Gozamenerako leku izango da Errenteria
Auzotarren kemen eta ekimenez antolatutako jaiak auzotarren gozamenerako izan ohi dira, eta hori da jai batzordearen helburua, jendeak ondo pasatzea eta jai giroan herritarrei egun atseginak pasatzeko aukera eskaintzea.
Dena prest dago Gernika-Lumoko Errenteria auzoan San Bartolome jaiak goi-goitik ospatzeko. Bost eguneko egitaraua antolatu du jai batzordeak, eta ohiko formula tradizionala eskaintzeaz gain, pauso bat haratago joan dira, eta musikari dagokionez apustu sendoa egin dute; DJak, raperoak eta inguruko rock taldeak izango dira eskainiko duten musika eskaintzaren alor bat. “Aurten musika kontuetan egin dugu apustua, ikuslego ezberdin bati zuzenduz, esparruak zabaldu eta adin tarte gazteagokoei aukerak eskainiz, auzoan geratzeko aukera emateko asmoz. Horrez gain, inguruko taldeen aldeko apustua egin dugu, eta baita auzoko artistari merezi duen tokia eman ere”.
Aurten egituraketari dagokionez aldaketak egin dituzte, hain zuzen ere, abuztuaren 21ean hasiko dituzte jaiak, astelehenean. Martitzenean, ez da ekimenik egingo, eta eguaztenean berriz helduko diote jaiei, zapatura arte. “Aurten antolaketa horrela egin behar izan dugu, arraro xamarra den arren, mareak baldintzatu gaitu, kukañaren ordutegia egokia izateko asmoz”.
Hain zuzen ere, VI. Laida-Errenteria Piragua Zeharkaldia eta kukaña egingo dira, eta horretarako, marearen egoera konkretu bat bilatu behar izaten dute, hortaz, mareak eta ikusleentzako ordutegi egokiak bat egitea bilatu nahian, astelehenean egingo dituzte ekimenak. “Jende asko erakartzen duten ekimenak dira, gure tradizioaren parte dira, hortaz, egituraketa honek merezi izango du”. Laida hondartzan hasiko da eta Errenteriako zubian amaitu. Betiko modura, autobusa jarriko du jai batzordeak Laidara joateko. Zeharkaldirako izena eman behar da Twente tabernan. “Norbere piragua eraman daiteke, baina alokatzeko aukera ere badago”.
Kukaña
Piraguak Errenteriara heltzen direnean hasiko da kukaina. “Partaide bakoitzarentzat 10 euroko dieta egongo da, parte hartzera animatzeko, eta hiru sari egongo dira ikurrina eskuratzea lortzen dutenentzat: 150, 100 eta 50 eurokoak”. Gauean, berriz, auzoko artistaren aldeko apustua egin dute eta Jonan Erreape raperoa oholtzaratuko da, DJ Aldanagaz batera.
Abuztuaren 23an atsedenaldia egin ostean, eguaztenean [abuztuak 24] bueltatuko dira, eta ohiko mus txapelketa lehiatuko dute. Urtero antolatzen dute, eta ezinbestekoa bihurtu da auzotarrentzat. Izena emateko 10 euro jarri beharko dituzte parte hartzaileek, eta hiru sari egongo dira. Ondoren, txupinazoaren unea helduko da, eta jarraian DJ Koet oholtzaratuko da.
Eguenean, beti-betiko ekintzek osatuko dute jaietako egun nagusiko egitaraua: txistularien diana, Gargantua eta euskal dantzen emanaldia. Meza nagusia amaitzean ere kopaua ez da faltako Mertzedeko komentuaren portikoaren aurrean. Horrez gain, kirolak ere lekua izango du, txirrindulari lasterketa egongo baita. Iluntzean, berriz, Xaibor izango da giroa ezartzearen arduraduna.
Barikuan bi izango dira zehaztutako hitzordu nagusiak. Batetik, Errenteriako VI. Estropadak; batelak Oka ibaian neurtuko dira. “Oraindik ez dago baieztatuta nortzuk etorriko diren, baina gazteak izaten dira”. Marea gora aprobetxatuko dute estropada egiteko. “Giro ona izaten da nagusi. Ume zein 10 urtetik aurrerako gazteek parte hartzen dute, eta aurten ere horrela izango da”. Bestetik inguruko taldeen aldeko apustua egin, eta Bermeoko hiru talde izango dira gaueko giroa ezartzearen ardura izango dutenak, Unholy Covers, Kruddo eta Addar taldeen kontzertuak egongo baitira. «Ohiko eskaintzatik atera eta rock estilora bideratu dugu gaua». Ondoren, gaueko ordu txikietaraino jai giroa luzatu nahi dutentzat DJ Welders egongo da.
Azken egunean ere zeregina ez da faltako, hortaz, indarrak gorde beharko dituzte jaiak behar diren moduan amaitzeko. Eguerdian, Aikido Japoniako arte martzialaren erakustaldia egingo dute: “Iaz ere egin genuen, eta ikusita zer nolako erantzuna izan zuen, errepikatzea erabaki dugu”.
Gozamenerako lana
Auzotarren eta gernikarren artean onarpen handia daukan sanbartolomeetako Tortilla Txapelketa ere lehiatuko dute.
10:00etatik aurrera izena eman beharko da. “12:00etan hasiko da txapelketa, baina jendea aurretik etortzen da mahaiak eta aulkiak hartzeko”.
Tortillaren osagaiak sei arrautza eta patatak izan beharko dira, hala ere, nahi duenak tipula gehitu ahalko du. Tortillaren zaporea eta itxura izango dituzte kontuan, eta onena egiten duenak 40 euroko diru saria eta txapela irabaziko ditu. Beste zortzi sari banatuko dituzte, 30 euroko bigarren sari bat, 20 euroko hirugarrena eta 5 euro eramango dituzte laugarren postutik zortzigarrenera arte geratzen direnek. Iluntzean, trikipoteoa egongo da Urrutia Anaien eskutik, eta gauean, berriz, DJ Alexek girotuko du gaua.
Egitaraua prest egonda, gogoa besterik ez da falta ekimenez josita datozen auzoko jaietan ondo pasatzeko. Jai batzordekoek hurbiltzeko eta ondo pasatzeko gonbita egin dute: “Auzotarrak eta gernikarrak gonbidatzen ditugu antolatutako jaietara hurbiltzera. San Bartolome jaiak herritarren gozamenerako antolatzen ditugu, hortaz, jendea gustora egotea da gure helburua, eta espero dugu horrela izatea. Iazko jaiak oso ondo joan ziren, jendea pozik geratu zen, eta aurten ere hala izatea espero dugu”.