"Arrakastatsuak" izan dira Izarrako jaiak
Umeak dira Izarrako jaietako protagonista nagusiak, haiei bideratuta egoten dira ekintza gehienak, eta parte hartze handia egon da aurten ere.
Urtez urte hobetzen joan diren jaiak dira KIETB (Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeo) konpartsako gazteek antolatzen dituzten Izarrako jaiak. Ilusioa eta gogoa jarrita iritsi dira zortzigarren Izarrako jaiak ospatzera, eta beste behin ere “arrakastatsuak” izan direla aipatu dute antolatzaileek.
Antolatzaileak “pozik” geratu dira aurtengo jaiekin, nahiz eta “urduri” ere egon diren. Euren balorazioa positiboa bada ere, Izarrako jaietan parte hartu dutenen balorazioa ere jakin gurako luketela adierazi dute: “Egia da guregana hurbildu direnen balorazioa oso ona dela, eta eskerrak ematera hurbiltzen direla asko”. Uste dute jendea gustura egoten dela, jaiek irauten duten hiru egunetan aurpegi berdin asko ikusten dituztelako; “seinale ona da”.
Umeak dira Izarrako jaietako protagonista nagusiak, haiei bideratuta egoten dira ekintza gehienak, eta parte hartze handia egon da aurten ere. Egunik eta jendetsuena, jaietako azken eguna izan zela diote [irailak 1, barikua]: “Jendez gainezka egon zen Izarra, gutxitan ikusten da Izarra hainbeste jendegaz”. Bariku goizean buruarinen tailerra egin zuten; tailerra bete egin bazen ere, jarritako ordua baino beranduago agertu zirenak egon zirela diote: “Tailerra 11:00etan hasten zen eta 12:00ak igarota hurbildu ziren batzuk. Kanpotik etorri ziren tailerra ematera, eta ordua, ordua da”. Bigarren eguneko goiza ere “gustuko” dute, kalez kale ibiltzen baitira erraldoiekin, eta “izugarrizko giroa” sortzen dute herrian.
Saiatzen dira “gauza desberdinak” egiten eta urtez urte “hobetzen”. Hobetzea da KIETBren helburua, baina “gero eta zailago” daukatela diote. Jaiak hasi aurreko egunak “estresagarriak” izaten badira ere, “merezi” duela aipatu dute.
Aurten, gainera, lehenengoz Bermeoko Udalaren diru laguntza izan dute, eta udal arduradunen bisita ere izan zuten jaietako lehenengo egunean. Herri Babesako boluntarioen laguntza ere eduki dute.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Atsedena hartzeko denborarik barik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jarduerak prestatzen dabiltza. Aurten, hiru ekintzatan izango dira. Irailaren 8an (barikua), 13:00etan hasita, Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz kalejiran ibiliko dira Alde Zaharretik. Irailaren 10an (domeka), berriz, Bermeoko I. Erraldoi txiki eta ertainen bilkura egingo dute. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroakoa konpartsek parte hartuko dute; 30 erraldoi inguru batuko direla zehaztu dute. Izarratik hasiko dute kalejira, hori baita euren erreferentziazko gunea, eta ondoren Alde Zaharretik ibiliko dira, Lameran amaitzeko. Azkenik, irailaren 15ean (barikua), azken urteetan egin modura, danborradan parte hartuko dute.