Izarotik Izaroko uretara
600 urte baino gehiago dituzten Izaroko Frantziskotarren komentu zaharreko teila hautsiekin sortutako teila berezia botako du Nadia Nemeh alkateak, etzi, Madalen Egunean. Mendatako Albiz auzoan ere jai dute asteburuan.
Mahonak soinean jantzita aterako dira etzi [uztailak 22] kalera Busturialdeko herritarrak. Iritsi da askok esperotako eguna, Madalen Eguna. Hala, marea urdinak hartuko ditu etzi Bermeo, Mundaka eta Elantxobe. Tradizioa, historia, itsasoa eta jai giroa batzen dituen eguna da etzikoa. Hutsik egin barik, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak Bermeorenak direla gogoraraziko dute Izaro osteko urpean beste teila bat jaurtiz, eta uhartean Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ostean botako du Nadia Nemeh alkateak teila.
Teila da, dudarik barik, Madalen Eguneko protagonista nagusietako bat, eta aurtengoa “berezia” izango dela aipatu dute. Endika Etxebarria Kultura zinegotziak azaldu duenez, 600 urte baino gehiago dituzten Izaro uharteko Fantziskotarren komentu zaharreko teilak bildu dituzte uhartean bertan, etzi Izaroko uretara botako duten teila sortzeko. Herri lanetako udal-langileek eta Hilario Aurtenetxe Mentxaka udal liburutegiko langile ohiak bildu dituzte teila hautsiak. Ondoren, artisau-prozedura bati esker, “teila arabiko, kurbatu eta gorri bat” sortu dute, “euskal baserrietan aurkitu daitezkeen antzerako bat”.
Jai giroz betea bai, baina protokoloz jositako eguna ere bada Madalen Eguna. Hartara, ohi legez, udalbatza Goiko Plazan batuko da, eta alkate doinua entzun ostean hartuko dute Santa Eufemia elizarako bidea. Meza ostean, itsasontzietarako bidea hartuko dute, Izarora abiatzeko. Teila bota ostean, Elantxobera joko dute. Bertan, Bermeoko alkateak ordu batzuetarako hartuko du Elantxobeko makila Patxi Egurrolaren eskutik.
Elantxoben eguna eman ostean hartuko dute Mundakarako bidea, 18:00etarako aurreikusten dute bertara heltzea, eta Mundakako alkate Sorne Rubio izango dute zain harrera egiteko. Dantzak egin ostean hartuko dute berriro ere Bermeorako bidea, jai eguna Bermeon bertan amaitzeko.
Hala ere, bermeotarrentzako ez dago Madalen Egunik, Baztarreko jai barik, bertan dago Madalen santua ere, Izaro uhartera begira, hain zuzen. Umeentzako zein nagusientzako egitaraua prestatu dute biharko [uztailak 21]. Aurten, gainera, urte askotan Baztarreko jaiak antolatzen ibili den eta aurten hil den Rigoberto Jara omenduko dutela adierazi du Sergio Monasterio Baztarreko jaietako antolatzaileetako batek; “bere omenez, kontzertu berezia antolatu dugu zapaturako”.
Kontzientziazio kanpainak. Udal gobernu taldea kezkatuta dago eraso sexistengatik eta herriko garbiketagatik, eta zenbait neurri hartu dituztela azaldu du Xabier Ortuzar alkateordeak.
Etzi, Madalen Eguna, 20:00etatik 24:00etara, gune morea jarriko dute Portuzarrean; bertan, informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskainiko dira. “Udala gai honen larritasunaren jakitun da, horregatik herritarrei dei egiten diegu indarkeria sexistaren aurka egin dezaten. Gure aldetik, indarkeria hori eta beste edozein indarkeria mota errotik eta behin betiko desagerrarazteko lanean jarraitzen dugu”, esan du.
Garbiketari dagokionez, udalak jai eremuetan edukiontziak bikoitzuko dituela adierazi du Ortuzarrek, “hondakinak eta zaborrak lurrean edo itsasoan ez amaitzeko”.
Era berean, gogorarazi dute etzi ibilgailuek ezingo dutela portura sartu, 13:00etatik 20:30era, eta ordu horretatik 24:00ak aldera, ezingo da ez sartu ez irten.
Mendatako Albizen jai. Mendatako Albiz auzoan ere Madalen Jaiak ospatzen dituzte, eta, hortaz, asteburuan ez dute aspertzeko astirik edukiko; txapelketak,, musika eta herri bazkaria izango dituzte, besteren artean, zapatu eta domeka bitartean.
EGITARAUA
BERMEO
- Baztarreko jaiak, bihar Madalen Bezpera.
- 10:00-11:00. Txokolatea.
- 11:00-13:00. Umeentzako ikuskizuna: Babo Royal.
- 19:30. Kankinkabara txistu taldearen kalejira.
- 20:00. Kanta Kanta Loruen kalejira Baztarretik hasi eta portura eta Lamerara joango dira.
- 20:00-22:00. Josepa Kale Kale taldearen saioa.
- 22:00. Kontzertuak: Nize, Silitia eta Kruddo.
- Etzi, Madalen Eguna.
- Goizean. Kalejira Kankinkabara txistu taldeagaz Alde Zaharretik.
- 10:45. Udalbatza Sabino Arana enparantzan batuko da eta Santa Eufemiara abiatuko da eta bertan segisioa desegingo da.
- 11:00. Meza Santa Eufemia elizan Bermeoko Abesbatzak abestuta.
- 11:50. Udalbatza elizatik portura joango da, Kankinkabara taldeagaz kalejiran.
- 12:00. Itsasontzietara igoko dira, Izarora joateko.
Ondoren. Izaron Ikurrina eta Bermeoko bandera jasoko dituzte, teila uretara bota aurretik. - 12:30-15:00. Taberna ibiltaria Bermeoko kaleetatik.
- 14:00ak inguruan. Elantxobera iritsi, eta bertan, Alkartasuna Dantza Taldekoek ohorezko aurreskua dantzatuko diete Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko alkateei, Elantxobeko plazan, Kankinkabaragaz batera.
- 18:00. Bermeoko udalbatza Elantxobetik Mundakara joan- go da.
- 18:00. Baztarreko auzokidea izan den Rigoberto Jararentzako omenaldi kontzertua Baztarren: Iñaki Basabe eta Chile Lindo.
- 19:45. Bermeoko udalbatza herrira heldu eta Goiko Plazara joango da, Betijai fanfarreagaz. Bertan, banderak altxatu eta aurreskuak eta zabaletakoak egingo dituzte.
- Ondoren. Betijai fanfarreagaz jaitsieta San Migeleko eskaileretaraino.
MENDATA (ALBIZ AUZOA)
- Etzi, Madalen Eguna.
- 13:00. Meza.
- Ostean. Txikiteoa eta trikitilariak.
- 17:30. Mus txapelketa.
- 21:00. Bakailao jana.
- Domeka.
- 14:30. Herri bazkaria trikitiliarekin alaituta.
- 17:30. Briska txapelketa.
- Amaiera. Bolanderak eta kanpai hotsak.
Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak elkarretaratzeak deitu ditu etzirako, Madalen Eguna dela baliatuta.
Guggenheim Urdaibai Stop! lelopean Bermeoko Santa Eufemia elizan egingo dute elkarretaratzea 11:15ean. 13:00etatik 13:30era, berriz, Elantxobeko portuan batuko dira, eta 18:00ak inguruan, Mundakako portuan jarri dute hitzordua.
“Entzun gura ez bagaituzte, ikusi gaitzatela”, adierazi dute herri plataformakoek.