Marije Goitia
1941ean jaio zen Lekeition, eta 20 urtegaz Jose Atxurragaz ezkondu eta Australiara joan ziren, Home Hillera.
Maria Jesus Goitia 1941eko otsailaren 6an jaio zen Lekeition. 20 urte zituela ezagutu zuen senarra izango zena, Jose Atxurra. «Joseren aita, Jose Mari, eta anaiak, Patxi, Benito eta Basilio, Australiara joan ziren. Anaia bik, Patxik eta Jose Marik, farma erosi zuten Home Hillen. Jose Mari Australiara joan eta emaztea Lekeition geratu zen seme txiki bategaz eta haurdun (neure gizonagaz)», dio Goitiak.
Jose Atxurrak ez zuen aita ezagutu. 15 urte zituela, 1945ean, aita istripu baten hil zen berria heldu zitzaien. Bere ondasunen erdia emaztarena zenez, Domingarena, 1950ean, Dominga eta seme bat, Angel, Australiara joan ziren. Jose, aldiz, gaixorik zegoen, eta Lekeition geratu zen hurrengo urtera arte; 1951n joan zen. «Handik bederatzi urtera bueltatu zen herrira, urtebeterako, eta orduantxe ezagutu genuen elkar. Fletxazoa izan zen. Josek esan zidan beragaz ezkontzen banintzen, Australiara joan beharko nuela. Ni Australiara? 20 urte baino ez nituen», dio irribarretsu.
1961eko apirilean ezkondu ziren Lekeitioko elizan, eta ekainean ezkonberriak Home Hillera joan ziren. Bizimodu berriaren hastapenak ziren, batez ere, Marijerentzat. Bere buruari galdetzen zion ea nora ote zihoan; era berean, lasai zegoen senarraren familiakoak han zituztelako. «Amak ere Dominga ezagutzen zuenez, ba, trankilago gelditu zen», adierazten du.
Bidaia itsasontziz egin zuten, Sydney itsasontzian. Lekeitiotik Irunera taxiz joan ziren. «Geugaz batera, Anton Onandia, Luis Mari Egia eta Julio (Kortezubikoa)». Irunetik trenez heldu Genovara, han gaua pasatu eta hurrengo egunean hartu zuten itsasontzia. «Genovatik Napolesera eta handik Adenera (Yemen) joan ginen. Adenen itsasontzia asko mugitzen hasi zen, eta kamarotean sartu eta Fremantlera heldu arte (Australiako lehen portua zena); ez nintzen atera, halako zorabiorik!».
Brisbanera heldu eta berriro trenez joan ziren euren helmugara, Home Hillera. Taxian egin zuten azken txanpa. Atxurratarren farmara goizaldean heldu ziren; uztaila zen. «Komuna kasetatxu bat zen kanpoan, moskitoak, beroa, beroa zen txarrena… Eneee! Dutxa ere kanpoan zegoen eta, behin, sugea goiko aldean zegoela ikusi nuen, eta korrika atera nintzen kanpora, halako abiadarik. Nik beldur itzela nien» gomutatzen da Goitia.
Bertan bizi izan ziren. Etxeko beharrak egin, amaginarrebari lagundu… izaten ziren bere egitekoak. «Andreak etorzen ziren kaina zuritzen, kaina berdea; Atxurranean ikusi dut». Amaginarrebak farma saldu zuenean, Home Hillera, herrira, joan ziren bizitzera. Zapatuetan hotelera joaten ziren dantzan. Gehienak euskaldunak ziren, eta elkar ezagutzen zuten. «Seme-alabak amaginarrebagaz gelditzen ziren, edo hotelean bertan, mahai azpian mantatxua ipini eta hantxe gainean lo, guk dantzatu bitartean. Ederto baten pasatzen genuen.
Bauenera ere joaten ginen hondarrera, Etxabe familia, Plazanekoak… Atxurratarren farman, gainera, jende asko batzen zen, euskaldun asko, hemengo asko eta ume piloa ere bai», dio. Momenturik txarrena aita hil zitzaiola idatzi ziotenean izan zen 1963an; aita hil eta bera hain urrun.
Euskaldunekin elkartzen ziren, eta euskaraz aritzen zen beti; horregatik, Goitiak ez zuen ingelesez ikasi, behar zuenerako zenbait hitz baino. «Irailean gaixotu egin nintzen. Nik ez nekien ingelesik eta nire arazoa zen, txizagurea izanez gero, nola esango nien. Josek esan zidan PEn edo holako zer edo zer esateko, eta nik horixe». Medikuarenerako-eta, interpretea eramaten zuten. «Ondo gogoan dut nik alboko emakume katalana eramaten nuela».
Josek kaina ebaten egin zuen beharra, inoiz barazki batzen eta tren-errailak jartzen ere bai. 1962an lehenengo alaba jaio zen, Gotzone, eta 1970ean, semea, Aitor. 1971n, farma utzi eta Lekeitiora itzultzeko erabakia hartu zuten. 1971ko ekainean etorri ziren, alabak bederatzi urte betetzear zituen eta semeak bat. « Gotzone oso triste jarri zen, lagunak eta eskola han utzita; gainera, Lekeition dena ezberdina zen, klima… Australian ortozik ibiltzen ziren, bizimodua lasaiagoa zen… oso arrotz egin zitzaion guztia».
Hamar urte egin zituzten guztira, eta Marije ez zen jaioterrira behin ere etorri denboraldi horretan guztian. «Banekien etorriz gero, ez nintzela bueltatuko. Ez daukat ezer txarrik esateko Australiaz, dena berba onak, ondo bizi ginen eta gustura egon nintzen. Herrimina neukon», dio hunkituta.
Goitiak gomuta onak ditu. «Australiako bizimodua oso familiarra zen, etxean egotekoa, bestelakoa. Euskaldunok elkar hartzen genuen, batuta beti».
2017an, Australiara bidaia egin zuen alabagaz eta haren senarragaz. Hilabete egon ziren. «Ikusgarria izan zen. Barruak buelta ematen zidan. Halako zirrara bat sentitzen nuen». Hunkituta gomutatzen du.
Goitia Lekeition bizi da.