Alfabetatzetik DBH titulura arte
Aurtengo ikasturtea hastear dagoen honetan, CEPA Gernika-Lumo HHI Ikastetxean ere laster hasiko dute ikasturtea hainbat helduk, hezten hasi edo jarraitzeko asmoz.
Badira 37 urte, 1986tik, hain zuzen ere, CEPA Gernika-Lumo HHI Ikastetxea helduak hezteko lanean dabilena. Lea-Artibai eta Busturialdeko lau herritan dago ikastetxea: izena ematen dion Gernika-Lumon dauka eraikin nagusia, eta gainontzekoak Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan daude.
Matrikulazio epea zabalik dago irailaren 15era arte, eskaintzen dituzten graduetan edo hizkuntza nahiz digitalizazio ikastaroetan izena emateko.
Hiru dira hain zuzen ere eskaintzen dituzten graduak, ikaslearen ezagutza mailaren arabera sailkatzen direnak.
Lehenengo gradua alfabetatze maila da, eta Pablo Fernandez ikastetxeko zuzendariak eta Mare Leniz ikasketa buruak adierazi dutenez, maila horretako gehienak etorkinak dira. Astean hamabi ordugaz, idazten, irakurtzen eta oinarrizko matematika egiten ikasten dute: «Lehen mailan ez dago ikasgairik, eta dena ondo joanez gero, bi urtean amaitu dezakete».
Bigarren maila lehenegoaren jarraipena da: «Irakurtzen eta idazten ikasi ostean, aurrera jarraitzea da helburua, DBHko titulua atera arte». Maila horretan ere badaude atzerritarrak, baina baita bertokoak ere: «Bere garaian ikasketak utzi behar izan zituztenak, eskola ziurtagiririk ez dutenak… eta baita erretiratu ostean burua martxan jarri nahi dutenak ere».
Bakoitzak bere erritmora. Ikasten hasi edo jarraitu nahi duen edonorentzat zabalik ditu ateak beraz, CEPA Gernika-Lumo HHI Ikastetxeak. Bigarren maila hiru eremutan banatzen da, astean hamabi ordugaz. Eremu guztiak batera ikasi ditzake nahi duenak, baina badago aukera ikasgai bat edo bi soilik hartzeko ere: «Bakoitzaren beharretara egokitzen gara, malgutasunagaz, pixkanaka DBHko titulua atera dezaten». Horrez gain, ikasgaiak baliozkotzeko aukera ere badago: «Institututik datorren norbaitek matematika gaindituta edukiko balu, hemen ez luke egin beharrik edukiko».
Azkenik, hirugarren gradua DBHko titulu ofiziala eskuratzeko ikasketak dira. Bigarren gradutik datozen ikasleez gain, beste ikasle batzuk ere etortzen dira: «Batez ere institututik datozenak eta amaitzea lortu ez dutenak. Horrez gain, garai bateko 8.mailara arteko ikasketak dituztenak ere etortzen dira, esate baterako».
Bigarren mailan bezala, hemen ere hiru eremu daude, eta ikaslearen beharretara moldatuz, bakoitzak nahi dituenak aukeratu ditzake, DBHko titulua ateratzeko guztiak gainditu behar diren arren.
Astean hamabost ordugaz, hirugarren graduko lehen eta bigarren moduluak (lehen urteko irailetik ekainera egin daitezke) Gernika-Lumon egin daitezke, eta hirugarren eta laugarren moduluak berriz, Gernika-Lumon nahiz Ondarroan. Lehen eta bigarren graduak aldiz, lau herrietan egin daitezke.
Fernandezek eta Lenizek nabarmendu dute helburua DBHko titulua ateratzea dela, eta CEPA Gernika-Lumo HHIn lortzen den DBH titulua beste edozein institutuan lortzen den DBH titulu bera dela. Horrez gain, azpimarratu dute ikasle bakoitzak bere erritmora atera dezakela titulua: «Ikasle baten ibilbidea luzeagoa edo laburragoa izan daiteke, gaitasunen eta duen denboraren arabera. Pertsona bakoitzarengana egokitzen saiatzen gara». Iaz, esaterako, 30 ikasle inguruk lortu zuten DBHko titulua.
Hizkuntza ikastaroak. Munduko lurralde askotako jendea etortzen da Euskal Herrira, eta baita CEPA Gernika-Lumo HHI Ikastetxera ere: «Errumania, Filipinak, Nepal, Sahara… Senegaldarrak ere asko daude, Ondarroan, adibidez. Oso giro ederra sortzen da ikasle guztien artean». Kanpotik datozen horien beharrei erantzuteko asmoz, euskara eta gaztelania ikastaroak ere eskaintzen dituzte: «Gaztelania ikastera hilero sartu daiteke jendea, hileko lehen bi lanegunean izena emateko aukera zabaltzen dugu eta. Jende asko etortzen da kanpotik, eta horregatik zabaltzen dugu izen emate epea hilabetero, behar horri erantzuna emateko».
Gaitasun digitalak. Aurten lehenengoz, Europako Batasun Kontseiluko diru-laguntza jaso dute gela berri bat egin, eta Gaitasun Digitala izeneko ikastaroa eskaintzeko: «Bi maila egongo dira, eta ikasleak digitalki trebatzea da helburua. Egunerokotasunean beharrezkoak diren eragiketak egiten ikasiko dute, esaterako, Osakidetzaren webgunea erabiltzen edo bankuko eragiketak egiten».
Ikasketak baino gehiago. DBHko titulua lortu, nahiz hizkuntza ikastaroak egiteaz gain, Fernandezek eta Lenizek azpimarratu dute «autoestima gorakada» ere badela ikasleentzat: «Urte askotan ikasi barik egon diren asko etortzen dira. Batzuk pentsatzen dute ikasle txarrak direla, edo ez direla ikasteko gai, baina ikasturtearen amaierarako konturatzen dira beraiek ere balio dutela ikasteko, eta DBHko titulua eskuratzea lortzen dute». Horrez gain, gaztelania ikasteko ikastaroan izena ematen dutenek euskara ikastea ere eskatzen dute: «Etorkinek ikusten dute bai Lea-Artibairen eta baita Gernikan bertan ere euskara beharrezkoa dela, eta beraz, integrazio tresna ona ere bada eskaintzen dugun euskara ikastaroa».