Datorren ikasturterako sei ikastaro eskaini ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Gautegiz Arteagako Udalak kirol eta kultur ikastaroen eskaintza zabala prestatu du datorren ikasturteari begira. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 5era arte, eta ikastaroak 15ean hasiko dituzte.
Hauek dira 2023-2024 ikasturterako antolatu dituzten udal ikastaroak: Pilates, Yoga, Zumba, Mantentze Gimnasia, Koroa eta Multikirola. Izena emateko orria Gautegiz Arteagako Udalaren webgunean eta Aretxederreta Kultur Etxean dago eskuragarri. Ikastaroen prezioen zenbatekoa (urteko kuotak zehaztuta daude) ere bertan kontsultatu daiteke.
Gautegiz Arteaga “gero eta jarduera eta bizitza sozial handiagoa” daukan herria dela azpimarratu du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak: “Udalaren aldetik, geure helburua eta erantzukizuna da herriko bizitza erraztea eta sustatzea, kultur, gizarte eta kirol-jarduerak eginez. Horretarako, besteak beste, udal ikastaroak antolatzen ditugu, erabiltzaile ugari dauzkatenak. Aurton, gainera, horietako batzuen eskaintza zabaldu dugu, esaterako, pilatesen eskaintza inoiz baino lehenago atara dugu, interesa dauktenek euren ordutegiak hobeto antolatu ditzaten”.
Yoga, Pilates eta Koru klaseak irailaren 15ean hasiko dituzte. Yoga astelehenetan eta egueztenetan 18:30etatik 20:00etara emando dute; Pilates martitzenetan eta eguenetan 17:45etan eta 18:45etan, eta barritasun modura, goizetan, eguezten eta barikuetan, 10:00etan.
Halaber, Gautegiz Arteagan “finkatutako jarduera” da herriko abesbatzarena: “Ikastaroa pertsona guztiei zabalik dago, eta entseguak egueztenetan egingo dira, 20:00etan”.
Bestalde, zumba eta mantentze gimnasia klaseak urriaren 2an hasiko dituzte. Zumba astelehen eta egueztenetan 17:30ean izango da, eta mantentze-gimnasia, berriz, egueztenetan 18:30ean eta barikuetan 17:00etan. Kirol anitzen ikastaroa, ostera, herriko umeei zuzenduta dago, eta eguaztenetan emango dute, 18:00etatik 19:00etara.
Jarduera guztiak ekainaren 15ean amaituko dituztela jakinarazi dute: “Ikastaroetan izena emateak urte osorako konpromisoa onartzea dakar, eta ikastaroak egin ahal izateko, gutxienez, zortzi ikaslek izena eman beharko dute. Gehienezko edukiera, ostera, 12-14 pertsonakoa izango da”.