Xabier Armendariz historialariak Talako Amari buruzko hitzaldia emango du Ean
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak eta Eako Udalak Talako Amari buruzko saioa prestatu dute zapatu honetarako (uztailak 15). Xabier Armendariz itsasgizon eta historialariak hitzaldia emango du 12:30ean hasita, Mollako Beletxen, eta ondoren, Tala bisitatzeko aukera eskainiko dutela jakinarazi dute. Hitzaldia gazteleraz izango da.
“Mendez mende talaiak eta baselizak nabigatzaileen gidari izan dira. Eako Talako Amaren baseliza portura itzultzeko erreferentziazkoa den eta ia aldaketa barik kontserbatzen den bakarrenetakoa da euskal kostaldean. Itsasoan ezbeharrik gertatu ez izanagatik esker ona adierazteko marinelek eskaintzak eta ofrendak eroan izan dituzte, eta gure arrantzale eta marinoek itsas paisaia zelan ulertu duten jakingo dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Historialariaren berbetan, Talako Aman egon den jende askok soilik ermita moduan ikusiko badu ere, hitzaldian konturatuko dira “esangura oso berezia” daukala: “Orain dela gutxi Muskizen esan zidaten bestelako ikuspegia eman niela, eta uste dut horrek gehiago estimatzea eragiten duela, ez direlako kultuzko elementua bakarrik. Gaur egun ia-ia gizarte laikoa da gurea, eta jendeak horietara joateari utzi dio, gutxi batzuk joaten dira”.
“Paisaiaren itsas-ikuspegian” sakonduko du itsas-historialariak. Dioenez, sarritan, bertakoek ez daukate ikuspegi hori, “ez dutelako nabigatzen”. Itsasargiak sortu aurretik, kostaldeko elizek eta ermitek betetzen zuten egun horiek daukaten funtzioa: “1.850an hasi ziren itsasargiak eraikitzen euskal kostaldean, eta aurretik, nabigatzeko bestelako erreferentziak zeuzkaten”. Hala, Talako Ama “zergatik existitzen den” azalduko du. “Euskal kostaldea, era batera edo bestera, erromatarren garaitik seinaleztatuta egon da. Beraz, arkeologoek Talako Amaren zimenduen azpian indusketaren bat egingo balute, seguru asko, ermitaren, talaiaren eta venus marinari eskainitako tenpluren bat aurkituko lukete”.
Euskal kostaldeko zenbait puntutan kokatutako horrelako eraikuntzen garrantziaz berba egingo du Armendarizek, hurbileko beste hainbat aipatuz, Gaztelugatxeko San Juan, esate baterako. Batzuk “hutsaldu” egin direla aitatu du. Adibidez, itsas-tenpluen adierazgarrietako bat izan da kolore zuriz margotuta eta kareztatuta egotea. Bizkaian ermita batzuk horrela mantentzen dira, Eako Talako Ama bera eta Pobeñako Soroskundeko Amaren baseliza, adibidez. “Donieneko Gaztelugatxe, ordea, ez da horrela mantendu. Ekaitzagaz edo eguraldi makurragaz, urrunean puntu zuri hori baino ez zuten ikusten, ekaitz denboraleetan etxerako bidea ermitak seinalatzen zien, eta, beraz, normala da bertako santuari edo ama birjina errezatzea eta debozio hori sortzea”.
Ean emango duen lehenengo hitzaldia bada ere, 2006an Talako Amaren baseliza bisitatzeko aukera eduki zuen. Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz, “marinoek kostaldeko eliza eta ermitetan uzten zituzten eskaingai edo ofrendei buruzko ikerketa” egin zuen.