"Urdaibai ez dago salgai"
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren kontrako mobilizazioan, eskualdearen izaera bera "jokoan dagoela" nabarmendu dute, eta "antolatzea eta beste eskualde baten alde bultza egitea" beharrezkoa dela aldarrikatu dute.
Gernika-Lumoko eta Bermeoko Ernaik deituta, Guggenheim Urdaibairen kontrako manifestazioan batu ziren atzo arratsaldean (ekainak 30), Gernika-Lumon. Urdaibai “ez dagoela salgai” adierazi zuten.
Guggenheimi ezetza adierazteagaz batera, agintariei eskatu zieten “eskualdearekiko daukaten utzikeriagaz amaitzeko”. EAJk gobernatutako instituzioek Busturialdearentzat aukeratutako eredua kritikatu zuten; “eskualdea soilik turismo industriara” bideratzea leporatu zioten alderdi jeltzaleari.
Esan zutenez, eskualdeko ondare natural eta historikoaren “ustiapen ekonomikoa bultzatu” nahi dute, “gutxi batzuen interesei men egingo” diena, eta, eragin ditzakeen ondorioen artean aipatu zituzten bigarren etxebizitzen zabalpen neurrigabea, alokairuen prezioen igoera eta ostalaritzako lanpostu prekarioak: “Horiek dira turistifikazio basatiak Euskal Herriko gune masifikatuenetan eragin dituen ondorioak, eta, norabidea aldatu ezean, gurera heldu daitezkeenak, gainera, diru publikoz lagunduta. Herritarren gehiengoari kalte egin diezaiokeen proiektua bultzatu behar al dute instituzio publikoek ekonomikoki?”. Eskualdearentzat beste proiektu estrategiko desberdinik ez ote dagoen galdegin zuten.
Ekologia zein ekonomia arloetan proiektuak sortzen dieten kezkaz gain, Ernaiko kideen ustez, eskualdearen izaera bera “jokoan” dago. Antolatzeko dei egin, eta “beste eskualde baten alde bultza egitea” beharrezkoa dela azpimarratu zuten: “Nahiz eta Busturialdean euskara beste toki batzuetan baino indartsuago egon, egoera gero eta ahulagoa eta hauskorragoa dela diote datuek. Guggenheimek ekarriko lituzkeen ondorio linguistikoei buruz hausnartu al dute ‘bai ala bai’ egin nahi duten agintariek?”.
Bertako herritarren gehiengoarentzat bizigarria den Busturialdea gura eta behar dutela aldarrikatu zuten, “turismo basatia oinarri” duena barik, lehen sektoreak eta industriak “lekua izango duten” eskualde euskalduna eta jasangarria.
Datuak. Gaiak zeresan handiak eman baditu ere, herritarrei proiektu eta egitasmo zehatzik ez zaiela helarazi kritikatu zuten: “Baina pixkanaka forma hartzen ari da, jende askoren haserre eta kezkarako”. Hala, hainbat datu gogora ekarri zituzten: “Azken asteotako berria izan da proiektuaren kostua 130 milioi eurokoa izan daitekeela, eta Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, 140.000 turista ekarriko lituztekeela”.