Eako Udalak aparkaleku zabala egokitu du Bidebarrietan
Material berriztagarriak eta biodegradagarriak erabili dituzte lanetan. Karabanak, autokarabanak eta furgoneta handiak aparkatzea debekatuta dago. 796.172 euroko inbertsioa egin du Eako Udalak.
Eako Udalak ia amaitu ditu Bidebarrietan aparkalekua egokitzeko lehenengo faseko lanak. Azken ukitu batzuk falta badira ere, aparkalekua zabalik dago. 130 ibilgailurentzako lekua dago. “60 plaza udako hilabeteetan erabiltzeko egokitutako eremuan daude, gainontzeko hilabeteetan zarratuta egongo da gune hori”, azaldu du Francis Ziloniz Uskola Eako alkateak.
Autokarabanak, karabanak eta furgoneta handiak sartzea debekatuta dago. Debekua seinaleztatuta dago, eta laster galiboa ere ipiniko dute. Udalerrian badago horientzat beste gune bat: “Bedaronara bidean badago aparkaleku bat horretara bideratuta; hamar-hamabi autokarabana erraz sartzen diren aparkalekua da”.
Obra bi atal handitan banatu dute. Aparkalekuaz gain, herrigunetik aparkalekurako errepide zatian ere lanak egin baitituzte. Bizkaiko Foru Aldundiarena zenez, udala tarte horregaz jabetu zen, eta mendi-magalari zati bat kendu diote, errepideari zabalera emateko eta oinezkoentzako pasabidea egiteko. “Bide estua zen, eta ibilgailuak noranzko bietan eta pasabidea egokia izateko leku nahikorik ez zegoen”.
Antzinako paper fabrikaren inguru guztia–URAk bota zituen eraikin batzuk eta beste bat Eako Udalak– atondu dute. Era berean, inguru hori lehengoratzeko bidean, “ur denak kanalizatu, eta putzu bat sortu dute, erreka inguruko fauna eta flora birsortzeko”.
Jasangarritasuna izan da lanak burutzeko oinarrietako bat; izan ere, ahalik eta material berriztagarri gehien erabiliz egin dituzte lanak, “ahal denik eta kutsadura gutxien sortzen dutenak”. Material biodegradagarriekin “KM 0ko materialekin” egin dute: “Material biodegradagarriak jarri dira ahalik eta leku gehienetan. Natura errespetatzen dutenak erabili dira. Zura egiteko inguruko arbolak ebakita egurra atera da, bai egurrezko pasabideak bai eskailerak egiteko”.
796.172 euroko inbertsioa egin du Eako Udalak. Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsatik 298.233 euroko diru laguntza lortu du udalak. Eusko Jaurlaritzaren Leader programatik, berriz, 195.000euro eskuratu ditu, eta Ekoberrikuntza Zirkularreko Programatik 228.000 euro.
Bestalde, lursaila deskutsatzeko bi diru laguntza jaso zituen udalak, horietan azkena 65.000 eurokoa izan da, eta aurretik 30.000 euro inguru jaso zituen.
Bigarren fasea. Lehenengo fasea burututa, aurrerago, bigarren fasea egitea aurreikusita daukate. Data zehatzik ez badago ere, herri programan jaso zuten zer egin aztertuko zutela.
“Aukera zein erabilera desberdinak” daudela zehaztu du Eako alkateak; besteak beste, kirol anitzetarako gunea eta bizikleten garbiketa eta mantenurako Bizi-puntua egokitzea. Era berean, ekonomiari lotuta, herriko enpresa txikientzako eta udalarentzako pabiloia sortzea ere aurreikusi zuten.