Perondo Kultur Elkartea: "Hegaluzea jagoteko jasangarritasuna bultzatu behar da nahitaez"
Iazko lehen aldi arrakastatsuaren parekoa izan da aurtengo Hegaluzea Itsasotik Mundakara izeneko egitasmoa, hiru eguneko egitarauagaz. Perondo Kultur Elkarteko kideei hegaluzeen ondarea eta jasangarritasuna zergatik uztartu dituzten galdetuta, diote “hegaluzeak gure gizartean duen garrantzia eta esanguragatik ez da arrain soil bat, kultura, gastronomia eta sustraiak irudikatzen ditu eta hau jagoteko, itsasoari errespetua eta jasangarritasuna bultzatu behar dira nahitaez. Ondarea eta jasangarritasuna biak batu behar ditugu ezinbestean”.
Asteburuaren balorazioa eginaz, orokorrean “oso pozik” daude izan zuen harrera “bikaina” ikusita. Argi geratu zaie “jan eta edatekoa” dela herria, izan ere, hegaluzea hainbat produkturekin ezkonduta egindako uztarketen dastaketek “arrakasta itzela” izan zuten. “Jendeari errezetak izugarri gustatu zitzaizkion, sinistuezineko zaporeak eta uztarketak dastatu genituen eta irribarre handiarekin irten ziren denak dastaketetatik”. Iazko ereduari jarraituz, aurten ere zortzi postu inguruko azoka eremua egon zen eta adierazi dutenez “postuetako denak oso pozik daude, batzuei ondo joan zitzaien, aurreko urtean baino hobeto, eta asko ez ziren saltzen gelditu ere egin”.
Bestalde, formakuntzei dagokienez, AZTIko Iñigo Onandia izan zen egitaraua zabaldu zuena eta honek hegaluzeak zelan markatu irakasteko emandako hitzaldira 30 bat arrantzale joan ziren ikusten eta ikasten. Horrez gain, Dorot Badiola mundakar arrantzaleekin jendaurreko elkarrizketa egin zuen Bitor Alonso Fradua herriko kazetariak eta hona “herriko jende nahiko gerturatu zenez, polito egon zen”. “Geure arrantzaren iragan eta oraina errepresentatzen dute Badiolak eta bere belaunaldikideek; hori aintzatestea zeharo garrantzitsua da etorkizunera begira”, azaldu dute elkarteko kideek.
Jasangarritasunari jarraiki, ez dute ahaztu nahi izan kosta garbiketa egitasmoa. “Mundaka Surf Taldeko kideek urtero egiten duten kosta garbiketa antolatu zuten eta eta gure babes osoa erakutsi nahi izan diegu”. Perondo Kultur Elkarteko kideek eskerrak ematen nahi dizkiete asteburuan egitasmora joan diren guztiei, hegaluzea, herrian, “omenaldia merezi duen produktua” dela adierazita.