Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea
Busturialdeak ezin izan du KAE1ko maila mantendu playoffetan. Patxi Egurrola: “Pauso bat atzera emateak ez digu guztiz txarrik egingo, arnasa hartzeko azken urteetan asko sufritu eta gero”.
Azkenean nahi ez zutena eman da, datorren denboraldian Busturialdeak KAE2 ligan lehiatuko du. Zapatuan [abuztuak 26] Colindresen zein domekan [abuztuak 27] Erandion maila mantentzen zuten bi postuetatik urrun aritu ziren, azken postuan bietan. “Zapatuan [abuztuak 26] zorte txarra izan genuen, gu izan ginen haize gehien izan zuen trainerua, helburua okertzen hasi zen azken postu horregaz eta domekan [abuztuak 27] gure mailatik urrun geratu ginen kolpe handia izan zelako aurreko eguneko emaitza”, azaldu du Patxi Egurrolak.
Colindresen eta Erandion laugarren izan ziren, lehendabizikoan Portugalete irabazlearengandik 16 segundora, eta bigarrenean, are eta urrunago, 37 segundora. Horrenbestez, Deustok maila mantentzea lortu du eta Portugalete igo da KAE1era. “Pena handia, itsasoak gure lekuan jarri gaitu. Ez dugu eman espero eta nahi genuen maila, beti egon gara sailkapeneko atzealdean, eta azkenean maila galdu dugu”.
Bi estropadak errekan izateak onik egin ez diela nabarmendu du, gainera domekan [abuztuak 27] Elantxoben izan zen itsaso zakarragaz “aukera gehiago” izango zituztela uste du “hobeto moldatzen garelako horrelako egoeretan”. Egurrolak argi utzi du borrokan jarraituko duela Arraun Elkarteekin datorren urteetara begira playoffetan estropada bana jokatzeko, bat errekan eta beste bat itsasoan.
Arraunlariak “ukituta” daudela aitortu du, baina era berean, egueneko [abuztuak 31] Kontxako banderako sailkapen estropadarako “gogotsu” daudela: “Batzuek ez dute inoiz lehiatu eta beti da berezia Donostian aritzea arraunean, esperientzia pilatzea da helburua. Gainera denboraldiari sentsazio hobeekin esan nahi diogu agur”.
“Alde positiboa bilatu behar zaio, aukera berri bat moduan ikusten dugu, taldea eta proiektua sendotu ostera ere hazteko”.
Maila galduta denboraldiaren balorazioa ezin da ona izan, baina Egurrolak argi du “ondo” aritu direla arraunean, “ligako politenetarikoa esango nuke”, baina agian fisikoa falta izan zaiela, eta “azkenean itsasoan trainerua ez da behar bezain arin joan”.
Erreferente. Hala ere, proiektuak bere horretan jarraituko duela aurreratu du. “Orain atseden hartzeko denbora da eta gero hasiko gara deiak egiten, helburua da aurtengo taldeko ahalik eta arraunlari kopuru handienak jarraitzea eta lagatakoak edo besteren bat ere itzultzea”. Hain zuzen ere, Busturialdeko Arraun Elkarteko helburua da eskualdeko arraunlarien erreferente izatea. “Mundakan eta Elantxoben gazte politak datoz eta hauei aukera gehiago eman nahi dizkiegu, haiek baitira etorkizuna”.
Pauso bat atzera emateak ez digu guztiz txarrik egingo, arnasa hartzeko azken urteetan asko sufritu eta gero. Alde positiboa bilatu behar zaio, aukera berri bat moduan ikusten dugu, taldea eta proiektua sendotu ostera ere hazteko. Honek ez digu gure helburuetatik aldenduko: harrobia lantzen jarraitu”. Hau da, ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea.