Elixabete Etxanobe, Bizkaiko lehen emakumezko Ahaldun Nagusia
Jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoekin Elixabete Etxanobe Landajuela izendatu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusi, eta gainontzeko alderdi politikoei "eskua luzatu" die.
Elixabete Etxanobe Landajuela jeltzalea da Bizkaiko Ahaldun Nagusia; kargu hori beteko duen lehenengo emakumezkoa da. EAJ-PNV eta PSE-EEk ituna berretsi dute, eta, beraz, hirugarren agintaldia jarraian beteko dute foru aldundian.
Etxanobek eta EH Bilduko Iker Casanovak aurkeztu dituzte euren hautagaitzak gaurko (uztailak 5) Gernika-Lumoko Batzar Etxeko bilkuran; hasieran, PPko Raquel Gonzalezek ere aurkeztu du hautagaitza, baina saioa hasi orduko erretiratu du. 17:00etan hasi duten bozketan, jeltzaleen eta sozialisten 31 botogaz izendatu dute Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusi–23 hautetsi ditu alderdi jeltzaleak eta zortzi alderdi sozialistak–. Casanovak, berriz, koalizio abertzalearen hamalau botoak jaso ditu. PPko hirurek eta Elkarrekin Podemoseko biek zuri bozkatu dute.
Bizkaiarekin konpromisoa hartu du Etxanobek: “Gizarte hau osatzen dugun pertsona guztien bizitza hobetzeko ahaleginean, zintzotasunez lan egiteko konpromiso sendoa hartzen dut gaur. Badakit erronka handia daukadala aurretik. Erronka handiei beti taldean egiten zaie aurre. Talde handi bat izango dut nire ondoan”.
Itxaropen mezua ere zabaldu du: “Bizkaiak bere lehenengo Ahaldun Nagusi emakumea dauka. Espero dut horreek beste bultzada bat ematea berdintasunean aurrera egiteko”. Gaurko izendapen hau hainbeste emakumeren lanaren aintzatespena dela azpimarratu du: “Emakume horiek beraien lanarekin gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa ahalbidetu dute, eta, era berean, etorkizunean izendapen hau baliagarria izatea espero dut, beste emakume batzuk ere erantzukizun eremu desberdinen lehen lerroan egotea normalizatzeko”.
Halaber, “Bizkaia martxan” dagoela, eta erakunde “sendoen garapenari esker hazten dagoen” lurraldea dela azpimarratu du. Ahalik eta adostasun “gehien” bilatzea du helburu, eta gainontzeko alderdiei “eskua luzatu” die. Esan du hauteskundeetan kanpainan berba egindakoa betetzen duen gobernu proposamena aurkeztu duela, eta “bizkaitarren gehiengoak erakutsitako konfiantzatik”, bizkaitarren beharrizanei erantzuten jarraituko duen eta bizkaitarrek dituzten erronkei aurre egingo dien gobernua osatuko duela. Besteak beste, “Bizkaia berdeagoa eta adiministrazio hurbilagoa eta eraginkorragoa” izateko lan egingo dutela zehaztu du.
“Politika ausartak”. Casanovaren berbetan, gaur “argi geratu da Bizkaiak bultzada berri bat” behar duela, eta aldaketak “bere gain hartzeko eta lideratzeko gaitasuna” daukan proiektu politikoa behar dela: “Eta gaur hori ez dugu ikusi. Kontinuismoan eta konformismoan oinarritzen den gobernua ez dago lurraldeak dauzkan erronken mailan”.
Bizkaiak politika berriak behar dituela berretsi du: “Eta EH Bilduren eskutik heldu daiteke soilik halako gobernu bat. EH Bilduk gobernu alternatiba dela uste du”. Egungo egoerari erantzuteko “politika ausartak martxan jartzea” beharrezko dela nabarmendu du. Besteak beste, zaintza eredu komunitarioa eta transtsizio ekologikoa izan ditu hizpide, eta baita gazteek etxebizitza eskuratzeko dauzkaten arazoak zein lan egonkorra eta ondo ordaindutakoa eskuratzeko eta beren bizitza proiektua aurrera eroateko ere.
Bestalde, Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak “botere ekonomikoaren mesedetan eta horien interesen arabera” lan egitea leporatu zion EAJri, eta ez gehiengo sozialaren mesedetan: “EAJk PPrekin duen akordioak eta horren ondorioek kezkatzen gaituzte”.
Foru aldundiko gobernua
- Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak: Ager Izagirre Loroño.
- Ogasuna eta Finantzak: Itxaso Berrojalbiz Zabala.
- Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna. Teresa Laespada Martinez.
- Euskara, Kultura eta Kirolak: Leixuri Arrizabalaga Arruza.
- Gizarte Ekintza: Amaia Antxustegi Ziarda.
- Azpiegiturak eta Lurralde Garapena: Imanol Pradales Gil.
- Ingurune Naturala eta Nekazaritza: Arantza Atutxa Lejarreta.
- Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa: Sonia Perez Ezquerra.
- Sustapen Ekonomikoa: Ainara Basurko Urkiri.
Gernika-Lumoko Batzar Etxearen kanpoaldera euren aldarrikapena zabaltzera hurbildu dira sukarrietarrak, gaur. “Abiña Sukarrieta dela” berretsi dute beste behin, eta Sandinderi plataformakoen eta herritarren artean egon da Jaime Orueta alkatea, Sukarrieta Kanala Bizirik herri hautagaitzaren burua.