"Nire irudimenetik ateratako istorioa da %100ean, fikzioa da"
'La vida es un tango, Gari' bere lehenengo eleberri beltza kaleratu du mundakarrak, Alberdania argitaletxeagaz; atzo Donostian aurkeztu zuen eta gaur Mundakan egingo du, 19:30ean.
Nondik datortzu idazteko grina?
Nire etxean betidanik asko irakurri da; oso gaztetatik irakurtzen dut, eta asko irakurri, gainera. Buruan beti eduki dut zer edo zer idazteko ideia, hor neukan egitekoetan.
Zelan iritsi zitzaizun idazten jartzeko momentua?
Seme-alaba nerabeak izan dira abiapuntua. Euretako batek YouTube jartzen zuen une oro, eta txarto jartzen nintzen ikusten zituen bideoak entzuten. Gogoraratzen dut bariku gau bat zela, ez nuen gehiago aguantatzen. Ordenagailu eramangarria atera, eta eleberriaren izenburua etorri zitzaidan burura. Nire kuadrillako baten esaldia neukan buruan bueltaka: La vida es un tango, Gari. Hortik dator liburuaren izenburua.
Izenburuagaz abiatu zinen orduan.
Bai, eta hortik abiatuta hasi nintzen gauzak pentsatzen. Lehenengo gau hartan lehenengo kapitulua idatzi nuen, eta amaitu nuenerako istorioa ia osorik buruan neukan. Hurrengo egunean jarri nintzen berriro idazten, eta bigarren kapitulua idatzi nuen. Emazteari erakutsi nion, eta gustatu egin zitzaion, beraz, jarraitzea erabaki nuen. Hori bai, orduko hartan oraindik ez nekien amaituko nuen edo ez, baina amaitu dut.
Zenbat denbora behar izan duzu idazteko?
Uste nuena baino errazagoa egin zait zirriborroa idaztea. 2021eko azaroan hasi nintzen eta 2022ko Aste Santuan amaitu nuen.
Droga kontuak dira nagusi. Nondik dator ideia?
Mundakan asko ikusi dut droga giroa. Nire aita eta nire arteko belaunaldietan heroinak gogor jo zuen. Ikusten nuen jende oso normala, oso sartuta; egoera horrek asko harritu nau beti. Herri txikietan gauza asko entzuten dira, eta entzuten nuen ez dakit nork droga xeheka salerosten zuela. Zelan arriskatu daitezke kartzelara joatera, zelan jarri dezakete arriskuan euren bizitza droga zantarrarengatik? Betidanik izan dut galdera bat buruan: Zerk mugituta egiten dute hori? Dirua? Dirua bakarrik ezin daiteke izan. Eleberrian ere agertzen da, eta kostaldean bizi garenok noizbait entzun izan dugu, ez dakit ze hondartzatan agertu dela droga fardo bat. Gerora, nire bizitzan ikusi edo jaso ditudanekin galdera berriak sortzen zitzaizkidan. Esaterako, zelan jendeak ez dituen ikusi gura oso engantxatuta daudenak. Bestetik, beti pentsatu izan dut oso erraza izan behar dela arrastoa jarraitzea, kalean saltzen duten produktu bat da, agerian saltzen dute. Horietatik guztietatik tiraka sortu dut eleberriaren istorioa. Hori bai, argi utzi gura dut %100 nire irudimenetik ateratako istorioa dela, fikzioa da. Baina gura izan dut irakurleak pentsatzea gertatu zitekeela.
Gari eta Irati dira protagonista nagusiak. Ze leku dauka bakoitzak istorioan?
Garik Peter Panen sindromea dauka, ez du heldu egin gura. Iratik, berriz, motxila beteta darama, karga guztiak bere gain dauzka. Iratik, gainera, liburuan pisu handiagoa dauka nire emazteari esker. Idazten nengoela konturatu nintzen pertsonaia guztiak zirela gizonezkoak, baina narkotrafikoaren munduan testosterona da nagusi. Seigarren kapituluan emazteak esan zidan ez zegoela istorioan pisua zeukan emakumerik. Ez nekien erantzuna zelan eman, baina buelta eman eta liburua aurrera doan heinean, Iratik transformazio bat dauka; uste dut azken urteetan emakumeek bilakaera bat izan dutela, eta hori islatu gura izan dut.
