"Sortu diren negozio gehienak inguru honetan geratu dira"
Barikuro batzen da ESE Urdaibai, 90 minutuko bilerak egiteko; asteroko harremana mantentzea "oso garrantzitsua" dela nabarmendu dute, "elkar ondo ezagutzeko" balio baitu.
Zer da ESE Urdaibai?
ESE Urdaibai irabazi asmorik gabeko elkartea da. Busturialdeko zenbait enpresa eta autonomo batuta sortu genuen elkartea 2018an. Elkartea sortzeko helburua izan zen kide bakoitzak elkarteko enpresa bakoitzaren hazkundean laguntzeko lan-ingurune bat sortzea.
Nola lortzen duzue lankidetza?
ESE Urdaibaiko kide bakoitzak jarrera proaktiboa du, eta jarrera horrek egunerokoan lagundu egiten du beste bazkide batzuentzako negozio aukerak hautematen. Modu horretara, posible da ESE Urdaibaiko kideren bat harremanetan jartzea bere zerbitzuak behar dituen enpresa edo partikular bategaz. Hala ere, hirugarren bati bere zerbitzuak eskaini aurretik, oso garrantzitsua da ESE Urdaibairen baitako enpresa bakoitzak zertan lan egiten duen ezagutzea, eta baita ere bere indargunean zeintzuk diren jakitea. Elkartearen baitan dauden enpresen arteko barne sinergiak ere sortzen dira. Gainera, enpresa ezagutzeaz gain, garrantzitsua da enpresa ordezkatzen duen pertsona eta haren balioak ondo ezagutzea.
Gure arteko asteroko harremanak eta pertsona eta enpresa bakoitza ondo ezagutzeak geure arteko konpromisoa sustatzen du eta gainerako bazkideentzako negozio aukerak hautematea errazten du.
Zelan funtzionatzen du ESE Urdaibaik?
Urtean hainbat jarduera garatzen ditugu. Garrantzitsuena barikuro egiten ditugun bilerak dira. 08:30ean amaitzen dugun 90 minutuko bilera da, hain zuzen ere. Hala, erraza da enpresa bakoitzaren agenda eta ESE Urdaibairen jarduera bateratzea. Bileran, elkarteko enpresa bakoitzak une bat izaten du eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren azaltzeko eta, era berean, gura dituzten kontaktuak zeintzuk diren ere aipatzen dute. Uste dugu garrantzitsua dela asteroko harremana mantentzea, elkar ondo ezagutzeko. Denboragaz, modu naturalean, ia konturatu barik, gure egunerokoan, bazkide bakoitzarentzako negozio aukerak aurkitzen ditugu. Gogoan izaten ditugu aurreko barikuko eskaerak, eta horrek aukera ematen digu premia bat daukan enpresa bat hori konpontzen duen beste enpresa bategaz harremanetan jartzeko. Lankidetza maila hori lortzeko, oso garrantzitsua da elkar ondo ezagutzea eta, horregatik, bilerak astero egitearen garrantzia. Gure arteko asteroko harremanak eta pertsona eta enpresa bakoitza ondo ezagutzeak geure arteko konpromisoa sustatzen du eta gainerako bazkideentzako negozio aukerak hautematea errazten du.
Beste motaren bateko jarduerak egiten dituzue ESE Urdaibain?
Asteroko bilerez gain, beste elkarte batzuekin topaketak antolatzen ditugu, ESE Urdaibaiko kideen eta beste elkarteetako enpresen arteko sinergia eta lankidetza posibleak sortzeko. Urtean prestakuntza jardunaldiak ere antolatzen ditugu. Horiek eskaintzeko ezagunak diren aholkulariak eta enpresak kontratatzen ditugu. Prestakuntzen edukiak askotarikoak izaten dira, eta elkarteko enpresa bakoitzaren funtzionamendua eta kudeaketa hobetzen laguntzea dute helburu. Ikaskuntza hori elkarteak enpresa bakoitzari eskaintzen dion balio erantsia da. Team building izeneko jardunaldiak ere egiten ditugu, elkar hobeto ezagutzeko, lan ingurutik kanpoko harremanak sendotzeko eta barne-konpromisoa sustatzeko.
