Gernika-Lumoko herri osoa izendatu du memoria-leku Espainiako Gobernuak
1937an “biztanleria zibilaren kontra egindako sarraskia” dela eta, Gernika-Lumo herri eremu osoa izendatu du memoria-leku Espainiako Gobernuak. Aurtengo apirilean arrabotsa sortu zuen Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak publikatutako espedienteak, Gernikako Batzar Etxea soilik izendatu baitzuten memoria-leku. Orain, Gernika-Lumoko Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta EHUk jarritako alegazioak tarteko, espedientea aldatu dute eta herri eremu osoa da izendapen hau duena.
Alegazioak onartuta, “memoria demokratikoaren tokiaren ofiziozko izendapen espedientearen edukia aldatzea erabaki da”, dio espediente berriak. 1936ko gerrako gertakari nagusietako bat izan zen Gernika-Lumoko bonbardaketa. 1937ko apirilaren 26an, Francisco Francoren aginduz Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak herria bonbardatu baitzuten, merkatu egun batean, eraikinen %85 suntsituz eta beste askori kalte eginez.
Memoria Demokratikoaren Legearen helburuetako bat da herritarren kontrako errepresioarekin eta indarkeriarekin lotura duten lekuen inbentarioa osatzea, hauek garrantzian jarri eta lekuei funtzio didaktikoa ematea. Araundiaren aldaketarekin, memoria-guneen mapan egongo da Gernika-Lumoko herri osoa, besteak beste, Donostiako Cumbre jauregia (Lasa eta Zabala torturatu zituzten tokia) edo Iruñerriko Ezkabako gotorlekua (frankismoan preso errepublikanoen kartzela izan zena) legez.
Aurtengo apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean, Felix Bolaños Espainiako Presidentzia eta Memoria Demokratikoko ministroak Gernika-Lumoko hilerrian azpimarratu zuen Pedro Sanchez Espainiako Presindenteak Senatuan aurreko egunean iragarritakoa, hau da, Memoria Demokratikorako Lege berriagaz bat etorriz izendatuko zuten lehenengo memoria lekua Gernika izatea erabaki zuela Espainiako Gobernuak. “Bereizketarik gabeko gizarte zibilaren kontrako bonbardaketa lehenengoz Gernikan gertatu zelako izango da izendatuko dugun lehenengo memoria lekua”. Espainiako Gobernuko ministro bat bonbardaketaren urteurreneko ekitaldian egon zen lehenengo aldia izan zen. Gaur bete da iragarpen hori.