Bermeotarrek uztailaren 23an egingo dute auzo alkateak aukeratzeko bozketa
Bederatzi auzotako bizilagunek botoa eman ahalko dute Ataldeko eskolan.
Agintaldi berri bat hasi eta udal korporazio berria osatu ostean, Bermeoko Udalak udalerriko bederatzi auzo alkateak aukeratzeko bozketa egingo du. Modu horretara, datorren uztailaren 23an herritarrak Espainiako hauteskunde orokorretarako botoa ematera deituta daudela aprobetxatuta, udalak egun berean auzo alkateak aukeratzeko prozedura martxan jartzea erabaki du gaurko ezohiko osoko bilkuran.
Hauteslekua Ataldeko eskolan izango dela zehaztu dute 2.6 hauteskunde mahaian, eta auzo bakoitzeko hautetsontzi bat jarriko dute.
Bermeotarrek aukeratuko dituzten auzo alkateak Agarre, Almika, Gibelortzaga, Artika, Arronategi, Demiku, Mañu, San Andres eta San Migel auzoetakoak izango dira.