Urdaibairen eta Arraun Lagunaken Kontxako banderak
Bermeoko taldeak bi jardunaldietan nagusi izanda irabazi du Kontxako Bandera, eta arraunlariei zein kubeko gainontzeko kideei harrera beroa egingo diete herritarrek Bermeon. Udaletik jakinarazi dutenez, 20:30ean izango da Lameran. Arraun Lagunak taldeko arraunlariek errekor bikoitza lortu dute, bai bi jardunaldien baturarena bai jardunaldi bakarrekoa. Arraunlarien zerrenda garaiz ez aurkezteagatik, lehiatik kanpo utzi dute Ondarroa. Hala ere, estropadan arraun egiten utzi diote.
128. Kontxako Banderaren bi jardunaldietan azkarrena izan da Bermeo-Urdaibai. Liga ere eskura dauka klub bermeotarrak, eta aurtengo denboraldia ere historikoa izango da.
19.09,60 amaitu du gaur [irailak 10], eta txandakideei ateratako aldeak izugarriak izan dira. Urdaibairen eta Zierbenaren artean egon da garaipenaren lehia, eta lehenengo jardunaldiko errenta (1.25) erabakigarria izan zitekeela bazekiten. “Gogor irten” behar zirela esana zuen Iker Zabala entrenatzaileak, eta bai egin ere. Aurkariei ontzi bateko aldea berehala atera die; txandakideak kontrolpean izan ditu. Zierbena izan da lehen txandako onena, eta haren erreferentziagaz aritu dira bigarrenekoak: 19.13,51. Harengandik 31 segundo pasatxora amaitu du Cabok, eta 43 segundo pasatxora Getariak. Zierbenak langa oso goian ipini du, eta hori gainditzea izan da hurrengo txandakoen erronka; bigarren txandako hasierako denboretan Zierbenarena izan da bandera. Lehen ziabogan, esaterako, 9.41 izan da Zierbenaren denbora, eta 9.46 Urdaibairena. Bigarren txandaren hasierako haizeak gora egin zuen nabarmen; gero, norabidez aldatu eta behera egin du.
Sufritzera ohituta daude arraunlariak, eta denboraldi honetan ligako beste hainbat estropadetan egin bezala, denborak iraultzen badakitela erakutsi dute Urdaibaikoek. Zierbenaren denbora ia lau segundotan hobetu du. Eta bere txandako gainontzeko taldeekiko aldeari dagokionez, minutu erdira utzi ditu; Hondarribia Urdaibairengandik 28 segundo eta 64 eh9unenera helmugaratu da, Donostiarra 30 segundo eta 79 ehunenera eta Orio 32 segundo eta 92 ehunenera. Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak azken metroetan esan legez, “kanoian moduan” joan dira, eta helmugara heltzear zeudela arraunlariei esan die lehengo urtean bezala, “irrifar batekin” amaitzeko. Momentu horretan denen izenak banan-banan esan ditu, denei egindako lana eskertuz eta lanagatik zorionduz. Unerik kritikoenetan indarra eta gaitasun fisikoa behar da, eta hori erakutsi dute.
Iker Zabala entrenatzailearen berbetan, “itsosupeteko estropada” egin dute: “Argi neukan Zierbena zela gaurko aurkaria, eta baldintza apur bat hobeetan egin du arraunean. Kristoren estropada egin du, azkar joan dira. Mutilei esan nien estropada 19 minutu eta 10 segundotan egiteko kapazak zirela, eta begira, 19.09”. Egindako lanagatik zoriondu ditu arraunlariak. Aranberrik esan aitatu bezala, “egunak eskatzen zuen modura, estropada ona” egin dute. “Aurreko igandean ere irabazi genuen, baina gauza negatibo gehiago egon ziren positiboak baino guretzat, antsietate asko, eta erreferentziarik ez edukitzeak estresa sortu eta ez zigun utzi arraunea disfrutatzen utzi”.
Bermeoko taldeak ofizialki lortu duen zazpigarren Kontxako Bandera da; 2010ean irabazi zuen lehenengoa, eta 2011n, 2014an, 2015ean, 2016an, 2022an eta 2023an. Horietan guztietan taldean egon den Alain Kolunga ondarrutarrak zehaztu du “Kontxa izaten da lan guzti horien eta emozio guzti horien lehertzea. Emozioak, gabeziak, entrenamenduetako esfortzu guztiak… hor ateratzen dira”.
Iñaki Goikoetxea Tabero lekeitiarrak kontatu duenez, 12. minutura arte erreferentziarik ez edukitzea izan da euren plana. Donostiatik besarkada bana bidali die bermeotarrei, eta garaipena eskertzeko tartea ere hartu du: “Egunerokotasunean nire zoramena aguantatzen duten guztiei eskaintzen diet, eta besarkada estu bat bidali gure diet gure artean ez ditugunei, bereziki Iurgiri, eta ea datorren urtean denak etxean ditugun”.
Mikel Azkarate ondarrutarrarentzat Kontxako laugarren bandera da gaurkoa. Estropada “ederra” egin dutela nabarmendu du: “Hasieratik indartsu irten gara, eta maila ona eman dugu gaur. Urte guztian estropada hau prestatzen egon eta gero, beti daukazu tentsio asko. Argi genukan zein zen gure plana, eta horri segitu diogu; gure esku geneukan bandera irabaztea, ez ginen besteei begira egon behar. Aurrea hartu dugunean, erreferentziak eduki ditugu”.
