Bermeora ailegatuko da Hazitoki Topaketa
Zirku jardunaldi inklusiboa domekan [irailak 10] ospatuko dute Bermeon, eta azaroan, berriz, Gernika-Lumon.
Aurreko bi urteetan Gernika-Lumon egin zuten Hazitoki Topaketa, eta, oraingoan, Bermeon ere izango da hirugarren edizioa. Domeka honetan [irailak 10], 11:00etatik aurrera askotariko jarduerak eskainiko dituzte Erriberan (euria izanez gero, San Frantzisko Herri Ikastetxean): “Ekitaldiak pertsona guztientzako ekintza egitarau zabal bat izango du; jardunaldi inklusiboa antolatu dugu oraingoan ere, Hazitoki proiektuaren funtsa kalera ateratzeko asmoarekin”.
Izan ere, arduradunek gogora ekarri dute Hazitoki Topaketaren helburua dela “zirkua egiten duten eta behar bereziak dituzten pertsonen eta Hazitoki elkartearen lana erakustea”. Era berean, jardunaldi solidarioa ere bada, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den Hazitoki proiektuarentzako dirua ateratzeko ere badelako: “Hori posible egiteko, hainbat puntu solidario egongo dira, eta jasotako dirua proiektuan parte hartzen duten monitoreen soldatak ordaintzeko eta materiala egokitzeko erabiliko da”. Hazitoki Topaketak antolatu ahal izateko daukaten laguntza eskertu eta azpimarratu dute.
Jarduerak. 11:00tatik 13:30tara umeen txokoa, globoflexia, aurpegi margoketa eta zirku tailer inklusiboa eskainiko dituzte, eta 16:00etatik 19:00etara, berriz, eskulanak, Zuresku egur-jolasak eta zirku erakustaldia. Ekintzak doakoak izango dira, eta hainbat monitore espezializatu egongo dira, behar bereziak dituzten eta beharrizana duten pertsonei laguntzeko.
Egitaraua:
- 11:00. Globoflexia eta umeen txokoa.
- 11:30. Aurpegi margoketa eta zirku tailerra.
- 16:00. Eskulanak eta Zureskuren egurrezko jolasak.
- 17:30. Hazitoki Gala.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, azaroaren 12an Gernika-Lumon ospatuko dute zirku jardunaldi inklusiboa.
Proiektua. Zirkugintza Kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolak sortutako zirko bidezko gizarteratze proiektua da Hazitoki. Gaur egun, arte eszenikoetan pertsonen integrazioaren alde lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko Hazitoki elkarteak kudeatzen du proiektua, “jolas eta kultura lengoaia konbinazio berriak sortuz, pertsona guztiak, haien gaitasuna edozein dela ere, arte eszenikoetan barneratu eta integratzearen helburuarekin”. Zirkua gizarteratze tresna bezala erabiliz, ikasleen arteko harremanak bultzatzen dituzte Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan.