«Laguntza eskatu aurretik ez nuen disfrutatzen pilotan jolastean, eta azken urte hau oso ona izaten ari da, asko ari naiz gozatzen»
Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarra gelditu barik dabil uda sasoian. Aurten, besteak beste, Erakundeen Munduko Txapelketa lehiatu du Euskal Selekzioagaz, Uxue Osesekin batera bikotekako txapelketa garrantzitsuena ere irabazi du, Master Laboral Kutxa. Gainera, Estatu Batuetan ere egon da jokatzen udan, eta zapatuan Gasteizeko Mastersa 22-10 irabazi berritan hartu du elkarrizketan hitz egiteko tartea.
Nolakoa da zure egunerotasuna?
Goizetan Egokitze Fisikoko gradu bat ikasten nabil online, arratsaldetan, umeak entrenatzen ditut egunero, eta gaba alderantza, nire entrenamendua egiteko momentua izaten da, eguna nahiko beteta izaten dut. Orain, udan, partidu gehiago izaten dira urtean zehar baino, astean zehar eta asteburuetan ere izaten dira. Egia da goizak libreago ditudala, baina kirol apur bat egiteko aprobetxatzen dut, neguan hartutako erritmoa ez galtzeko. Askatasun gehiago daukat alde horretatik, hala ere, partiduekin topera ibiltzen gara.
Zelan hasi zinen zu esku pilotan?
7 urterekin hasi nintzen Gautegiz-Arteagako klubean. Izan ere, frontoia bazegoen, baina klubik ez eta nire aitak sortu zuen nire nebak pilotan jolasteko. Nik ikusten nuen nire neba gustora ari zela, nire gelako batzuk ere joaten zirela eta probatzea erabaki nuen. Azken finean, beti izan da nire txikitako kirola, disfrutatzeko kirola. 14 urterekin egia da utzi egin behar izan nuela, emakumerik ez zegoelako eta txapelketarik ere ez niretzako. 5 edo 6 urtez plan aritu nintzen, baina nik pilota nahi nuen, nire kirola zen. 14 urterekin enuen usteko, orain, 26 urterekin, ia-ia erdi profesional izango nintzela, honetara dedikatzen naizela ez dut esango, dirurik ez baitut irabazten eta ezin baitnaiz pelotatik bizi. Hala ere, ia profesional izate hori niretzako gozada bat da.
Zer ematen deutsu kirol honek?
Nik uste dut pilota… pilota barik ni beste pertsona bat izango nintzateke. Asko eman dit, lagun asko eman dizkit, bizitzeko modu bat. Ordu asko pasatzen ditugu, kirol hau daukagu buruan uneoro eta honen arabera egiten dugu bizia. Sakrifizio asko daude, baina gustatzen zaidan kirola da eta lagun oso on asko eman dizkit, asko nago eskertzeko.
Uxue Osesekin batera bikotekako txapelketa garrantzitsuena irabazi duzu aurten, Master Laboral Kutxa. San Ferminetako Torneoan ere egon zara, Gasteizeko Mastersa irabazi berri duzu asteburuan… Zelan doa uda? Zelan sentitzen zara?
Oso ondo sentitzen naiz. Joko aldetik nahiko fresko ikusten naiz, binakako txapela irabazi nueneko erritmo hori mantenduz. Egia da, hor eskuetatik nahiko txarto ibili nintzela, baina nire helburua zen udara errekuperatuta heltzea partidu asko eta txapelketa polit asko egoten direlako, eta oso ondo ari naz, nahiko uda ona izaten ari da. Abuztua gogorra izango da, baina giro oso onean jolasten ditugu udako partiduak orokorrean eta gogotsu nago.
Estatu Batuetan ere oraintsu egon zara, Torneo International Basque Country deituriko lau terdiko txapelketan, Boisen, Hiru Hiriburuak txapelketako beste finalistekin batera. Nolakoa izan da esperientzia?
Sekulako harrera egin digute, lehen aldia zen emakume pilotariak joaten ginena jolasten, eta egia da, Euskal Herriko eta diasporako jende asko zegoela eta pilota ezagutzen zutela, baina beste askok ez. Inoiz pelota ikusi barik egon dira, eta zerbait berezia izan da beraientzat jokoa ikustea, eta gainera, neskak izatea pilotan ari zirenak. Jolastu genituen partida guztietan frontoia bete egin zen, jendea txaloka zutik jartzen zen eta partiduak ere oso onak egin genituen. Sekulako esperientzia izan da eta gogoekin nago berriro Hiru Hiriburuak txapelketa ondo egin eta Estatu Batuetara bueltatzeko.
Eta deskantsatzeko tarterik badaukazu?
