Andramariak hamaika ekimenez josita datoz
Andra Mari eguna ospatzen dabiltza gaur [irailak 8] eskualdeko hainbat udalerritan. Eskaintza zabalagaz datoz Andra Mari jaiak. Herri bazkariak, txapelketak eta musika izango dira protagonista nagusiak hainbat txokotan ospatuko dituzten jaietan.
Andra Maria eguna data berezia izanik, hamaika txokotan ospatzen dituzte jaiak Busturialdean; Gorozikan, Kanalan, Muruetan eta Nabarnizen.
Bermeon, atzo hasi zituzten festak, eta irailaren 16ra bitartean, mahoizko arropak kendu barik ibiliko dira bermeotarrak. Xixiligaz parranda botatzeko aitzakiarik ez dute falta, baina tradizioari jarraiki, Almikara hurbildu dira gaur eguerdian.
Ohitura den modura, meza entzun dute eta protokoloak agintzen duen ekitaldia izan dute, gero. Hala, ohorezko aurreskua dantzatu du udalbatzak eta Bermeoko Erraldoien Konpartsen ekitaldiaz gozatu dute. Gainera, Xixiligaz argazkiak ateratzeko eta ilehorian ileak hartzeko denbora ere izan dute, “zorte ona dakarrela sinetsita”.
[ANDRA MARI EGUNEKO ARGAZKI GALERIA]
Andramariak jai egun handiak dira nabarniztarrentzat, eta aurten ere, denetariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute herrian. Tradizioari jarraituta antolatu dituzte festak, ohiko dantza ikuskizun, pilota partidu edota umeen jolasekin. Atzo hasi zituzten, alkatearen pregoia entzun ostean. Gaur, berriz, Andra Mari Eguna denez, mezan eta hamaiketakoan elkartu dira bizilagunak, eta txantxiku txapelketa lehiatu dute goizean. 16 pertsonak parte hartu dute lehiaketan, eta denen artean trebeena izan da Estibaliz Urzaa, berak jantzi baitu onenaren txapela.
Arratsaldean, berriz, mus eta briska txapelketak jokatuko dituzte. Umeentzako jolasak frontoian egingo dituzte, eta musikak hartuko du horien lekukoa. Txopet, Kokein eta Zutik erromeriaren doinuez gozatu ahalko dute Nabarnizera bertaratzen direnek.
Aurten, herriko plaza izango da jaien erdigunea. Izan ere, eguraldia lagun ez izatearen beldur, karpa handi bat jarri dute bertan antolatzaileek, 10×30 metrokoa. Ez dela gaurko kontzertuetarako bakarrik izango adierazi dute udal arduradunek, biharko herri bazkaria ere bertan egingo dutelako; azken urteetan frontoian egin ohi izan dute. Gainera, inoiz baino jende gehiagok izena eman du: mozorrotutako 150 lagun elkartuko baitira bertan; hain zuzen ere, 121 nagusi eta 29 ume batuko dira bertan. Normalean 100 lagun inguru elkartzen gara herri bazkarian, baina aurten ezustekoa izan dugu”, zehaztu dute.Ā
Gorozikan, eguerdian jaurti dute txupina jaiei hasiera emateko. Puntako esku pilota zein zesta-punta partiduak izango dira bihar eguerdiko hitzorduak; Beaskoetxea, Urrutia, Mikel GoƱi eta Agirre egongo dira tartean. Gauean, berriz, mahai inguruan batuko dira afari herrikoiagaz gozatzeko. Domekan, berriz, briska txapelketa, eta txokolate jana izango dituzte.
Muruetarrak eta egitarau bete betea dute astebururako. Gaur eguerdiko meza ostean, huts egin ezinezko Bolo Txapelketa jokatu dute. 48 pertsonak izena eman dute, eta Ana geratu da txapeldun. Mikelentzat izan da bigarren saria, eta Eugeniarentzat hirugarrena. Jarraian, errifaren zozketa egin dute.
Paella txapelketa, tortilla txapelketa eta briska txapelketa izango dira biharko hitzorduak. Gainera, bertso saioagaz gozatzeko aukera eskainiko dute ilunabarrean. Domekan, berriz, Urdaibai Dantza Taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da eguerdian, eta arratsaldean, mus txapelketa.
Kanalan mahai inguruan bilduko dira gaur gauean, herri afariagaz gozatzeko. Bihar, mozorro desfilea eta musika izango dira protagonistak: Txoriburu Produktions eta Euskal Rockmeria. Domekan, berriz, txapelketen eguna izango da: tortilla eta paella txapelketak bereganatuko dute arreta. Eta, Arratsaldean, pilota partiduez gozatzeko aukera egongo da.Ā