Indartsu itzuli da Gautegiz Arteagako Gazte Eguna
Eguraldi ona lagun izan dute eta herritarrek plaza hartu dute. Guztira 21 paella aurkeztu dituzte. Gaua luzea izango da Gautegiz Arteagan.
Sei urte behar izan dira Gautegiz Arteagan berriro Gazte Eguna ospatzeko, baina merezi izan du itxaronaldiak. Inoiz baino indartsuago itzuli da. Herriko Gazte Asanbladak gogotik egin du lan azken asteetan eta egun handian ez dute hutsik egin, eguraldia gainera lagun izan dute eta guzti. Azken muntaketa lanak goizetik hasi dituzte, ez bakarrik antolatzaileek, baita paella txapelketako antolatzaileek ere. Eguzkitik babestu beharra zegoen, horregatik batzuek goizetik hartu dute lekua eta beste batzuek, dena ondo prestatuta zutenaren seinale, toldoak ekarri dituzte.
Gazteak, eta ez hain gazteak, baina adina azken batean zenbaki huts bat da, berahala hasi dira paellak prestatzen. Asko zegoen egiteko eta 14:00ak konturatu orduko bertan zeuden. Guztira 21 paella aurkeztu dira. Baina, guztiaren gainetik, giro ona nagusitu da. Denek elkarrekin bazkaldu dute mahaiaren inguruan eta egun osoa igaroko dute batera ekintza desberdinekin. Gainera, egun luzea aurreikusten dute Txoriburu Produkzions eta Zazpizar erromeriaren kontzertuekin.
Egitaraua:
- 16:00: Bertsoak Enare Muniategi eta Janire Arrizabalagagaz.
- Ostean: Jolasak.
- 22:00: Txoriburu Produkzions taldearen kontzertua.
- Ostean: Zazpizar erromeria.
Indarrak gorde. Hain zuzen ere, Gautegiz Arteagako jaiak hasi besterik ez dira egin, oraindik asko dago egiteko. Joan den zapatuan [abuztuak 26] tortilla txapelketagaz hasi zituzten jaiak herritarrak. Guztira 35 tortilla aurkeztu ziren eta giro ezin hobean gozatu zuten. Egitarauan ez dute berritasun askorik sartu, “herriko jaietan betiko ekintzen aldeko apustua egiten da, azken urteetako antzeko ekimenak sartu ditugu”. Adibidez, beste urte batez, zapatuan [irailak 2] pilota jaialdian emakumeak zein gizonak ariko dira, tartean Olatz Arrizabalaga herriko alaba kutuna.
Aurtengo berritasun nagusia domekako [irailak 3] Geure(R)a dantza bertikal ikuskizuna izango da Harrobia konpainiaren eskutik. Duela zenbait urte Janire Etxabek harrobian ‘Harria Herria’ filma grabatu zuen herrian eta irudiak mundu guztitik zabaldu, eta orain frontoian dantza ikuskizuna erakutsiko du.