Gazte Eguna berreskuratuko dute Gautegiz Arteagan sei urteren ostean
Datorren eguenean [abuztuak 31] gazteen elkargunea izango da herriko plaza egitarau oparoagaz.
Pandemia aurretik ez zen Gazte Eguna antolatzen Gautegiz Arteagan, 2017an izan zen azken aldiz, hain zuzen ere, eta aurten berreskuratu nahi eta ahal izan dute. Jaiak antolatzeko udalak deitutako batzar irekietan parte hartu zuen gazte asanbladak eta “argi” zuten gazteentzako eguna berriro egin nahi zutela hainbat urteren ostean.
“Helburua herriko gazteak elkartzea da, errelebo faltarengatik ez zuen 2016an Gazte Egunak aurrera egin eta honekin ere belaunaldi gazteak ekarri nahi ditugu gurera, herriko jaiak baitira. Horrez gain, zelan ez, jaietako beste egun bat izango da”, esan dute.
Dantza taldearen eta udalaren laguntza izan dute egitaraua antolatzerakoan eta egin beharrak egiterakoan, esate baterako, dirua lortu ahal izateko barra jarriko dute jaietan. Era berean, azken asteetan rifak saltzen aritu dira eta zozketa egingo dute Gazte Egunean Txoriburu Produkzions taldearen kontzertuaren ostean. Esan dutenez, “asko” saldu dituzte eta eskualdeko produktuen bizpahiru otzara zozketatuko dituzte.
Egitaraua:
- 12:00: Paella txapelketa. Izen emateak 12:00ak arte eta aurkezpena 14:00etan.
- 14:30: Paella txapelketako sari banaketa.
- Ostean: Bazkaria.
- 16:00: Bertsoak Enare Muniategi eta Janire Arrizabalagagaz.
- Ostean: Jolasak.
- 22:00: Txoriburu Produkzions taldearen kontzertua.
- Ostean: Zazpizar erromeria.