Egun eta gau, jai giroan
Uda bete-betean Gernika-Lumoko jai nagusiak egitarau oparoagaz datoz beste behin. Ume, gazte zein helduek askotariko jarduerak dituzte aukeran sei egunetan. Gozatzeko unea heldu da.
Jai batzordeak ohiko errezetagaz ondu du Andra Mari eta San Roke jaietako egitaraua. Jaietako zapia, kamiseta zuria eta praka bakeroak janzteko egunak heltzear daude, eta gernika-lumotarrak gogotsu.
Abuztuaren 12an hasita, sei egunez eta gauez gozatzeko eta gozarazteko hamaika aukera izango dira herriguneko hainbat txokotan. Kirolarien eskutik dator aurtengo pregoia: Gernika Rugby Taldea eta Gernika Sporting, eta jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa den horretan, ume, gazte zein helduak batuko dira oraingoan ere.
Egitarau zabala prestatu dute, aldaketa nabarmenik barik, «betiko eskaintzatik ia dena mantendu» baitute. Adibidez, umeentzat euren txokoa ipintzen dute Foru plazan Urdaibai Eskola Elkartekoek eta San Roketxu eta San Roketxutxu egunetan apar jaiak zuriz bustitzen ditu umeak. Gargantua ere ia egunero irtengo da kalera, eta aurten, San Roke egunez, Oliver eta Liuba magoek txunditzeko ikuskizuna eskainiko diete, Merkatu plazan.
Egunez zein gauez bizi-bizirik egoten dira Andra Mari eta San Roke jaiak, eta gazteentzat txosnagunean estilo askotariko kontzertuak egongo dira aurten ere.
Herritarren eta herriko eragileen inplikazioari eta parte hartzeari esker daude bizirik jaiak, eta horien konpromisoa eta lana ezinbestekoak dira eskaintza zabala bermatzeko. Izan ere, Jai Batzordean eta Txosna Batzordean ordezkaritza daukaten eragileez gain, asko dira egitarauko ekintzen ardura daukatenak.
Sukalki usaina, kaleetan
San Roke egunak, duda barik, sukalki usain eta zaporea dauka Gernika-Lumon. Hala, 21. Sukalki Txapelketa noiz helduko zain daude asko eta asko; 25 urtez azpikoen txapelketaren bederatzigarren aldia izango da. Osagai berdinekin prestatu arren, zeinek bere sekretua eta ukitua ematen dio. Kuadrillek hainbat kaletan banatuta aritzen dira kozinatzen.
Udalerriko zaindariaren eguna jaietako berezienetakoa da, eta egun horretako ohiturazko ekitaldien artean dago, besteren artean, eguerdian egiten duten Ikurrinari omenaldia.
Horren aurretik, Gure Garrafie elkartekon eskutik, Garrafie eta txistorrak dastatu ahalko dituzte Pasealekura hurreratzen direnek. Txakolina, limo-zukua, azukrea eta izotza nahastuz egiten duten edaria da Garrafie, eta berau prestatzen duten bustinezko ontziengatik, garrafengatik dauka izen hori. Noiztik egiten dutenaren data zehatzik ez badago ere, “gutxienez mende bateko tradizioa bada, eta baserrietan egiten omen zen”.
Andra Mari Eguneko goitibehera jaitsiera ere jaietan «errotuta» dago, eta familia eta lagun talde askoren ikusmina pizten du, ume, gazte zein heldu. Beste urte batez, Euskal Inertzia Koparako puntuagarria izango da Gernika-Lumoko proba. 41. urtea beteko du jaitsierak.
Bestalde, herri kirolek ere lekua izaten dute egitarauan, eta aurten, Euskadiko Harri Jasotze Txapelketak jokatuko dituzte. Emakumezkoen kinttopekoen kategorian–21 urtez azpikoak–, Olaia Esnaola, Udane Ostolaza, Naroa Arruti eta Maddi Gesalaga lehiatuko dira. 50 kiloko zilindroagaz eta 50 kiloko kuboagaz ariko dira; harri bakoitzagaz hiru minututan ahalik eta altxatze gehien egin beharko dituzte.
Gizonezkoen harri txikien kategorian, berriz, sei kirolari ariko dira zein baino zein gehiago: Hodei Iruretagoiena, Iñigo Eizagirre, Mikel Lopetegi, Paulo Azpiazu, Claudiu Vazga eta Iraitz Arruti. Horiek 100 kiloko bolagaz, 112,5 kiloko kuboagaz, 125 kiloko zilindroagaz eta 125 kiloko errektangularragaz lehiatuko dira, eta harri bakoitzagaz hiruna minutu ariko dira.
Bidebusa, gauez
Beste urte batez, udalak, Berdintasun Sailak bultzatuta, Bidebusaren gaueko zerbitzua jarriko du martxan jaietan; doakoa izango da.
Abuztuaren 12tik 17ra, 22:00etatik 06:00etara bitartean, orduroko zerbitzua izango da, honako ibilbideagaz: Autobus geltokia, Ospitalea, Lorategieta, Errenteria, Tiloak, Villa Argentina, Seber Altube, Allende Salazar, Hilerria, Iturriondo, Mestikabaso, Araba kalea eta Lurgorri geltokia.
Emakumezkoek tarteko geldialdi bat eskatu ahalko dute, “etxetik ahalik eta gertuen jaisteko”. Horretarako, gidariari aurretiaz jakinarazi beharko diote non jaitsi gura duten. “Zerbitzuagaz herriko jaietako gauetan ibilgailu partikularraren erabilera murriztu nahi da eta udalerriko bizilagun guztientzat segurtasun handiagoa lortu. Hori guztia emakumeek berdintasunezko espazioetan gehiago parte har dezaten eta txerta daitezen, dibertsitatera eta aniztasunera irekita, bereizkeriazko eta irainezko jardunik gabe”, azaldu dute udaletik.
Informazioa gunea
Era berean, gogoratu dute “indarkeria matxistarik gabeko jaiez gozatzeko”, indarkeria sexisten aurkako informazio gunea ipiniko dute Saraspe plazan.
Abuztuaren 12tik 17ra, 19:00etatik 22:00etara, gunera doazenek «zalantzak argitzeko eta bizipenak, iritziak eta interesak partekatzeko aukera edukiko dute, eta emakumeei euren burua defendatzeko dituzten baliabideen berri emango diete».