Aurten ere Harriak arte garaikideko programagaz bat egin du Eak
'Unea iritsi arte ez diogu ekingo' erakusketa inauguratuko dute domekan (uztailak 2), eta hiru astez egongo da bertan.
Harriak programaren barruko Eremuak espazioak Unea iritsi arte ez diogu ekingo erakusketa dakar aurten, Eara. Domekan (uztailak 2), 12:30etik aurrera inauguratuko dute, eta uztailaren 23ra bitartean bisitatu ahalko dute Eskolondora hurbiltzen direnek.
Domeka honetan musikagaz osatuko dute irekiera, kontzertuak ere egongo baitira Eskolondoko arkupean: 15:00etan hasiko da Mainahj beasaindarra eta 16:00etan, berriz, Tarragonako Llucia Plaren txanda izango da.
Hain zuzen ere, aipatutako bi sortzaileak erakusketaren partaide dira, Leire Ugalde eta Irantzu Yaldebere bilbotarrekin batera. Julen Garcia beasaindarra da bitartekaria, eta haren herrikide Elisabeth Dominguezek sortu du testu kritikoa.
Kontzertuen aurretik, baina, Irudiei hitz egiten saioa egingo dute 13:00etan. Erakusketaren arduradunek Ibarrekolanda BHIko ikasleekin sortutako proposamena da. Ikasleek Ugalde eta Yaldebereren irudien artean bat aukeratu, eta audio bat sortu dute, “irudiei hitz eginez”. Era berean, ekarpen gehiago egiteko aukera dagoela gogoratu dute. Hau da, herritarrek edozein irudi hautatu eta audioa bidali dezakete: “Erakusketa aretoan bertan izan daiteke, etxerako bidean, ala beste egun batean…”.
Grabatutako audioak julengarciamuela@gmail.com helbidera bidali behar dira, eta behin jasota, erakusketa dagoen bitartean momenturen batean entzungai egongo dira, “irudien artean, itsasoari begira”.
Ordutegia. Erakusketa astelehenetik barikura bisitatu daiteke, astelehenetan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Eskolondo, eta martitzenetik barikura, berriz, 10:00etatik 13:00etara.
Jendeak bidalitako audioekin osatuko dute erakusketa
Eremuak espazioa. Praktika artistikoen testuingurua “euskal esparruan inplementatzeko” prestatutako espazioa da Eremuak. Artistentzat eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzeko helburuagaz sortu zuten 2010ean.
Aurten, Ean, Zallan eta Agurainen bat egin dute programagaz. Ekainaren 16an Mugimendua izenburupean egun osoko egitaraua izan zuten Zallan, tailerrak, kontzertuak eta bideo proiekzioak eskainiz. Agurainen, ostera, In gura erakusketa izango da bihartik (ekainak 30) uztailaren 30era bitartean, eta uztailaren 6an bi orduko tailerra ere emango dute.