Anton, Ramon eta Karlos Onaindia, hiru anaia Australiara
Anton Onaindia atera zen lehenengo, 1961ean eta, 1964an, beste biak.
Anton Onaindia 1941eko irailaren 3an jaio zen Amoroton. 1961ean Australiara joan zen. «Han lehengusina neukan Jose Gabiolagaz ezkonduta, kaña farma zeukaten, eta idatzi egin nien, hara joateko gogoa neukala eta; baten batek erreklamatu behar ninduen. Baietz esan, eta horrela joan nintzen. Eurek ordaindu zidaten pasajea. Gero neure beharragaz ordaindu nien», dio.
Lekeitiotik Hendaiara eta handik Genovara trenean. Sidney itsasontzian sartu, eta 37 egunen buruan heldu zen Brisbanera; denboralea eta eskala asko tarteko. «Gizon handi bat neukan itxaroten, Anton Onandia idatzita zeukan kartel bat eskuetan zuela. Zeinu bidez komunikatu, eta haregaz joan nintzen tren geltokira. «Ayr» ipintzen zuen paper bat ipini zidan bularrean». Hurrengo egunean heldu zen senideen etxera. Jose Gabiolanean egin zuen lo, eta hortxe izan zuen lehen ustekabea. «Oheak sarez inguratuta zeuden; harrituta nengoen ea zertarako ote ziren… Laster konturatu nintzen, bai, dena moskitoz bete zenean!». Hurrengo egunean arropak erosi eta arratsaldean traktoreagaz lan egiteko esan zioten. «Ez nekizkien martxak ezta enbragea erabiltzen ere. Erregadioan ere ibili nintzen, Ayrren kaina ureztatzen eta, gero, kaña ebaten».
Kaña ebatea lan gogorra zen, baina are gogorragoa beroa Antonentzat. Sasoia amaituta, tabakora joan zen. «Handik Stantonera joan ginen; Anton Zabalak egin zuen berba, eta italiarren sozietate batera joan ginen lan bila: berehala agertu zen gizon bat, sagarrak batzera joateko. 10-12 mila kilo batzen genituen ordu eta erdian. Sagarrondoak baxuak ziren. Zazpi lagun ginen. Victor Arostegi Bolu eta Itxono ere eroan nituen frutara. Gero Ayrrera, Claudio Bilbao eta Anbriosio Zaldunbide farmeroek batera hartzen zuten jendea, eta hantxe ebaki nuen kaina. Nik beti Ayrren», azaldu du.
Anton: «Traktorean ez nekizkien martxak ezta enbragea erabiltzen ere…!»
Zazpi urtez ebaki zuen kaña. Lehenengotan kosta egin zitzaion. «Bakoitzak bere ilarak eroan behar zituen, eta baten batek lehenago amaituz gero, besteei lagundu. Hortxe izaten zen inoiz gorabehera, ze irabazi, denok egiten genuen berdin. Lagun onak izan nituen, Bittor Bolu, Tomas Ugarteburu, Olabarri, Txomin…», aitortu du Antonek.
Hiru urtetan leku berera joan zen fruta batzera. Autoa beharrezkoa zuen, eta karneta atera zuen. 1964an Volkswagen Cucaracha delakoa erosi zuen. Etxekoekin gutunez komunikatzen zen, eta beti bidaltzen zien dirua gurasoei.
Antonek zazpi urte egin zituen guztira Australian. Denbora hartan, bi anaia erreklamatu zituen: Ramon eta Karlos.
Ramon eta Karlos Onaindia
Ramon Onaindia 1945eko urtarrilaren 1ean jaio zen, eta Karlos Onaindia 1946ko urtarrilaren 8an. Biak Amoroton. Hamaika neba-arreba izan ziren. 1964ko uztailaren 16an elkarregaz joan ziren Australiara, Anton anaiak erreklamatuta. Berak ordaindu zien dena. «Bilbon sekula egon barik, nondik genbiltzan ere ez, Agencia COR-en egin genituen paperak. Ez nuen soldadutza egin gura, baina bueltan egin behar izan nuen», dio Ramonek.
Bidaian gorabehera handiak izan zituzten. Hendaiara joan ziren. Han Lekeitioko bat bizi zen, eta bera zen tramite guztien arduraduna, Antonek esanda. Handik trenean joan ziren Genovara. «Trenean errebisoreak esan zigun Suitzara zihoala trena; lekeitiarrak ezetz, haxe zela trena. Hurrengo geltokian jaisteko agindu ziguten. Halakorik! Eta orain zer? Hartu maletatxoak eta tabernara joan ginen. Tabernariak esan zigun zein hartu. Eskerrak!», azaldu du Karlosek.
Genovara aurrikusitakoa baino egun bat beranduago heldu ziren. «Hotelera etorri ziren bila, eta portura joan ginen. Sidney zen ontzia. Hiru bozina jo eta altxatu zuten eskailera. Gu begira. Zer egin ez genekiela, halako baten, Karlosek esan zuen: ‘Orain geldi-geldi Amorotora joan beharko dugu…’. Berriro bota zuten eskailera, eta barrura sartu ginen. Bospasei kamarote aldatu genituen; zer zen ha! Ontzia huraxe zen, baina Antonek beste agentzia baten hartu zigun astebete gerorako. Iruzurra izan zen», diote anaiek.
