"Bermeon ezinbestekoak dira genero ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegia"
2023an 38 salaketa egon dira eraso matxistengatik. Alkateak gogorarazi du udaltzainek eta gizarte langileek 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutela, eta zerbitzu horiek erabiltzeko deia egin du.
Azken hilabetean Bermeon izandako erasoak salatzeko batu dira beste behin ere Bermeoko Mugimendu Feministako kideak, eta Bermeoko Udalak bat egin du protestagaz; herritar asko ere bertaratu dira. Oraingoan, elkarretaratzea Lameran egin barik, Goiko Plazan egin dute. Gainera, elkarretaratzea egiteaz gain, prentsaurrekoa ere eman gura izan dute.
Bertan gogora ekarri dutenez “lau eraso matxista publiko” egin dira Bermeon azken hilabetean, “azkena aste honetan bertan” izan dela aipatuta: “Eraso bat gertatu da astero. Zenbat gehiago izango dira? Non izango da hurrengoa? Nor izango da hurrengoa?”
Erakundeen ardura ere “ezinbestekoa” dela deritzote: “Beharrezkoa da erakundeek bizkortasunez eta eraginkortasunez jardutea”.
Feministek argi daukate “erasoek ez dutela ez adinik, ez gizarte mailarik, ez kolorerik, ez eta esparru konkreturik ere”. Beste behin ere errepikatu dute “arazoa estrukturala” dela. “Azken datuak ikusita, gure herrian arazo larria dugula agerikoa da. Arazo larria, oso larria daukagu Bermeon”.
Bermeon “ezinbestekoak” direla nabarmendu dute “genero ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegia”. Era berean, erakundeen ardura ere “ezinbestekoa” dela deritzote: “Beharrezkoa da erakundeek bizkortasunez eta eraginkortasunez jardutea”.
Prentsaurrekoan gogoratu dute Berdintasunerako I Udal Planean zehaztutako ekintzen garapena eta gauzatzea, “ez zela %50era iritsi”. Eta, Berdintasunerako II. Udal Plana ere “ez dela bete” argi daukate: “Bermeoko Mugimendu Feministatik udaleko langileek eta botere publikoek berdintasun planetan jasotzen diren ekintzekiko jarrera aktiboa eta ekintza horiek ezarritako epean betetzeko konpromisoa hartzea eskatzen dugu; hau da, berdintasun planak aurrera eroateko behar diren baliabideak eskura jartzea eta esku hartzea”.
Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko eta haien bidelagun aritzeko, udal protokoloa eta udal zerbitzuak egokitzea eta gaurkotzea “premiazkoa” dela uste dute feministek: “Ozen eta argi esan gura dugu: Kalitatezko berdintasun politikak behar ditugu Bermeon! Indarkeria matxista, sexista eta LGTBIfobikorik gabeko herria gura dugu!”.
Eraldaketa soziala lortu gura baldin bada, eremu ezberdinetatik lan egin beharra dagoela uste dute
Erasotzaileak “gure artean” daudela nabarmendu dute: “Lagunak, familia, lankide, auzokide…Denon ardura eta betebeharra da hauek identifikatzea, gelditzea eta salatzea”. Eraldaketa soziala lortu gura baldin bada, eremu ezberdinetatik lan egin beharra dagoela uste dute: “Bakoitzak dagokion ardura hartu beharko luke; erakundeetatik, eta baita herritik ere! Kaleetatik!”.
Gizonek aurretik daukaten “lan makala” aipatu dute: “Hau ez da egun batekoa, ez digu balio egun seinalatuetan kalera ateratzeak. Egunero eman behar zaio aurpegia pandemia honi”.
Babesa eskainie die erasotuei, eta erasotzaileentzako “mezu argia” izan dute: “Aurrean aurkituko gaituzue, ez dugu bat bera ere ez pasatuko”.
Bermeon emakumeak autodefentsa feministan “saretu eta antolatu” behar direla esanez amaitu dute agerraldia.
“Nahikoa da Bermeon emakumeon askatasuna zapaltzeagaz, eta nahikoa da gure herrian ikaragaz bizitzeagaz”
Feministekin batera, Bermeoko udal ordezkariak egon dira, eta hitza hartu dute. “Gobernura sartu garenetik, asko izan dira herrian gertatu diren erasoak. Azken hilabetean, gure herrian eraso matxisten albisteak baino ez ditugu entzuten, eta egoera honen aurrean nahikoa dela esan gura dugu. Nahikoa da astero eraso matxista bat egon dela esateko dei bat jasotzeagaz. Nahikoa da Bermeon emakumeon askatasuna zapaltzeagaz, eta nahikoa da gure herrian ikaragaz bizitzeagaz”, esan du Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormazak.
Ormazak gaineratu du udala prest dagoela biktima guztiei elkartasuna, laguntza eta euren esku dauden baliabide guztiak eskura jartzeko.
Madalen Eguna da zapatua, eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ere laster izango direla gogora ekarrita, “prebentzio neurri desberdinak martxan jartzeko lanean dabiltzala” azaldu du: “Herri seguru eta aske baten alde lan egingo dugu”.
Nadia Nemeh alkateak jakitera eman duenez, 2023an 38 salaketa egon dira: “Udaletik argi eta garbi esan gura dugu, ez dugula horrelako ez inolako erasorik onartzen! Zorionez azken hilabetean salatutako erasotzaileak identifikatuta daude, eta epaileen eskuetan daude”.
Alkateak gogorarazi gura izan du udaltzainek eta gizarte langileek 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutela. Hartara, zerbitzu horiek erabiltzeko deia egin du: “Ezer entzun edo ikusiz gero, lasaitasun osoz zerbitzu horrek erabili mesedez. Denon artean hau gelditzea lortuko dogu!”.