Bi bandera eta lidergoa, Urdaibairentzat
Sestaon eta Castro Urdialesen onena izan da Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea. Asteburuko bi banderekin, lau bandera daramatza talde bermeotarrak. Erakustaldiak ematen jarraituta, bandera gosea asetzeko lanean segituko dute.
Konfiantzagaz eta seguru dago Urdaibaiko eskifaia. Eskarmentua eta kalitatea daukan taldea osatu zuten, eta iazko denboraldia hobetzeko erronka ezarri zuten denboraldiaurrean, horretarako “dena irabazi” beharko dutela jakitun. Errekan zein itsasoan. Asteburuko bi estropadetan nagusi izan da; Gorka Aranberri patroiak definitu bezala, “asteburu oso ona” izan da. Zapatuan (uztailak 22) Eusko Label Ligaren sailkapen buru ipini zen, eta atzo (uztailak 23) Castroko uretan lidergoari eutsi ostean, puntu bateko aldea dauka Hondarribiagaz. 76 puntu dauzka liderrak; 72 puntugaz Zierbena da sailkapeneko hirugarrena.
XI CaixaBank Bandera lehiatu zuten atzo eguerdian; Hondarribiak, Zierbenak, Urdaibaik eta Donostiarrak osatutako hirugarren txandaren hasiera berdindua izan bazen ere, gutxinaka tartea handitzen joan zen Bermeoko taldea, eta hirugarren luzean estropada apurtzea lortu zuen. Bigarren txandan Oriok markatutako erreferentziagaz (20:03,76) aritu ziren, eta ligan lehenengoz, estropada buru izan zen hasieratik. Lehenengo luzean Zierbena izan zen Urdaibairen erritmoari eutsi zion bakarra, ziabogara arte denbora berean aritu ziren bi traineru bizkaitarrak. Eta Hondarribia eta Donostiarra 2 segundora baino ez zeuden. Bigarren luzean, apurka-apurka Urdaibai tartea handitzen joan zen; esate baterako, 5 segundo atera zizkion Hondarribiari, 8 Zierbenari eta 12 Donostiarrari. Estropadaren bigarren zatian, alde erosoa ezartzea lortu zuen, eta amaierarako aldea handitu zuen.
19 minutu, 46 segundo eta 2 ehuneneko denbora egin zuen, Hondarribiari 8 segundo eta 88 ehuneneko aterata. Zierbena hirugarrenak Urdaibairengandik 14 segundora amaitu zuen estropada, eta bigarren txandako azkarrena izan zen Orio sailkatu zen laugarren, irabazlearengandik 17 segundo eta 74 ehunenera.
Bestalde, estropada gogor bezain ikusgarria izan zen zapatukoa. XII Bandera Ayuntamiento de Sestao – Centenario Kaiku Banderan lehia oso estua egon zen.
Ondo borrokatutako estropadan, 19.55,26 markagaz lortu zuen garaipena Bou Bizkaiak. Lehenengo hiru traineruak 5 segundoren barruan sartu ziren; 4 segundo eta 26 segundora sailkatu zen Zierbena bigarrena, eta 4 segundo eta 78 ehunenera Hondarribia. Sailkapen orokorreko lehenengo laurek ikuskizun ederra eskaini zuten hirugarren txandan; azken momentura arte emozioa mantendu zuten. Bigarren ziabogan Donostiarra izan zen azkarrena, baina gero ezin izan zion beste hiruren erritmoari eutsi. Urdaibaik batik bat hirugarren luzean “lan itzela”egin zuen, eta azkenengo 200 metroetan hartu zuen aurrea Bermeoko taldeak, eta sufritutakoaren saria jaso zuen.