Zurezko eraikuntza dute orain ardatz, erronka berri batean
'Zelan neurtu eta kontrolatu zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen inpaktua?' da erronkaren leloa. Edozein ekintzailek, startupek, ETEk, teknologia zentrok edo unibertsitatek parte hartu dezake erronkan.
BEAZek (BFA) eskaintzen dituen negozio aukera berrien sorrera sustatzen duen BiOK! proiektuaren barruan, Bermeoaldeko Behargintzak, Lanbide Gernikak eta Egoinek erronka berri bat zabaldu die herritarrei. Helburua da zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen inpaktua neurtu eta kontrolatzeko irtenbide bat aurkitzea. Gogorarazi gura izan dute, Egoin eraikuntzaren sektorerako zurezko egiturazko konponbideak diseinatzen 30 urteko esperientzia egiaztatua duen familia enpresa dela.
Zelan neurtu eta kontrolatu zurezko eraikuntza industrializatuaren ingurumen inpaktua? da erronkaren leloa. Diotenez, erronkak behar desberdinei erantzuten die: «Zelan kalkula dezakegu egiturazko elementu bakoitzaren eta azpiegitura osoaren benetako ingurumen inpaktua?, zelan lerrokatu gure negozio plana eta kokapena garapen iraunkorraren printzipioekin (ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala) eta Europar Batasunaren jarraibideek ezarritako joerekin?, zelan kontrolatu lehengaiaren jatorria eta PEFC eta FSC ziurtapena?, zelan kontrolatu eta erregistratu zurezko egiturazko elementuen trazabilitatea (CLT eta MLE) eta horien ingurumen inpaktua?, zelan kontrolatu zuraren lehen eta bigarren transformazioko barneko eragiketak edo industria prozesuak?, zer adierazle berri beharko ditugu ingurumen inpaktuaren ikuspegi orokorra errazteko eta erabakiak hartzen laguntzeko?, zelan gorde eta argitaratu gure produktuei buruzko informazio garrantzitsua instalatu ondoren, parte hartzen duten eragile guztiek erraz eskuratu ahal izan dezaten?».
Edozein ekintzailek, startupek, ETEk, teknologia zentrok edo unibertsitatek parte hartu dezake, “baldin eta planteatutako erronka partzialki edo osorik konpontzen laguntzen badu». Hala, proposamenak http://bizkaiaok.eus plataformaren bidez aurkeztu beharko dira uztailaren 28a baino lehen.
Proiekturik onenak aukeratzeko, ebaluazio talde bat eratuko dute; Egoinek eta BEAZek parte hartuko dute horretan. Ondoren, proiektu finalistek In factory innovation trip sorkuntzarako tailer batean parte hartuko dute. Azkenik, Egoinek aukeratuko du erronkaren irabazlea, eta konpromisoa hartzen du enpresa irabazlea kontratatzeko, proiektu pilotu bat garatu dezan. Enpresa irabazleak, gutxi gorabehera, sei hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko.
Ekimena zertan datzan azaltzeko eta zalantzak argitzeko uztailaren 10ean (astelehena) informazio jardunaldi bat egingo dute streaming bidez, 12:00etan.
Maier erronka luzatu. Beste alde batetik, maiatzean, Bermeoko Behargintzak, Maierrek eta Lanbide Gernikak abiarazitako erronkan parte hartzeko epea, berriz, irailaren 29ra arte luzatu dutela jakitera eman dute.