Umeentzat zuzendutakoak izango dira Bermeoko Izarra auzoko jaiak
Abuztuaren 30etik irailaren 1era arte luzatuko dira herriko txikienentzako ekintzak askogaz.
8. aldiz antolatu ditu KIETB elkarteak Bermeoko Izarra auzoko jaiak, beste urte batez “gogotsu” datozela azaldu dute. Hain zuzen ere, ohi bezala, umeak izango dira jaietako protagonista nagusiak, haientzako bideratuta baitaude ekintza gehienak. Umeei zein familiei bertaratzeko deia luzatu diete. Aurten kartelak jarriko dituzte Bermeoko kaleetan eta bertan, berritasun modura, QR kode bat sartu dute euskeraz zein erderaz egitaraua jaitsi ahal izateko.
Abuztuaren 30ean hasiko dira Izarrako Jaiak, 20:00etan emango diete hasiera ofiziala pregoiagaz eta txupinazinoagaz. “Tradizioa mantendu nahi izan dugu, eta ohi bezala, jaiei hasiera on bat eman”, azaldu dute. Gero, Xixili Txikigaz kalejira osatuko dute Kix-Kix ileapandegira arte, behin amaituta, umeek jaietako pertsonaiagaz argazkia ateratzeko aukera izango dutela esan dute antolatzaileek.
Hurrengo egunean [abuztuak 31] Irakaskintza kalean erraldoi topaketa egingo dute KIETB eta Etxanoko erraldoiak izango dira partaideak. “Iaz Etxanoko konpartsak arrakasta handia izan zuen, umeek asko gozatu zuten, eta horregatik aurten ere errepikatu nahi izan dugu”. Ostean, kalejira egingo dute Goiko Plazara arte. Arratsaldean, berriz, ur globoen gerra egingo dute Izarrako frontoian. Antolatzaileek eskatu dute parte hartu nahi duten gazteek bainu jantzia eramatea. “Euria egin ez gero, bertan behera geratuko da ekintza”. Ostean, behin lehortuta, umeentzako tailer desberdinak antolatu dituzte jolasekin edota aurpegi margozketagaz.
Azkenik, irailaren 1ean, 11:00etan buruarinen tailerra egingo dute. 20 pertsonentzako ekimena izango da bakarrik, hau da, lehendabizi heltzen direnentzako eta KIETBtik esan dute adin txikikoek nagusi bategaz egin beharko dutela tailerra. Arratsaldean Motx pailazoa izango da protagonista, lehenengo kalejira egingo du eta ostean antzerkia erraldoiekin batera.
Amaitzeko, urezko unikornioa aterako dute lehendabizi eta suzko zezena ostean. Azken ekintza honetarako eskatu dute parte hartu nahi dutenek “derrigorrez” kotoizko arropa luzea eta burua estalia eramateko: “Horrez gain, argi utzi nahi dugu debekatuta dagoela suzko zezena bultza egitea”. Izarrako jaiei amaiera emateko, ohi bezala, Xixili Txikiren doluzko ibilbidea egingo dute, ohorezko aurreskua dantzatu eta gero erre.
Aldaketak. Izarrako frontoia izango da ekintzen oinarri nagusia, baina azaldu dutenez eguraldia lagun izan ez gero bestelako tokietara lekualdatuko dituzte ekimenak: “Euria egitekotan eskola publikoko karpan egingo eramango da aurrera egitarau, Aritzatxu bidekoak hain zuzen ere. Buruarinak tailerra, berriz, frontoiko portal azpietan egingo da. Azkenik, euriagaz bertan behera geratuko dira Xixili Txikiren erretzea eta suzko zezena”.