Ostalari eta Monitoreen Jardunaldiak izango dira Gernika-Lumon
Busturialdeko Langile Autodefentsa Sareak eta Gazte Kontseilu Sozialistak Ostalari eta Monitoreen Jardunaldiak antolatu dituzte biharko (ekainak 29). 17:30ean hasita, tailerrak eta solasaldiak izango dituzte, Elai Alai aretoan.
Bertan, bi sektore horietako langileen lan baldintzei buruz arituko dira, horien eskubideak zeintzuk diren lantzeko eta bizipenak partekatzeko tartea izanez. Horrekin batera, lan eta bizi baldintzen aldeko borrokaz jardungo dute, gaur egungo aukerez eta erronkez hausnartuz.
Busturialdeko Langile Autodefentsa Sarekoek esan dutenez, udagaz batera “laneko esplotazioaren areagotzea” etorri ohi da, izan ere, urte osoan zehar langileek jasaten dituzten lan esparruko a”razo eta baldintza txarrei” udako lan merkatuak dituen ezaugarri eta arazo propioak ere gehitzen zaizkie: “Atseden faltari, kontraturik gabe lan egiteari, hitzarmen kolektiboak ez betetzeari, ordaindu bako ordu gehigarriei, soldata baxuei, eta urte osoan zehar langileon bizimodua baldintzatzen duten arazoei lanaren intentsifikazioa, aldi baterakotasuna, lanaldi luzeak, ordutegi gorabeheratsuak eta eguraldiaren araberako aldaketak bezalakoak gehitu behar zaizkie”. Horri guzti horri aurre egiteko asmoz, Laneko Autodefentsa Bulegoa zabaldu zuten Gernika-Lumon, eta udan ere irekita izango dutela jakinarazi dute.
Uste dute Busturialdea “oporraldien helmuga izateak” langileen lan karga “handiagotzea” dakarrela, eta aisialdiarekin eta oporraldiarekin loturiko sektoreetan “areagotu egiten dela soldatapeko lana”, adibidez, ostalariengan, aisialdi-begiraleengan kirol-monitoreengan eta turismo-gidariengan: “Nabarmentzekoa da, gainera, Busturialdean turismoari ematen ari zaion bultzada; Gaztelugatxeren masifikazioak, Urdaibaiko Guggenheim proiektuak, zein alokairu turistikoen hedatzeak erakusten dutenez. Aldi baterako lanak izateak, gainera, lanpostuen izaera desegonkorrarekin batera, langileon antolatzeko baldintzak zailtzen ditu. Horrekin, langileok banatuta eta nagusien aurrean babesgabe egotera kondenatzen gaituzte. Argi dago langileon antolakuntzaren eta horren presioaren faltan, formalki ditugun lan eskubideak ez direla beteko”. Langileen artean elkartu eta antolatzea funtsezkoa dela nabarmendu dute beste behin, eta horren alde lan egiten jarraituko dutela.
Ostalari eta Monitorren Jardunaldiak:
- 17:30. Zer lan eskubide dago ostalaritzan? eta Zer lan eskubide dago monitoretzan? tailerrak eta Langileon esperientziak solasaldiak.
- 19:00. Lan eta bizi baldintzen aldeko borroka hitzaldia.