Carlos Mañas deniarrak esan modura, lehenengo bandera ez izan arren, “lehenengoz aldiz irabaztea modukoa” izan da. Garaipenaren atzean “urte osoko lana” dagoela azpimarratu du: “Estropada hau berezia da; beti ez da irabazten eta ospakizunen bat egin beharko dugu. Talde honek txalo zarrapada merezi du, eta ahal dugun urte guztietan mantendu behar dugu”.
Zigorra Ondarroarentzat. Estropadak hasi aurretik Ondarroa izan da albiste. Izan ere, agindutako epean arraunlarien zerrenda aurkeztu ez dutelako lehiatik kanpo utzi dute. Hala ere, antolatzaileek estropadan parte hartzeko aukera eman diete, baina euren denbora hartu gabe.
Gizonezkoen sailkapen nagusia:
- 1.- Urdaibai: 38.30.66
- 2.- Zierbena: 38.42,29 (+11,63)
- 3.- Hondarribia: 39.00,61 (+29,95)
- 4.- Donostiarra: 39.05,53 (+34,87)
- 5.- Orio: 39.08,29 (+37,63)
- 6.- Cabo: 39.33,66 (+1.03,00)
- 7.- Getaria: 39.46,02 (+1.15,66)
- 8.- Ondarroa (ez diote 2. jardunaldian denborarik hartu)
2. jardunaldiaren sailkapena:
- 1.- Urdaibai: 19.09.74
- 2.- Zierbena: 19.13,62 (+03,88)
- 3.- Hondarribia: 19.38,44 (+28,70)
- 4.- Donostiarra: 19.40,42 (+30,68)
- 5.- Orio: 19.42,40 (+32,66)
- 6.- Cabo: 19.45,06 (+35,32)
- 7.- Getaria: 19.56,90 (+47,16)
- 8.- Ondarroa (ez diote 2. jardunaldian denborarik hartu)
Bandera eta marka. Errekorrarekin amaitu da emakumezkoetan 16. Kontxako Bandera; Arraun Lagunakeko arraunlariek zortzi segundotan hobetu dute bi egunetako marka eta lau segundotan egun bakarrekoa.
Donostiarra hasi da aurretik, baina, gero, Arraun Lagunakek asmatu du. Bi kolpe gogor jo ditu: Aquariumetik kanpora, eta, gero, badian. Baldintzak onak ziren, eta horiek aprobetxatuta, arraunketa harrigarria erakutsi du; arraunlariek denboraldiko estropada onena ez bada, onenetarikoa egin dute.
Iaz Oriok irabazi zuen, eta orain dela bi urte Arraun Lagunak izan zen marka ezarri zuena. Esan bezala, gaur ere bandera eta errekor berriak lortu ditu. “Oso pozik” egon dira arraunlariak. Arraun Lagunak Andrea Astudillo patroiak esan duenez, Aquarima pasatuta, “itsasoa gehiago mugitzen zenez, han lan gehiago egin behar” izan dute. Hori jakinda, “lasaitasunez” horretara atera dira: “Ziabogan aurretik ikusi gara, eta tira eta tira disfrutatzera joan gara”. Xubane Uribarrena arraunlariak gogora ekarri bezala, gaurko lorpenen atzean lana eta lana besterik ez dago, “lan latza”. Mar Larrea arraunlari ondarrutarrak zehaztu du entramenduetan “aste polita” eduki dute, eta ziur zeuden “bandera eurentzat” izan behar zela, eta hori pentsatuta atera dira: “Denboraldi guztian oso ondo ibili garela ikusita, bagenekin talde modura batuz gero, guretzat izango zela, eta horrela izan da”. Entrenatzaileak erakutsitako segurtasunean sinistu dutela gaineratu du.
Ohorezko txandan aritu dira irabazteko faboritoak: Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta lehen jardunaldian azkarrena izan zen Tolosaldea. Hasieran Orio izan da estropada-buru, baina Arraun Lagunak sartu da lehenengo ziabogan, Donostiarrari 5 segundo aterata, Oriori 6 eta Tolosaldeari 12. Jarraian, Arraun Lagunakek besteekiko abantaila handitu du eta 10:23ko markagaz amaitu du. Donostiarra izan da bigarren 7 segundora, Orio hirugarren 13ra eta Tolosaldea laugarren 21era.
Lehen txandari dagokionez, ziabogan Hondarribia izan da onena, Kaikuri segundo erdi aterata, Zumaiari 2 eta Hibaikari 3. Itzuliko luzean Hibaika Hondarribiaren parean jarri da, eta bien arteko lehia estua izan da amaierako metroetan. Hondarribia izan da txanda horretako azkarrena: 10.55. Hibaika 3 segundora geratu da, Kaiku 4ra eta Zumaiari ia 5era.
Emakumezkoen sailkapen nagusia:
- 1.- Arraun Lagunak: 21.01,14
- 2.- Donostiarra: 21.10,50 (+09,36)
- 3.- Orio: 21.19,22 (+18,08)
- 4.- Tolosaldea: 21.22,14 (+21,00)
- 5.- Hondarribia: 21.54,80 (+53,66)
- 6.- Hibaika: 21.55,88 (+54,74)
- 7.- Zumaia: 22.07,10 (+1.05,96)
- 8.- Kaiku: 22.15,16 (+1.14,02)
2. jardunaldiaren sailkapena:
- 1.- Arraun Lagunak: 10.23,32
- 2.- Donostiarra: 10.30,70 (+07,38)
- 3.- Orio: 10.36,92 (+13,60)
- 4.- Tolosaldea: 10.44,50 (+21,18)
- 5.- Hondarribia: 10.55,48 (+32,16)
- 6.- Hibaika: 10.58,66 (+35,34)
- 7.- Kaiku: 10.59,60 (+36,28)
- 8.- Zumaia: 11.02,24 (+38,92)