25 bikotek lehiatu dute Eako Pala Txapelketa
Uztailaren 15etik irailaren 3ra bitartean lehiatu dute IV. Eako Binakako Txapelketa. Eako, Elantxobeko eta Ibarrangeluko bizilagunek parte hartu dute.
Aurrekoetan ez bezala, lau kategoria eduki dituzte aurten, bikote mistoen kategoria ere lehiatu baitute, eta txapelketaren “balorazio ona” egin dute antolatzaileek. Kategoria mistoan eta gizonezkoenean seina bikote aritu dira, emakumezkoenean lau eta umeenean bederatzi: “Dena ondo joan da. Adibidez, hamazortzi umek parte hartu dute eta kategoria mistoan sei bikote egon dira, senar-emazteek, anai-arrebek edota ama-semeek lehiatu dute. Mistoan denetarik eduki dugu, oso ondo egon da”.
Irabazleak. Oihana Laresgoiti ta Asier Laresgoiti neba-arreba eatarrak nagusitu dira kategoria mistoan. Argi Zameza ta Bego Azpiazu elantxobetarrak izan dira nesken txapelketako irabazleak eta Unai Zabala ta Liher Arrizabalaga eatarrak mutilenetakoak. Umeetan, berriz, Liher Laresgoiti ta Beñat Naberan izan dira txapeldunak.
Ane Agirre antolatzaileak esan bezala, udalerrian palari bultzada bat ematea da txapelketaren helburu nagusia, eta emakumeen parte hartzea ere bultzatzen dute: “Umeek emakumeek ere jolasten dutela ikustea nahi dugu”. Oihana Laresgoitik urtero parte hartu du, eta aurten kategoria mistoan zein emakumezkoenean aritu da. “Urtero legez txapelketa ederto joan da. Emakumezkoetan bikote gutxi egon gara, eta gure artean arin joan da txapelketa”. Herriko frontoian txikitatik jolastu izan dutela gogora ekarri du, baina, dioenez, “palagaz gutxi” eta joera handia dago erraketakaz jolasteko: “Agian, hori da jendea atzera botatzen duena, batez ere emakumezkoak. Egundo pala bat hartu ez dutela esaten dute edo ez dakitela gai izango diren. Halako komentarioak eta zalantzak egoten dira”.
Datorren urtera begira, bertako zein inguruko herritarrak txapelketan parte hartzera animatu ditu: “Aurretik palan jolastu nahiz ez jolastu, herritar denak animatzen ditut txapelketan parte hartzera. Ondo pasatzera joaten gara, eta gure artean jolasteko ez da behar palan jolasten jakitea, gogoagaz nahikoa da. Antolakuntza polita dauka, eta, orain, sare sozialen bidez zabaltzen ari da. Hasieran jende askok ez zeukan pala txapelketaren berririk, baina orain herri guztiak badaki, eta inguruko herrietan ere ezagutara ematen ari da, eta ea jende gehiago animatzen zaigun, batez ere emakumeak”.