Jaietako egun handiagaz amaitu dituzte sanjuanak, Ean
Barikuan hasita, parrandarako aitzakiarik ez dute behar izan eatarrek, eta gaur San Juan jaien egun handiena ospatzeko batu dira: Erreka Eguna.
Jaietako ikurretako bat den Ate gainekoa dantza eskaini dute eguerdian. Donibane Enparantzan hasi eta amaitu dute erronda; ohi legez, bidean zenbait geldialdi egin dituzte dantzatzeko. Jarraian, Ardoa Barrura fanfarriakoek hartu dute lekukoa, eta kalerik kale musikaz jantzi dituzte bazterrak.
Arratsaldean, berriz, errekan sartzeko ohiturari eutsi diote. Eguerdian bezala, ume, gazte zein helduak batu dira. Busti-busti eginda, alkarri ura jaurtiz freskatu dira, beste urte batez. Gero, jaiak goi-goitik agurtzeko, Danbayan batukadaren erritmo artean astindu dituzte gorputzak.