Beno jajaja asko ez… Udan aprobetxatu egiten dugu partiduak jokatzeko eta egun libreak arnasa hartzeko izaten dira. Jaietara bagoaz jolastera eta han zerbait badago, orduantxe hartzen dugu jaien zapore pixkat, bi baten prezioan. Baina orokorrean, ez, egutegi betea izaten da udakoa. Ohituta gaude, eta saiatzen gara tarte txikienak ere deskantsurako aprobetxatzen.
Gainera, azken urteetan emakumeen pilotak gora egin du. Horrekin batera perfekzionismoa eta autoexigentzia etorri dira?
Bai, bai, guztiz. Hasieran, lehenengo urtean, difrutatzera irteten ginen frontoira, ez genekien nora gindoazen. Aldiz, orain, ikusten dugu zerbait daukagula egiteko, bidea zabaltzen ari garela eta partidu bakoitzean asko dugula erakusteko. Mutilek partidu txar bat egin dezakete, zeren azken finean aukera asko dituzte, telebistan asko agertzen dira… baina, guk, telebistan agertzen garen bakoitzean erakutsi egin behar dugu hor egotea merezi dugula. Presio hori norberak jarritakoa ere bada, hein batean, lan ona egiten ere badakigula frogatzeko, edozien erabaki kaltegarria edo gauza ona izan baitaiteke atzetik datozenentzat. Ez da erraza presio horregaz jolastea eta espero dut atzetik datozenek ez izatea hainbeste presio, eta egun, mutil profesionalak direnak legez pilotan egitera soilik zentratzea, eta ez kanpoko kontuak zuzentzera. Gure rola hori da, hori egokitu zaigu.
Emakume izanda, gehiago erakutsi behar duzula uste duzu?
Bai, eta oso zorrotzak gara geure buruagaz, beti gura dugu hobetu. Zazpi urtetan sekulako aldaketa egin dugu, pilota gogorragaz ibiltzeko saltoa oso urte gutxitan egin dogu, dena gabiltza arin egiten eta nahiko merito daukagu gauden tokian egoteagaz. Normalean, ez gara konformatzen txapelketetan finalera heltzeagaz, maila handiagoa eman nahi dugu beti, pilotak ere beti aldatu gura doguz, beti hobekuntzak egin nahi. Psikologikoki ere gogorra da, ez gabiltza bakarrik pilotan jolasten, dena erakusten eta frogatzen ibili behar dugu beti, eta jende askok ez du hori ikusten.
Askotan hitz egin izan duzu psikologoaren laguntza izan duzula, uste duzu ikusgarritasun nahikoa ematen zaiola buru-osasunari?
Nik uste dut gero ta gehiago ematen zaiola, bai, baina oraindik kosta egiten da, ez dut pertsona asko entzun psikologora joan denik esaten pilota munduan. Hala ere, azken urteetan Joseba Ezkurdiak berak esan zuen psikologoarenera joaten zela, eta gero eta gara, gogorra baita goi mailan jolastea. Psikologikoki oso prest egon behar zara irabazten duzunean zein galtzen duzunean. Nik psikologoari asko diot eskertzeko, berarekin ikasi baitnuen presioa kudeatzen. Laguntza eskatu aurretik ez nuen disfrutatzen pilotan jolastean, eta azken urte hau oso ona izaten ari da, asko ari naiz gozatzen.
Txikitan disfrutatzeko kirola zen zuretzat, polita da sentsazio hori berreskuratu izana, ala?
Bai, oso. Txikitan beti esaten nuen pilota asko gustatzen zitzaidala, horretaz gura nuela bizi, eta presio barik, lagunekin jolastera joaten nintzen. Azken urteetan, boom-a hasi zenean, askorik ez nuen gozatzen, partida bakoitzaren amaieran buru makur joaten nintzen etxera, oso urte txarra izan zen. Hala ere, buelta ematea lortu dut eta azken bi urteak zoragarriak izaten ari dira. Emaitzetan ere ikusi da, baina batez ere disfrutatzen ari naiz berriro ere, eta ikusten benetan zer dan merezi duena.
Aurrera begira jarrita, zer asmo dituzu?
Udan txapelketatxoak egoten dira, nire helburua hor erritmoa hartu eta urteko hiru txapelketa handietarako prestatzen joatea izaten da: binakakoa, buruz burukoa eta Hiru Hiriburuak. Irabaztea ondo dago, baina helburua izaten da eskuei eutsi, joko ona eman eta entrenamendu moduko bat egitea, joko maila mantentzea urtera begira. Hiru txapelketak ditut buruan, baina batez ere buruz burukoa, hori da falta zaidan txapel bakarra. Iragan urtean txapela galdu nuen partidu onena ez eginda, eta buruz burukoan txapelketa on bat egitea gustatuko litzaidake, eta zelan ez, ahal bada arantzatxoa kendu eta txapel hori lortzea.