“Urdaibain gertatzen da istorioa, nik ezagutzen ditudan lekuak baitira”
Urdaibain garatzen da istorioa.
Dudak izan nituen. Nik ezagutzen ditudan lekuak dira, eta horrela atera zitzaidan. Uste nuen nik eta emazteak baino ez genuela irakurriko. Amaitzea erabaki nuenean pentsatu nuen Urdaibain gertatzen den beste istorio bat izango zela. Hala ere, ni bertokoa naiz, hau da ezagutzen dudana. Nabaria da istorioa non gertatzen den, pseudonimorik barik. Irati eta Gari mundakarrak dira, Garin ama bermeotarra… Gertaerak Muruetan, Mundakan, Gernika-Lumon… ematen dira.
Narkotrafikoa eta droga dira gai nagusiak, besteren bat ere nabarmentzen da?
Lehenago komentatuko galderak eta nire kezkak plazaratzen joan nintzen: justizia edo justizia falta, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko gaur egungo sistema judiziala, matxismoa zein mikromatxismoa… badaude, hortaz, beste gai batzuk.
Gaztelaniaz idaztea erabaki duzu.
Euskaraz idaztea kostatzen zait, berba ondo eginda ere. Institutuan eta unibertsitatean gaztelaniaz ikasi nuen, eta ez naiz gai ikusten. Hori da daukadan penarik handiena, euskaraz idatzi ez izana. Nigaz eta nire baloreekin kontraesan izugarria dauka. Gustatuko litzaidake euskaratzea.
Erronka bat izan da zuretzat?
Oso lehiakorra naiz, baina ez dut liburuarena erronka modura hartu. Buruan neukan istorioa apuntatu egin nuen, eta kapituluetan banatu nuen. Kapitulu bakoitzean, baina, gauzak sortzen joaten nintzen, pertsonaien keinuak, esaterako. Oso ondo pasatu dut idazten. Liburu erdia idatzita nuenean pentsatu nuen amaitu egin behar nuela, eta orduan bai hartu nuen ardura apur bat. Maratoi erdi bat pasatzen duzunean moduan, behin erdia eginda, amaitu egin behar da. Proiektu bat baino gehiago, denbora pasa bat izan da niretzat.
Zelan bilatu zenuen argitaletxea?
Beti bizitzan egin dudan moduan, aurpegia izanda. Liburua idazten amaitu eta familiartean zabaldu nuen irakurtzeko, euren ikuspuntua jakin gura nuen. Bi liburu idatzita dituen nire izeko Amaia Manzisidorrek esan zidan egokia zela argitaratzeko. Hala, argitaletxeak bilatzen hasi nintzen, eta batzuetara mezuak bidali nituen. Hamabi argitaletxetara bidali nuen, eta lauren baietza eduki nuen. Denen artean Alberdania iruditu zitzaidan egokiena.
Gaur, Mundakan aurkeztuko duzu.
Hala da, gaur, nire herrian aurkezteko aukera edukiko dut, 19:30ean, Hotel Brankan. Kuadrillakoak proposatu zidaten, eta ni pozik. Deitzen didaten edozein lekutik joango naiz liburua aurkeztera. Behin idatzita, jendeak irakurtzea gura dut.
Behin liburu bat idatzita, martxa hartu duzu?
Badaukat zer edo zer buruan, bategaz nabil. Eleberria izango litzateke baita ere, eta nahastea izango luke beltza eta historikoaren artean. Prozesua astiroago doa, historikoak azterketa sakonagoa eskatzen baitu. Baina ez daukat inongo presarik. Asko gustatu zait pertsonaiak eta istorioak sortzea.