San Pedrok eta Kaikuk nagusitasuna berretsi dute Busturialdean
Busturialdea lehenengo txandako onena izan da Mundakan, eta bederatzigarren geratu da, eta Elantxoben, berriz, hamargarren.
KAE 1 Ligan Sanpedrotarrak irabazi zuen XX. Mundakako Onura Homes Ikurriña atzo (ekainak 25), eta Lapurdi Antton Bilbaorentzat izan zen 35. Elantxobeko Traineru Estropada, zapatuan (ekainak 24). ETE Ligan jardunaldi bakarra izan dute asteburuan; Kaiku izan zen onena XX. Mundakako Onura Homes Ikurriñean.
Gizonezkoen KAE 1 Ligako atzoko estropadari dagokionez, San Juan eta San Pedro nabarmendu ziren hirugarren luzera arte, eta Lapurdi atzetik aurrera etorri zitzaien. Haize boladek ikusgarritasuna erantsi zioten estropadari. Laugarren luzean sanpedrotarrak hegan egin zuen poparean, eta alde handia atera zien gainontzekoei; 21 minutu, 40 segundo eta 90 ehunenetan amaitu zuen. Arkote ere gora doa; Elantxoben hirugarren sailkatu ostean, Mundakan bigarrena izan zen, San Pedrorengandik zazpi segundo pasatxora.
Bestalde, bederatzigarren sailkatu zen Busturialdea azkarrena izan zen bere txandan: 22.26,01. Alde nabarmena atera zien gainontzeko laurei; etxekoengandik 30 segundora eta 15 ehunenera amaitu zuten hondarribiarrek, eta estropada amaitzeko 23 minututik gora behar izan zuten Deustok eta Castrok.
Iaz mailaz igotako Lapurdik bere lehenengo bandera lortu zuen Elantxoben, zapatuan; 20.43,81 denboragaz irabazi zuen. Hiru segundo pasatxoko aldea atera zion Sanpedrotarrari.
Hondarribiaren atzetik geratuta, Busturialdea lehenengo txandako bigarrena izan zen. 21 minutu, 27 segundo eta 70 ehunenetan burutu zituzten lanak etxekoek, eta hamargarren sailkatu ziren.
Asteburuko bi jardunaldien emaitzak batuta, sailkapen orokorrean 45 puntu dauzka San Pedrok eta lau gutxiago Lapurdik. 39 puntugaz San Juan da hirugarrena, eta Arkote dago atzetik 37 puntugaz. Busturialdea, berriz, hamaikagarrena da, 10 puntugaz.
ETE. Emakumezkoen ETE Ligan Kaiku eta Zumaiaren arteko lehia ikusi da beste behin. Bizkaitarrek hiruzpalau segundoko tartea zabaldu zuten lehenengo luzean, ziabogaren ostean, bi segundura zeuden gipuzkoarrak, baina lanak ondo eginda, Kaiku ia bost segundoko aldeagaz nagusitu zen. 12.11,98 izan zen irabazlearen denbora.
Ondarroak, Astillerok, Portugaletek eta Hernanik osatu zuten lehenengo txanda, eta horietan azkarrena Astillero izan zen (12.50,73). Lehenengo kaletik irten zen Ondarroa izan zen txandako bigarrena (12.56,62), eta haren atzetik sartu ziren Hernani (12.59,88) eta Portugalete (13.35,13).
Sestaoarrek bigarren bandera lortu dute aurtengo ligan, eta, sailkapen orokorrean, puntu bakarreko aldea dago Kaiku eta Zumaiaren artean, 23 puntugaz eta 22 puntugaz daude, hurrenez hurren. Kaikurengandik bost puntura dago Deusto eta bederatzira Astillero.