Kepa Arronategik etxean preso egoteko ebazpena jaso duela jakinarazi du Gernika-Lumoko Sarek
Sarekideek dinamika sozial iraunkorra aurkeztuko dute modu bateratuan lantzeko, eta ikasturte bakoitzeko plangintzak plazaratuko dituzte.
Kepa Arronategi 2020ko ekainetik Arrasateko Aita Menni ospitalean dago, eta sarekideek atzo arratsaldeko (ekainak 16) mobilizazioan eman zuten azken berria: “Poztasunez hartu genuen orain dela aste batzuk Kepa Arronategi etxean preso egoteko ebazpena, beregatik eta etxekoengatik. Eneko, Jabi eta Kepa bera libre eta etxean izan arte lanean segituko dugu”.
Sare Gernika-Lumok dinamika sozial iraunkorra aurkeztuko du modu bateratuan lantzeko, norbanako zein kolektibo gisa, ekarpen aktiboa bultzatzeko. Ikasturte bakoitzeko plangintzak plazaratuko dituzte, “tarteko helburuak betetzen joateko, eta, metatzen eta areagotzen doan bidea gauzatzeko”.
Proposatu duten lanketak honako oinarrizko bost printzipio hauek dauzka: Salbuespen neurri guztiak amaitzea (zigor batuketak, 40 urteko espetxe zigorrak, epaitegi zentralak), bide judizialari oztoporik ez ipintzea eta gradu erregresiorik ez ezartzea, euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea, konponbidea-elkarbizitza ardatza izatea eta gatazkaren eta giza eskubideen urraketaren kontakizun inklusiboaren alde egitea. “Lehen urratsa hurrengo hilabeteetan harreman bira zabal bat egitea izango da, eragile eta norbanako ugarirekin, berauek partekatzeko. Horri ekingo diogu hemendik aurrera”.
Horren guztiaren euskarria izan nahi duten eta egungo fasearen erronka islatzen duten logo eta banderatxo berriak kaleratu dituzte, eta aldarrikapenak ahalik eta “presentzia sozial zabalena” izan dezan, balkoietan, leihoetan, lantokietan, lokaletan, txokoetan, elkarteetan… jartzera animatu dituzte herritarrak.
9 urte. Giza eskubideen eta konponbidearen aldeko Sare Herritarra 2014ko ekainaren 15ean jaio zen, euskal preso eta iheslarien etxeratzea lortzeko helburagaz eta oraindik ere helburu hori daukala gogoratu zuten atzo: Ā “Ordutik gauzak asko aldatu dira; sistematikoki hamardaketan ezarritako salbuespen neurri zitalena den dispertsoaren mapa atzean utzi dugu, eta preso eta iheslari kopuruari dagokionez, Gernika-Lumo eta ingurukoen kasuan, zortzi zeuden orduan, eta orain hiru dira gatibu jarraitzen dutenak. 2023ko urtarrilaz geroztik, prozesu sozial berria abiatu dugu SARE Gernika-Lumok bultzatua. Behin dispertsioaren amaiera beteta, oraingokoak, euskal preso, iheslari eta deportatu guztien erabateko etxeratzean Gernika-Lumoko gehiengo soziala aktibatzea eta posizionatzea izango du helburu”.
Udako hitzorduak. Datozen asteetan eta hilabeteetan deituko dituzten mobilizazioen berri ere eman zuten atzo. Hain zuzen ere, ohiko hitzorduak dira: hilabeteko azkenengo barikuetako elkarretaratzeakāhurrengoa ekainaren 30ean izango daā, Etxerat-ek deitutako hondartzetako ekimenak āabuztuaren 6an izango da aurtengoaā, eta Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietan SARE Gernika-Lumok deitutako mobilizazioaā abuztuaren 18an izango daā.