Ikusteko eta entzuteko bilduma
Irudiei hitz egiten dieten erakusketa da 'Unea iritsi arte ez diogu ekingo'. Leire Ugalderen eta Irantzu Yaldebereren argazkiak Eskolondon zein herrigunean ikusi daitezke.
Arte garaikidea Eako udatiar bihurtu da azken urteotan. Adierazpide isila, irudien bidez asko esaten duen horietakoa hartu du aurten, eta, aldi berean, ahotsa eduki ere baduena.
Leire Ugalde eta Irantzu Yaldebere bilbotarren argazkiekin beteta dago Eskolondoko erakusketa aretoa. Unea iritsi arte ez diogu ekingo izenburupean osatu dute Harriak arte garaikideko programaren barruko bilduma, eta Julen Garcia beasaindarra da bitartekaria.
Euren artxiboetatik» argazki bikiak» aukeratu eta erakusketa aretora eroan dituzte: «Batek besteari argazki bat bidali, eta hark argazki batekin erantzun dio». Erakusketan aurrez aurre edo parean daude irudi bikiak. Horrez gain, «beste narrazio mota batzuk ere bilatu» dituzte; «aske bat egin dute».
Irudia da bildumaren oinarri eta ardatz, eta audioa bidelagun. Izan ere, argazkilariek objektibopean betierekotutako momentuei ikasleek ahotsa ipini diete, irudiekin hitz egiteko. Bilboko Ibarrekolanda BHIko ikasleek grabatutako audio horiek sakon entzuten dira aretoan. Adibidez, «desberdinak izateko beldurrik ez izatea» aldarrikatzen duten mezua zabaltzen da bertan.
«Irudiaren inguruan sortu dugu erakusketa. Irudiaren lanketan aritu naiz ikasleekin, eta Irantzuren eta Leireren irudi jakin batzuk aukeratu eta audioak sortu dituzte, irudiak interpretatu dituzte. Emaitza oso polita da», azaldu du Garciak. Zer den irudi bat, irudiak zelan interpretatu, irudiekin zelan hitz egin… hori jorratu du ikasleekin, eta erakusketak berak irakaspen horiei buruz gogoeta egiteko aukera ere ematen du.
Lau hormen artean ez ezik, espazio publikoa bera ere agertoki eta erakusleiho da. Herriko sarreretako batean, Eskolondoko arkupean, moilan eta errekako zubietako batean eskegi dituzte argazkiak.
Sortutakoa ezagutara eman, publiko egin, publikoagaz konpartitu. Horri buruz ere berba egiten du Unea iritsi arte ez diogu ekingo bildumak. «Gauzak publiko bihurtzeko edo kaleratzeko dauden arazoei buruz ere hitz egiten du, non erakutsi gauzak eta zer egin. Adibidez, Leire urte askotan egon da prozesu sakon eta oso konplexuetan, baina unea iritsi arte ez du jauzia eman».
Mainahj beasaindarraren Tarragonako Llucia Plaren kontzertuekin osatu zuten inaugurazio ekitaldia, domekan. «Mainahj artista autodidakta da musika arloan, eta urte askotan sortzen egon da. Kontzertuak beti izan dira pribatuak, etxean, garajean, lagunarteko giroan, esparru pribatutan emandakoak. Orain beste une bat iritsi da. Eta LLucia banekien prozesu pertsonal batean egon dela eta gogoa neukan hemen izateko», zehaztu du bitartekari gipuzkoarrak.
Lau artistak oso eskuzabalak izan direla eta erakusketa osatzeko laguntzaile asko izan dituztela azpimarratu du. Halaber, artisten berbetan, «plazerra da poesiaren herri horretan euren lanak erakutsi ahal izatea».
Bestalde, Garciak adierazi bezala, irudiak ez dauka «eremu sakonerarik, Eak bezala». Iritsi, oinez hasi eta elizak, zubiak, erreka eta harea «gainjartzen dira beste sekuentzia azkar» batean: «Herria ulertzeko denborarik gabe iristen gara itsaso zabalera, mendiartera. Bada, irudian berdin, gehiegi jakin gabe hemen gaude bi buruen artean, ileen artean. Unea iritsi arte ez diogu ekingo».
Erakusketa astelehenetik barikura bisitatu daiteke, astelehenetan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Eskolondo, eta martitzenetik barikura, berriz, 10:00etatik 13:00etara.