Madalen Egunean izandako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea deitu du Gernika-Lumak
Halako eraso gehiago ez dituztela onartuko aldarrikatuko dute gaur, (uztailak 24) 20:00etan, Gernika-Lumon.
Gernika-Luma Gernika-Lumoko transmaribibolloen sareak jakinarazi duenez, gazte batek eraso homofoboa jasan zuen zapatuan (uztailak 22), Madalen Egunean, Elantxoben. Kontatu dute gazteari “poltsatik tiratu eta puto maricon” deitu ziotela portuan. Jarraian, gertatutakoa salatzeko asmoz, “DJa zegoen lekura hurbildu” zen, baina, bertan, “anbulantziakoek sarrera ukatu” zietela zehaztu dute, eta, horregatik, pasatzen uzteko eskatu behar izan zietela hainbatetan.
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko (uztailak 24), 20:00etan, Gernika-Lumoko Merkurion. “Gernika denentzat leku seguru” bihurtu gura dute, eta hori “oztopatzen dutenei aurre egiteko prest” daudela erakusteko gaurko deialdiagaz bat egiteko eskatu dute, “denen presentzia beharrezkoa” delako.
Gernika-Lumaren kideek gogoratu dute zapatukoa ez dela lehenengo kasua, eta azpimarratu dute ezin dela onartu pertsona baten identitatea “burla iturri izatea”, ez eta eraso horren aurrean emandako erantzuna “pasiboa” izatea ere.