Ligako lehenengoa heldu da
Erakustaldia emanda, Bermeo Urdaibai izan da azkarrena Zierbenan, eta sailkapen nagusian Zierbenarengandik eta Hondarribiarengandik puntu bakarrera dago orain.
Itxarotako garaipena heldu zaio Bermeo Urdaibairi. Bandera gosez zeuden, eta 40. Petronor Banderan jaun eta jabe izan zen atzo (uztailak 9). Mikel Ojeda arraunlari bermeotarrak esan bezala, “bandera astintzeko gogoz” zeuden, eta “lehenengo paladatik sentsazio onekin” arituta, erakustaldia eman zuten.
Denboraldiaren aurkezpenean azpimarratu zuten moduan, izugarrizko taldea osatu dute, eta iazko denboraldia hobetzea dute helburu. Bide horretan, Bizkaiko eta Euskadiko traineru txapelketak bereganatu ostean, ligan lehenengo kolpea eman zuen atzo talde bermeotarrak. Gorka Aranberri patroiak esan bezala, taldeak “berea egiten duenean badaki azkar ibiltzen”, eta horrela lortu dute ligako aurtengo euren lehenengo bandera. Garaipenak “indarra eman behar” diela uste du patroiak, “zuku gehiago ateratzeko” egarriz daude.
Bigarren luzean apurtu zuten estropada, eta Bermeoko eskifaiak “olatu gainean burutu zuen estropada”. Bere txandan aritu zen Hondarribiari 18 segundo eta 8 ehuneneko aldea atera zion. Bigarren txandako azkarrena izan zen Cabo da Cruz sailkatu zen hirugarren, Urdaibairengandik 23 segundo eta 46 ehunenera, eta Kaiku izan zen laugarrena (Caboren atzetik geratu zen bigarren txandan), lehen sailkatuarengandik 27 segundora.
Lehia estua emakumezkoetan. Euskotren Ligaren III. Edinor Banderan lehia bizia eduki zuten, eta Urdaibaik bezala, Oriok aurtengo ligan bere lehenengo bandera irabazi zuen.
Bigarren txanda zirraragarria izan zen. Hasieran Orio aurreratu bazen ere, Donostia Arraun Lagunak heldu zen aurretik ziabogara. Bigarren luzean Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldea berdinduta aritu ziren, eta estropadaren azken metroetan segundu bakarreko aldea egon zen hiru traineruen artean. Azkenean, 2022ko Euskotren Ligako txapeldunak lortu zuen bandera; Tolosaldea segundo bakarrera sartu zen, eta Arraun Lagunak bira. Txandako eta banderako laugarren postua Donostiarrarentzat izan zen.
Lehenengo txandan Hondarribiak eta Hibaikak ere lehia estua eduki zuten, eta Ama Guadalupekoa nagusitu zen. Cabo eta Tiran galiziarrek itxi zuten txanda eta banderako sailkapen nagusia.
Zapatuan etxekoak nagusi. Bestalde, gizonezkoetan zein emakumezkoetan Donostiarra nagusitu zen zapatu arratsaldean (uztailak 8).
Estropada amaiera zirraragarriaren ostean, etxeko taldeak 20:10,42 denboragaz irabazi zuen Eusko Label Ligaren XV. Bandera Fabrika; segundo 1 eta 74 ehunenera sailkatuta Zierbena izan zen bigarrena, eta 5 segundo eta 48 ehunenera geratu zen Urdaibai hirugarrena. Hondarribia, berriz, laugarren sailkatu zen Donostiarrarengandik 9 segundo eta 72 ehunenera.
Euskotren Ligari dagokionez, estropada eremuan marka berria ezarri zuen Donostiarrak: 10.44,90. VII. Fabrika Banderan, etxeko taldeak ziabogatik bueltan hartu zuen estropadaren burua, eta helmugaraino eutsi zion abantailari. Donostia Arraun Lagunak bigarren izan zen, 4 segundora eta Orio eta Tolosaldea sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hondarribia izan zen onena lehen txandan.
Puntu bakarrera. Asteburuko bi estropadetako puntuen banaketaren ostean, Eusko Label Ligaren sailkapen nagusiko buruan dira Zierbena eta Hondarribia 31 puntugaz, eta puntu bakarrera dago Bermeo Urdaibai. Getaria laugarren dago 23 puntugaz. Sailkapenaren beheko aldean Santurtzi eta Samertolameu daude zortzina puntugaz.
Euskotren Ligan, berriz, 21 puntugaz Arraun Lagunak da sailkapen nagusiaren buru, eta hiru puntu gutxiagogaz daude Orio, Donostiarra eta Tolosaldea.