"Boluntario guztiek egiten dute Gernika Rugby Taldea berezi"
Abuztuaren 14an, 20:45ean, Andra Mari eta San Roke jaiei hasiera emateko pregoia ematen egongo dira Gernika Rugby Taldeko ordezkariak, Gernika Sportingekoekin batera.
Zelan hartu zenuten pregoilari izatearen berria? Espero zenuten?
Iker Olaeta: Poztasunez hartu dugu proposamena. Herriko jaien pregoilari izatea garrantzitsua da. Taldearen 50. urteurrena ospatzen gabiltza aurten, eta hau ondo datorkigu taldearen izena gehiago zabaltzeko. Pozik bai, baina urduri ere bagaude. Ez genuen espero ez; Iñakik deitu zidan, eta txantxetan ari ote zen galdetu nion.
Iñaki Uribe: Sorpresa izan da, eta oso pozik gagoz. Udalari eskerrak eman gura dizkiogu pregoilari izateko aukera eman izanagatik.
Zein da pregoian zabaldu gura duzuen mezua?
I.O: Egia esan burukoarekin buelta pare bat eman behar ditut oraindik ere. Ondo pentsatu gura dut zer den esan gura dudana, zer edo zer polita izatea gura dut eta.
Norbaiti eskainiko al diozue, edo norbait izango al duzue buruan?
I.O: Gernika Rugby Taldearen 50 urteetan boluntario modura lan piloa egin duten guztiak izango ditugu kontuan. Azken finean, klub amateurra gara, eta jende asko dago bere familiak eta bere bizitzako gauza asko alde batera uzten dituena klubean laguntzeko, bai jolasteko eta baita ere antolaketa lanetan ibiltzeko. Hori da kluba berezi egiten duena, beraz, boluntario guztiak izango ditugu kontuan.
I.U: Ezin gara banan-banan eskerrak ematen hasi, modu horretara aukera dagoelako norbait ahazteko.
Taldearen 50.urteurrena ospatu zenuten maiatzean. Txupina jaurtitzea ospakizunekin jarraitzeko beste aukera bat al da?
I.O: Bai, noski, 50.urteurreneko ospakizunei amaiera borobila emateko aukera da.
I.U: Ospakizunak amaituko ditugu Gernikako jaietako txupina jaurtita.
Gernika Rugby Taldeak modu aktiboan parte hartzen du urtero jaietan, ezta?
I.U: Hala da bai. Erraldoiak eta buruhandiak ateratzen ditugu, eta txosna ere jartzen dugu. Gainera, jaietako programa ere banatu dugu. Gernika-Lumoko Udalak jendea behar baldin badu, guri esaten digu, eta gurean beti daude boluntarioak prest. Modu horretara, gainera, diru apur bat ere jasotzen dugu, eta beti da ongi etorria.
Zein da zuentzako Andra Mari eta San Roke jaietako egunik bereziena?
I.O: Bezperada esango nuke. Jaietako lehenengo eguna da, eta gogo handiz hartzen da. Goizean goiz ateratzen gara kalera, denak zuriz jantzita. Hori ikustea oso polita da, eta herriarentzako kristoren eguna da.
I.U: Nik ere bezperada esango nuke, baina San Roke Eguna ere asko gustatzen zait, Sukalki Eguna baita. Kuadrilan batzen gara sukalkia egiteko.
Zeintzuk dira Gernika Rugby Taldeak eskaintzen dituen baloreak?
I.U: Errugbiaren baloreak dira eskaintzen ditugunak: konpromisoa, elkartasuna eta aurkariarenganako errespetua. Askotan jendeak ez daki errugbian ohikoa den hirugarren denbora zer den. Aurten, esaterako, jokalari berri batzuen gurasoei azaldu genien partidua amaitzerakoan jokalariek eskua eman behar diotela arbitroari, eta talde bateko zein besteko jokalariak txalokatuz pasilloak egiten ditugula… Harrituta geratu ziren, gauza horiek ez direlako beste kirol batzuetan ikusten. Joko gogorra egiten baldin badute ere, partidua amaitu eta berdin da zelaian zer gertatu den. Etxeko taldeak aurkaria gonbidatu beharra dauka merienda edo hamaiketako batera. Horiek dira zabaldu behar ditugun baloreak. Gaur egun, gauza asko ikusten ari gara beste kirol batzuetan. Errugbian ez dago gurasoen arteko borrokarik zelaietan, eta publikoaren artean norbaitek jokalariren bat iraintzen baldin badu, publikoa bera da zarataka hasten dena eta isiltzeko agindua ematen duena. Jokalarien artean errespetua eta elkartasuna dago, eta hori da garrantzitsuena. Hemen ez du balio jokalari bakarrak jokatzea, errugbian jokalari guztiak dira beharrezkoak, batera lan egin behar dute.
Errugbiak bere lekua eginda dauka Gernika-Lumon, ezta?
I.O: Jende asko mugitzen du gurean errugbiak, 500 bazkide inguru gara. Taldearekiko oso leiala den jendea daukagu, eta espero dugu horrela jarraitzea eta gehiagora ere joatea.
Zer moduz doa harrobia?
I.O: Aurten inoiz baino jende gehiago etorri da taldera. Beste pauso bat eman dugu, baina ea jende gehiago animatzen den.
I.U: Txikietan futbola da arrakastatsuena. Hala ere, Gernikan ugaria da kirol eskaintza, saskibaloia dago, igeriketa, atletismoa… Uste dut Gernika-Lumoko Udalak udalerriak eskaintzen dituen kirol aukerak sustatu beharko lituzkeela. 14.000 biztanle inguruko herri bat gara, eta goi mailako kategoriatan bi talde dauzkagu herrian. Ez dago Euskal Herrian ez eta Espainiako Estatuan ere horrelako udalerri bat, eta ez dute sustatzen.
Etorkizuna zelan ikusten duzue?
I.O: Herri txiki bat gara eta diru aldetik, lehenengo mailan egotea ez da erraza izaten. Hala ere, espero dugu datorren denboraldian bigarren mailan kanpaina oso ona egitea, mailaz igo eta bi urte barru lehenengo mailan egon ahal izateko. Gure aurkariek 25 jokalari profesional izaten dituzte, guk, ostera, asko jota 13 izaten ditugu. Kirola eta bizitzak uztartu behar ditugu. Errealitateak gure lekuan jartzen gaitu.
I.U: Ez da erraza, baina hori da gustatuko litzaigukeena. Badaude 16 eta 18 urteko jokalari onak, baina batzuek alde egiten dute arrazoi desberdinengatik. Laguntza beharrezkoa daukagu, ezin ditugu gauza asko egin diru barik; ate guztiak jotzen ditugu.