorkinei zuzendutako ikastaroaren ardura. Aipatu ikastaroaren helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, “integrazio errazago bat izan dezaten”. Astean lau ordutan batzen dira; bi ordu, bi egunetan. Etorkinentzako ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dela diote, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Karmele Zarainek adierazi du, “oso aktiboak” izaten direla, eta ikasleek “oso ondo” pasatzen dutela.
Udalak eta euskaltegiek urteak daramatzate elkarlanean, eta diotenez, bi ikastaro hauek “emaitza oso onak” izan dituzte; “horrela adierazten digute ikasleek”.
Beste alde batetik, 2023-2024 ikasturterako matrikulazio kanpaina martxan daukatela gogora ekarri dute. Hiru zentro daude Bermeon euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” daukatela aipatu dute, “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” eskainita.
Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek. Izan ere, gogora ekarri dute HABEk eta Bermeoko udalak diru laguntzak eskaintzen dituztela, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.