Erabiltzen ditugun adierazleen artean, gehien harrotzen gaituena negozio aukera bat negozio itxi bihurtzeko ratioa da. Balio horrek adierazten digu ESE Urdaibain sortzen diren negozio aukeren %60 fakturazio bihurtzen dela elkarteko enpresaren batentzat.
Zein da ESE Urdaibairen arrakastarik handiena?
Harro gaude, zerotik hasita, lan-ingurune atsegin bat sortzeko gai izan garelako, eta bazkideen arteko harremana oso ona da. Guztiok laguntzen dugu hazten, eta horren ondorioz, ESE Urdaibai osatzen duten enpresek 6 milioi euro baino gehiago fakturatu dituzte sorreratik, elkartearen barruan sortutako negozio aukeren ondorioz. Gure jarduera erregistratu eta neurtzen dugu. Progresioa kontrolatzeko helburuak eta adierazleak ezartzen ditugu. Erabiltzen ditugun adierazleen artean, gehien harrotzen gaituena negozio aukera bat negozio itxi bihurtzeko ratioa da. Balio horrek adierazten digu ESE Urdaibain sortzen diren negozio aukeren %60 fakturazio bihurtzen dela elkarteko enpresaren batentzat. Beste era batera esanda, bazkideren batek kontaktu bat edo negozio aukera bat eskaintzen digun bakoitzean, %60ko aukera daukagu gure zerbitzuak kontrata ditzaten lortzeko. Ehuneko handia da, eta emaitza hori elkar ondo ezagutzen dugulako da; modu horretara balioetsi dezakegu, noiz dagoen benetako negozio aukera bat gure lankide batentzat.
Zein da ESE Urdaibai eta Busturialdearen arteko harremana?
ESE Urdaibaiko kide diren ia enpresa guztiak Busturialdekoak dira, eta sortutako negozio gehi-
enak inguru honetan geratu dira. Gainera, aurten ekarpen sozialak egiten hasi gara. Elkartearen barruan sortutako negozioaren zati bat itzuliko diogu Busturialdeari, haur kirol, herri kirol edo inklusibitatea sustatzeko ekimenen bidez.
Zelan antolatzen zarete?
ESE Urdaibai elkarte autogestionatu bat da eta, beraz, bazkide guztiek laguntzen dute bere funtzionamenduan. Taldearen lidergoa urtero txandakatzen da, hala, urte amaieran beste bazkide batek ordezkatuko nau elkartearen zuzendaritzan.
Ezagutu gura gaituzten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu gure bileretakoren batera etortzera.
Non batzen zarete batzarretarako?
Gernika-Lumoko Boliña hotelean elkartzen gara. Bilera amaitu ostean, bertan geratzen gara gosaltzeko. Era horretara, modu informalean elkarteagaz lotutako gaiak komentatzen ditugu eta, era berean, negozio aukerak partekatzen ditugu.
Nori zuzenduta dago ESE Urdaibai?
ESE Urdaibai ekintzaileentzat eta enpresa ertainentzat baliogarria dela esango genuke. Jarduera sektoreak, gainera, askotarikoak izan daitezke. Kontaktu-sarea handitzeko interesa duen eta hazteko kezka duen edonor izan daitekee ESE Urdaibaiko bazkide. Ezagutu gura gaituzten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu gure bileretakoren batera etortzera. Bakarrik aukeratu behar dute zein barikutan joan gura duten. Momentu atsegina ziurtatzen diegu, eta geugaz gosaltzera ere gonbidatuta daude. Elkarteagaz harremanetan jartzeko modurik errazena, bai geu bisitatzeko edo baita ere edozein kontsulta egiteko, webgunearen bitartez egitea da: www.eseurdaibai.com.