Xixili lagun, ailegatu dira egunero-egunero kalean egoteko egunak
Bueltan dago ilehoria. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta horiei hasiera emateaz arduratu zen atzo Herri Babesa. Almika auzotik Lamerarainoko jaitsieragaz berotu zituzten motorrak bermeotarrek, eta gaur, Andra Mari Eguna ospatzen ari dira Almikan.
Galbanie kendu eta jaietako zapia jantzi du Xixilik. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta andramari eguna ospatzen ari dira gaur.
18:00ak aldera, Almika auzotik Lamerarainoko jaitsieragaz berotu zituzten motorrak bermeotarrek. Irribarreak ahotan, beroari dantzan eta kantuan aurre egin zieten, eta bizilagunek balkoietatik zein leihoetatik botatako ur freskoa eskertu zuten.
Ume, gazte zein heldu batzen dituen hitzordua izaten da, eta denak ere, bi astetan soinetik kenduko ez duten mahoiaz gain, arropa eta osagarri koloretsuekin dotore jantzi ziren. Beste urte batez, umorea eta irudimena islatu zituzten. Esaterako, San Frantzisko Herri Ikastetxeko Familia Elkartekoek “eskolako 50. urteurrena jai giroan hasteko”, Itsasoa ipini zuten mozorrogai eta Gure Marmokie kamiseta janzteko dei egin zieten familiei.
Almikako jaitsiera eta gero, 21:45 orduko Goiko plaza betetzear zegoen. Mahoiek eta zapiek janzten zuten plaza, eta jai gogoa nabaritzen zen. Denak zeuden Xixiliren esperoan, ile horia balkoira noiz ateako zain, eta azkenean, irrintzi artean agertu zen; 21:50ean, oihuz eta txalo zaparradaz eman zioten ondoetorria. Hala, ailegatu dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta hilaren 16ra bitartean, egunero kalean egoteko hitzordua daukate bermeotarrek.
22:00ak puntu-puntuan eman zioten hasiera aurtengo jai nagusiei, eta hori egiteaz arduratu zen atzo Bermeoko Herri Babesa; zeinu mintzairarako interprete batek ere azaldu zuen atzo balkoitik esandakoa, gorren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonen “inklusibitatea bermatzeko”. Prozesu parte hartzaile baten bitartez, herritarrek erabaki zuten eurak izatea pregoilariak, eta konfiantza hori eskertu zieten bermeotarrei: “Oso pozik gaude bermeotarrengandik jasotako esker ona eta akordua ikusita. Txupina jaurtitzeko prozesu parte hartzailean izendatutako lehen taldea izatearen sari hori zuei zor dizuegu; zuei eta zuek gugan jarri duzuen konfiantzari”. Herri Babesa izan zen atzokoan, herriaren babesa jaso zuena.
Erabat boluntario eta altruista den jendeak osatzen du taldea, eta gerta daitezkeen unean uneko arazoei irtenbidea emateko sortu zuten duela 31 urte. Hain zuzen ere, euren ibilbidean taldearen parte izan direnez ere gogoratu ziren pregoian.
Euren lana “beharbada” ez dela asko ikusten esan zuten, “isilean” egiten den lana dela azpimarratuz, baina edozein arazori aurre egiteko prest daudela adierazi zuten: “Iaz, adibidez, 243 esku hartze izan genituen. Larregi, aukeran. Izan ere, guk esku hartuz gero, beste norbaitek arazoren bat duelako da. Horregatik, zifra hori ahalik eta gehien jaistea nahiko genuke. Horretarako, prebentzioak eta arduratsu jokatzeak duen garrantzia azpimarratu gura dugu”.
Hala, jaiak bakean, pozez eta lasaitasunez gozatzeko deia egin zuten. “Sor ditzagun esparru seguruak, eta gogoratu, edozein esparrutan, ez beti dela ez!”, oihukatu zuten.
Herri Babesakoen hitz hartzea eta gero, Nadia Nemeh alkatea lehenengoz zuzendu zen herritarrengana udaletxeko balkoitik: “Inoiz baino ilusio handiagoagaz hasten ditut aurtengo jaiak. Eskerrik asko Bermeo”. Ile horiaren ondorik, jaiez “askatasunean gozatzeko” deia egin zuen Nemehk. “Jai hauek izan daitezela askatasunean bizitzekoak, erasorik gabekoak eta erasotzailerik barikoak”, argi esan zuen.
Gainera, jaiak antolatzen lan egin dutenei esker ona adierazi zien, eta festetan lanean ariko direnei eta ostean beharrean ariko direnei ere bai: “Ekinez lortuko ditugu jai herrikoi eta parte hartzaileak, eta, horretarako, denok gara beharrezkoak”. Ez zituen ahaztu gura izan arrazoi ezberdinengandik herritik jaietan egongo ez direnak, “dela pandemiak eroandakoak, dela gaixo daudenak, dela ideia politikoengandik herritik kanpo daudenak”. Horiek ere “etxean gura” dituztela esan zuen alkateak. Era berean, lanagatik itsasoan edo herritik kanpo daudenak ere gogoratu zituen: “Horiek denak ere gaur Goiko plazan egotea gura dugu, jai hauek aurrera ateratzeko denok garelako beharrezkoak”.
Euskararen beharra azpimarratzeko berbak ere izan zituen Nemehk, eta euskara erabiltzera dei egin zien herritarrei: “Jai honetan ere, ez utzi alde batera gure izaera. Bermeon beti entzun dugu bermeotarrak bereziak garela, desberdinak garela, ba erakutsi dezagun nongoak eta zelakoak garen. Eta hori euskarak erakusten du hoberen. Euskarak ematen digulako izaera, euskarak ematen digulako berezitasuna. Zeregin honetan ere, danok gara beharrezkoak. Eta ez ahaztu: elkarreri jan musturrek bermiotarrez”.