Jeltzaleek ia 3.000 boto galdu dituzte Busturialdean, eta EH Bilduk nabarmen egin du gora
10.089 botogaz EAJ izan da alderdi bozkatuena eskualdean. 600 botoko aldea dago EAJren eta EH Bilduren artean.
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere nagusitasuna mantendu du, bera izan baita bozkatuena eskualdean, baina, 2019ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzekin konparatuta, 2.839 boto galdu ditu EAJk eta 2.039 boto irabazi ditu EH Bilduk Busturialdean. Bi alderdien arteko aldea nabarmen gutxitu da, orain dela lau urteko botoekin alderatuz gero. 600 botoko aldea egon da gaur, eta 2019ko azaroan 5.478koa zen.
10.089 boto lortu ditu EAJk; orain dela lau urteko azaroaren 10ean 12.928 herritarrek eman zuten EAJren aldeko botoa; 9.489 boto lortu ditu EH Bilduk; 2019an 7.450 boto izan zituen. Busturialdeko 20 udalerrietatik 13tan alderdi jeltzalea izan da bozkatuena, eta 7tan koalizio abertzalea.
Orain dela lau urte birritan bozkatu zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako; apirilaren 28an % 19,22ko abstentzioa izan zen eskualdean, eta azaroan, ostera, %24,28koa izan da. Gaur % 24,37koa izan da. Boto kopuruan ere aldea egon zen; jeltzaleek apirilean baino 486 boto gutxiago jaso zituzten azaroan, eta koalizio abertzalekoek 158 boto gutxiago.
Oro har, parte hartzeak gora egin du. Bermeon izan da abstentzio datu handiena, % 65,76 parte hartzea egon da, eta Gernika-Lumon, berriz, % 70,66 izan da parte hartzea. Gainontzeko udalerrietan egin du gora parte hartze datuak. Gernika-Lumon 2,99 puntu egin du behera, eta Bermeon 2,29. Muruetan izan da parte hartze datu handiena: %86,87.
Gernika-Lumon 11 botoko aldea baino ez dago oraingo honetan; duela lau urte 1.712koa zegoen. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan koalizio abertzalea izan zen alderdi bozkatuena, eta gaur, ostera, jeltzaleak nagusitu dira. 3.220 boto lortu ditu alderdi jeltzaleak, eta EH Bilduren aldeko botoa 3.209 gernikarrek eman dute. Orain dela lau urtegaz alderatuta, 1.110 boto galdu ditu EAJk (4.330 boto eduki zituen) eta 956 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak.
Bermeon, ostera, 649 botoko aldea egon da bi alderdien artean: 3.654 boto ditu EAJk eta 3.005 EH Bilduk. 2019an baino 1.088 boto gutxiago dituzte jeltzaleek (4.742 bermeotarren bozkak eduki zituzten 2019an). Koalizio abertzaleak, aldiz, 752 boto gehiago eskuratu ditu (2.253 boto bildu zituen orain dela lau urte).
Udalerri txikiei dagokienez, Elantxobe, Ibarrangelun, Mendatan eta Muxikan aldaketak egon dira orain dela lau urteko emaitzekin konparatuta. Orduan, EAJ izan zen bozkatuena lau udalerrietan, eta oraingo honetan, ostera, EH Bilduren aldeko botoa eman dute herritar gehienek.
2019an, Elantxoben 119 botogaz irabazi zituen hauteskundeak EAJk, eta 90 boto lortu zituen koalizio abertzaleak. Oraingoan, ostera, 111 boto lortu ditu EH Bilduk eta 93 EAJk. Ibarrangelun 187 izan zituen EAJk eta 130 EH Bilduk; gaur, berriz, 204 bildu ditu koalizio abertzaleak eta 174 alderdi jeltzaleak.
Muxikan 432 boto batu ditu EH Bilduk eta 281 EAJk. Mendatan 112 botogaz nagusitu da EH Bildu eta 104 boto izan ditu EAJk. 2019an, 369 boto izan zituen EAJk eta 336 EH Bilduk. Mendatan, berriz, 133 eduki zituen EAJk eta 82 EH Bilduk.
2.738 botogaz, PSE-EE izan da hirugarren alderdia eskualdean, eta botoetan gora egin du eskualdean, 1.655 izan baitzituen 2019an; Sumarrek 1.552 boto lortu ditu. Orain dela lau urte 2.435 boto jaso zituen Elkarrekin Podemosek. Eskuineko alderdi espainiarrei dagokienez, PPk 664 boto ditu Busturialdean eta VOXek 200. Alderdi popularraren botoen erdia baino Gernika-Lumon izan dira: 351 boto, eta VOXen botoen gehiengoa ere udalerri horretan izan da: 98 boto. Biek ala biek botoetan gora egin dute eskualdean; 2019ko azaroko bozketan, 481 izan zituen PPk eta 146 VOXek.
PSE-EE bozkatuena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emaitzak aztertuta, PSE-EEk lortu ditu boto gehien, % 25,28. EAJ eta EH Bilduren artean tarte oso txikia egon da, EAJk botoen % 24,02 bildu ditu eta EH Bilduk % 23,95arekin. Kongresurako diputatu kopuruari begiratuta, hiru alderdiek bosna eskuratu dituzte; PPk bi ordezkari lortu ditu eta Sumarrek bat.
Bizkaian EAJk lortu du boto kopuru gehien, baina diputatu bat galdu du, eta hiru izatetik bi izatera pasa da. EH Bilduk, berriz, bat irabazi du, eta PSE-EEk aurreko legegintzaldian zituen bi aulkiak mantendu ditu. lderdi Popularrak lehendik zeukan ordezkaria mantendu du, eta Sumar mugimenduak eserleku bat lortu du, Podemosek 2019an zeukana mantenduz.