Bizkaian murgiltzeko aukera, 36 irudiren bitartez
Arte Ederren Museoaren eta BBKren eskutik dator 'BBK artearen ibilbidea' erakusketa, eta Bermeon egin du geldialdia uztailaren 31ra arte.
Bizkaian zehar ibilbide kronologiko eta geografiko bat egiteko aukera eskaintzen du Lameran ikusgai jarri duten BBK artearen ibilbidea erakusketak Bizkaiari begira lanaren bitartez; hau da, artearen historiako hainbat unetan Bizkaiak izandako irudia erakustea dute asmo.
Arte Ederren Museoaren eta BBKren eskutik dator erakusketa, eta Bermeon egin du geldialdia uztailaren 31ra arte. Hogeita hamar bat artistak egindako 36 lanek osatzen dute erakusketa: 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat. Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute. Landa enklabeak ikus daitezke, Kantauriko kostaldea eta bertako portuak –Bermeo bera ere agertzen da–, eta baita ere Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika-Lumo edo Busturialdea bezalako udalerri eta eskualdeetako hiri eta industria paisaiak. Hala, Bizkaiari Begira lanak lurraldearen erretratu bat marrazten du adierazpen artistikoen bidez; XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara artekoa.
Artearen Ibilbidea BBK programak museoaren bilduma bertako aretoetatik harago zabaltzen du, kultura artistikoa herritarrei hurbiltzea sustatzeko, eta, aldi berean, bere ondare-aberastasuna erakusteko. Laugarren denboraldi honetan, Bizkaiak artean duen irudia bihurtu gura izan duteprotagonista.
Udalerriarentzat erakusketa “garrantzitsua” dela esan du kultura zinegotzi Endika Etxebarriak: “36 lan hauen bitartez bisitariek Bizkaian zehar ibilbide kronologiko eta geografiko bat egiteko aukera izango dute”. Hala, bermeotarrak eta bisitariak gonbidatu ditu erakusketa bisitatzera, “esperientzia artistiko honetaz gozatzeko eta ikasteko aukera izango baitute”.
Bermeo bi obratan. Arte Ederretako antzinako artearen kontserbatzaile Jose Luis Merinok azaldu du erakusketa sortzerakoan paisaia kontuan izateaz gain, tradizioak eta egoera sozialak eta ideologikoak ere kontuan izan dituztela: “Kasu honetan, museoan Bermeoko portuko bi artelan genituen. Zaharrena, Luis Pareten obra bat da, 1793an margotu zena. Garai hartako Bermeo zelakoa zen ezagutzeko aukera ematen du. 150 urte beranduago, Jose Benito Bikandik egindako beste lan batek, estilo desberdin batean aurkezten du Bermeo”.
Aurten, gainera, astegunetan 18:30etik 20:00etara eta zapatuan 12:00etatik 14:00etara, pertsona bat egongo da bisitarien galdera edo zalantzak argitzeko asmoz. Hala ere, lan bakoitzak QR kode bat dauka, lan bakoitzaren azalpenagaz.