Morgan, Kortezubin, Busturiko Axpe auzoan eta Nabarnizko Lekerika auzoan ospatzen dabiltza Santiago eta Santa Ana jaiak.
Santiago goiz bustia ospatu dute gaur Busturialdeko zenbait herritan.
Santiago Eguna ohituraz betetakoa izaten da Busturian, eta txistularien kalejiragaz abiarazi dute eguna. Mezaren ostean, Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera eduki dute Axpera hurreratu direnek; hori bai, aurten, elizpean egin behar izan dituzte dantzak, euria ari baitzen. Arratsaldean, esku pilota partiduen ostean, karrozen desfilea egingo dute, eta Bestaldean antzerkiaren ostean, Josepa Kale Kale bermeotarrek kantuan jarriko dituzte bertaratutakoak. Euria baldin bada, frontoian bilatuko dute babesa.
Domekan abiarazi zituzten Busturiko Axpe auzoan Santiago eta Santa Ana jaiak. Adin guztietako kuadrilak batu ziren sukalkiak prestatzeko; bederatzi kazola aurkeztu zituzten lehiaketara, iaz baino gutxiago. “Madalen osteko eguna zen eta hauteskundeak ere bazeuden, eta nabaritu egin zen”, azaldu du Busturiko jaietako zinegotzi Maitane Zearretak. Hala eta guztiz ere, herritarrak batzeko eguna izan zela esan du,”oso giro ona” egon zela nabarmenduta.
[ARGAZKI GALERIA]
Herri kirolak ohikoak izaten dira Axpeko Santiago eta Santa Ana jaietan. Sukalkiaren ostean, domekan, Bizkaiko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa eta Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze Txapelketa bertan lehiatu zuten. Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketan 3 minutu egin behar izan zituzten 75 kiloko zilindro zaharragaz, eta beste 3 minutu, berriz, 62,5 kiloko bolagaz. Karmele Gisasola (3.687,5kg) izan zen irabazlea, bigarren postuan sailkatu zen Patricia Martin (3.500kg), eta hirugarrenean Lierni Osa (kirolari gipuzkoarra, gonbidatua, 2487,5kg).
Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze Txapelketako garailea Jose Martin Bustinza Tubi izan zen 24 jasoaldigaz. 23 jasoaldi egin zituen bigarren postuan sailkatu zen Beñat Amadek eta bi gutxiago hirugarren postua lortu zuen Jon Loiolak. Unai Ardeo eta Bingen Erleaga sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, 16 eta 14 jasoaldi eginez, hurrenez hurren.
Bihar [uztailak 26],
Santa Ana eguna ospatuko dute, eta zapatuan [uztailak 29] amaituko dituzte jaiak
Eguzki Begira txokoaren 50. urteurrena ospatuta.
Kortezubiko herritarrak ere Santiago Jaietan bete-betean sartuta daude. Gaur [uztailak 25], Santiago egunez, meza bereziagaz ipini dute abian jaietako egitaraua; izan ere, Eskola Kristo musika elkarteak abestu du bertan. Jarraian, kortezubitarrak herriko plazan elkartu dira, eta umeen txanda ailegatu da: Kortezubiko umeen euskal dantza taldeak eta EinGO taldeak taldelan paregabea egin dute, eta denetariko euskal dantzez girotu dute plaza. Euria ez da aitzakia edo traba izan, jende pila bat bildu baita. Jarraian, jan-edanagaz eta giro ederrean, kirolariek pilotalekura jauzia egin dute: alebin nahiz nagusi mailako esku pilota partiduak jokatu dituzte.
Kortezubiko umeen euskal dantza taldea
Alebin mailan, gizonezkoetan, Xabier Oar-Arteta eta Eneko Gezuraga Aratz Apraizen eta Gari Motyxoberen aurka aritu dira; emakumezkoetan, Amaia Zarrabeitiak eta Yune Urrutikoetxeak Irene Azkonaren eta Malen Lamadriden kontra neurtu dituzte indarrak. Kantxaratzen azkenekoak Garfeko nagusi mailako gizonezkoak izan dira: Aitor Etxebarria nabarniztarrak eta Aitor Irusta munitibartarrak Ugaitz Elizalde eta Iosu Bergera nafarren aurka jokatu dute.
Morga irudimenez eta sukalki usainez bete dute beste urte batez. Euskal ohiturak da aurtengo gaia, eta herria apaintzen parekorik ez daukatela erakutsi dute gaur ere. Baserritarrak, arrantzaleak, dantzariak, puntistak… elkartu dira eguerdian, eta Sukalki Txapelketarako kazolak aterpeetan prestatu behar izan dituzte. Gero, 200 bat herritar batu dira bazkaltzen, udaletxe aurreko karpan. Bart Toc, Lukiek eta Matxinada taldeen kontzertuetan aitzakian, ordu txikitararte ibili ziren asko, eta ajea kentzeko aukera eduki dute sukalkia dastatzen. Gaur ere, parranda gura duenak aitzakia izango du; izan ere, arratsaldeko karta joko, euskal dantzen eta bingo musikatuaren saioen ostean, Luhartz taldekoek dantzan ipiniko dituzte plazako karpara bertaratzen direnak, 20:00etatik aurrera.
Morgarrek bihar Santa Ana Eguna ospatuz amaituko dituzte aurtengo jaiak. Eguerdiko mezaren ostean, triki poteoagaz girotuko dituzte bazkalordura arteko uneak, eta, 18:00etan hasita, puzgarriak, tailerrak, rokodromoa, tirolina, bits jaia eta giza-futbolina izango dituzte. Iluntzean, berriz, txokolatea janez agurtuko dituzte herriko jai nagusiak.
Nabarnizko Lekerikako Santiago ermita ingurua ere jendez bete da gaur. Euria ez da oztopo izan, eta aurre egin diote nabarniztarrek. Goizetik bildu dira bertan, eta Kabelinatxe dantza taldekoen ikuskizunaz gozatu dute.
Horien emanaldiak iraun bitartean, mendi korrikalariak bertaratzen hasi dira ermita ingurura. Izan ere, Urdaibai Koparako puntuagarria den seigarren Illuntzar Mendi Lasterketa lehiatu dute. 47 parte hartzaile atera dira irteera lerrotik, eta zazpi kilometrotan 400 metroko desnibelari aurre egin ostean, Paul Goitisolo helmugaratu da lehenengo; 30 minutu eta 30 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Haren atzetik ailegatu dira Kepa Bastegieta eta Ekaitz Lejarzegi. Nesketan, Alluitz de Bilbao izan da azkarrena, 41 minutu eta 15 segundoko denboragaz, eta bigarren eta hirugarren sailkatu dira Lorena Campomar eta Nora Narbaiza, hurrenez hurren.
Iluntzarrera igo ez direnetako batzuek paella lehiaketan hartu dute parte, eta, guztira, sei izan dira lehiaketara aurkeztu dituztenak. Arratsaldean, EinGo taldeak girotuko du ingurua.