Ramon: «Ez nuen soldadutza egin gura, baina bueltan egin behar izan nuen»
33 egun eta gero, Brisbanera heldu ziren, eta handik trenean Ayrrera. «Gu oso urduri, noiz helduko, bidaia luzea zen eta. Orduan Mary Arrate etorri zen; hark bazekien gu han gindoazela. Lasai egoteko esan zigun», dio Karlosek. Anton anaia eta Tomas Ugarteburu izan zituzten zain geltokian, eta Ayrrera joan ziren. Antonek arropak ekarri zizkien. «Jantzi praka laburrak. Gu zuri-zuri, denak geuri begira; nondik ote gentozen galdezka seguruenik. Lazaronean bizi ginen. Hurrengo egunean tirantedun kamiseta, praka motzak, sonbreroa eta kaina berdea ebatera solora. Guk, zelan ebaten zen ere ez; kurumiñoak barretz, dzast! dzast! Anton eta Tomas barreka. Gu Dioska! Apropos egin ziguten».
Lan gogorragaz ohituta bazeuden ere, beroagaz ez eta ez zegoen formakuntzarik, eskarmentu handiagokoen laguntza eta animoa baizik. Matxetez mozten ziren kanaberak. «Han ez dago eskolarik, heldu holan, ebaki…eta kitto!», gogoratzen du Karlosek.
Inspektoreek farmero bakoitzari kanabera tona jakin bat esleitzen zioten, eta kopuru horren arabera lan-taldeak egiten zituzten euren artean. «Egunero jakiten zuten errotak eta farmeroak zenbat tona izango zen moztekoa. Ugazabari interesatzen zitzaion ipurditik ebatea. Punta ere kendu behar zen; ez zuen azukrerik, baina, bai pisua; hortxe egoten zen kexa», dio Ramonek.
Karlos Onaindiak kaña ebaten bi urtez egin zuen; baita tabako plantazio batean tabakoa landatu, batu eta sailkatzen ere. Han egon zen denboran, italiera eta ingeles apur bat ere ikasi zituen. «Aurrerago nigaz egon ziren beste euskaldun batzuekin Hegoaldera joan nintzen, lehendabizi Melbournera, handik Mount Gabira eta gero, Milicentera. Bost ginen. Basoan jardun nuen, pinu botaten».
1967ko irailean istripu larria eduki zuen basoan, Mount Gabian, egur brintza batek begian eman, eta begi bat galdu zuen. Ospitalean igaro behar izan zituen hainbat hilabete. Osatuta, pinuan jarrraitu zuen. Sasoirik onenean etxetik deitu zioten, ama ez zegoela ondo eta bizirik ikusi nahi bazuen, bueltatzeko. Itzuli eta bertan gelditu zen.
Karlos: «Han ez zegoen eskolarik, heldu holan, ebaki… eta kitto!»
Ramon Onaindia eraikuntzara joan zen Australiara heldu zenean. «Ez neukon kontraturik oraindik, berandu zen kainarako, sasoia aurrera zihoan eta. Konstrukzioan hasi nintzen beharrean Populinenean. Ezin ulertu elkarri! Hiru bat hilabete eta gero, Anton Zabalak esan eta kaina ebaten hasi nintzen, neu bakarrik, ez neukan beste aukerarik eta… Gogoratzen dut hirugarren egunean edo, kañari biguna iritzi niola, zer eta sugea erreta, Dios!!! ‘Horiek ez dute ezer egiten, gizona!’ esan zidan Antonek», gehitu du Ramonek.
Kainabera eroateko trenaren linea berria egiten ibili zen –Fred zen ugazaba– eta tabakoan ere bai. Anaiak, Antonek, erosi zion motorra, eta gero berak Tomas Armaoleari autoa erosi zion, Mini bat; aurrerago beste bat ere eduki zuen.
Zapatuetan herrira joateko ohitura zeukaten. Antonek, lehenengoz joan zenean, ikaragarrizko ezustekoa hartu zuen: «Lehenengoz joan nintzenean Queen’s hotelera, dena jende ezaguna, euskaldunak, geure inguruko herrietakoak: Aulesti, Ispaster, Munitibar, Lekeitio, Mendexa… hementxe berton banengo bezala», dio Antonek, hunkituta. Itsasondora edo dantzara ere joaten ziren. «Zapatak janzten genituen herrira joateko, bestela ortozik, oinak zabalduta genituen eta ezin sartu oinetakoak, min gainera». Ez zen gozoa izaten.
«Heldu eta denborara, aitari esku-soinua bidaltzeko eskatu nion; eta itsasora joaten ginenean barbakoak egitera, han jotzen nuen», aipatu du Karlosek. «Ni ehizazalea nintzen, eta basurdatan egiten genuen gauez ilargiaren argiagaz lagunek: sokagaz harrapatu, bizirik ekarri etxera eta pentsua ematen genien, haragia hobetzeko eta jateko», dio Ramonek.
Ramonek lau urte egin zituen guztira. 1967ko abenduaren 25ean bueltatu zen etxera, inori ezer esan barik. Gurasoek ezin zuten sinetsi ere egin. «Hona heldu eta hurrengo goizean txingorra zegoen. Altxatu nintzen, eta han moduen, ortozik; amak halako begiradarik, ziur pentsatuko zuela burutik jota nengoela. Koinatuak ea zoratuta nengoen… Gainera, orpoan kailua neukan, eta aproba egin genuen: ipini bizarra mozteko hiru kutxilla, nik gainetik sakatu oinekin eta ez nuen zauririk egin».
Australian pozik eta ondo egon dira hirurak, eta gomuta onak dituzte. Ez dira inoiz bueltatu. Anton eta Ramon Lekeition bizi dira eta Karlos Amoroton.