BBK Klima Abentura instalazio berriekin zabaldu dute
Herritarrengan ingurumen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatuz, ezagutza "aurreratuaren" eta hezkuntza-esperientzia "eraldatzailearen" bidez, "Bizkaiaren etorkizun jasangarriagoaren alde" lan egiten jarraitzea du helburu BBK Urdaibai Zentroaren barruan dagoen abentura-parkeak.
Janaria, ura eta energia dira lantzen dituzten ardatz nagusiak, eta horien ingurukoak dira ezagutzak lantzeko dauzkaten instalazioak; “murgiltze-esperientziak” eskaintzen dituzte. Jolasen bidez, ezagutza partekatzea du helburu BBK Klima Abentura parkeak: “BBK Klima Abentura itzultzaile bat izan behar da; BBK-k egiten dituen ekintza guztien itzultzailea, eta hemen ezagutzaren transferentzia egin behar dugu, hona datozen pertsonei ulertaraztea lortu behar dugu”. Leire Zarate Arana koordinatzaileak azaldu duenez, instalazio denak klima aldaketagaz lotutako ezagutzei buruzkoak dira. “Beharbada iaz ezagutzan jarri genuen foku gehiena, eta aurten, bisitariek ondo pasatzea indartu gura izan dugu”.Ā
IazĀ inauguratu zuten parkea, eta uda honetarako gaur zabaldu dute berriro. Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzarako zuzendariak gogoratu duenez, kontzientziak pizteaz gain, klima aldaketaren aurrean ekintzetara bultzatzea, ekintzetan eragitea daukaten helburua: “Datozen pertsonek euren ohiturak aldatzea eta jasangarritasunerantz pausoak ematea gura dugu”.
Energia berriztagarriak lantzeko, urak, haizeak eta eguzkiak indarra daukatela eta elementu horiek erabilita zelan sortzen den energia ikusi eta ikasten dute aurten gehitu dituzten hiru instalazio mekanikoetan. Adibidez, euren indarragaz eta esfortzuagaz olatuak sortzeko instalazio bat dago. “Dena ez dela erregai fosila ulertzen dute, eta ikasketa hori eroatea garrantzitsua da. Errealitea zein den eta etorkizuna zer izan beharko litzatekeen pentsatzeko balio die, eta umeek ulertzeko naturak badituela agortezinak diren baliabideak, eta teknologia berriekin energia bihurtu daitezkeela”. Gainera, horien bidez talde lanaren garrantzia barneratzea da arduradunen helburua.
Hiru totem ipini dituzte, eta horietako bat sortu berri duten Diwo pertsonaiari buruzkoa da. Sarrerakoan, parkearen programazioa azaltzen da, eta beste batean, berriz, Sukarrieta dokumentala ikus daiteke: “Ia 100 urtetako Sukarrietako Koloniaren historia bildu dugu bertan, eta parkean zinema areto txiki bat ere egokitu dugu, dokumentala lasai ikusteko”.
Londresetik ekarri dute Marshmallow Laser Feast artistak errealitate birtualean egin duen obra artistikoa: In the eyes of the animal. “Berrikuntza aldetik gai izan behar gara ezagutza transferentzia hori egiteko, proiektu oso interesgarriekin, pertsonak gaira modu oso berezian hurbiltzeko. Eta, horretarako, errealitate birtualeko proiektu bat eta esperientzia interaktibo bat ekarri ditugu”. Grabaketa oso berezi bat erabili dute Ingalaterrako basoetan; Lau animaliak basoa zelan ikusi eta sentitzen duten grabatu dute: “Jendeak ulertuko du planeta ez dela gurea bakarrik, planeta ez da guretzat, eta guk nahi dugun beste erabiltzeko. Planetan badaude beste izaki batzuk, gure moduko eskubideak dauzkatenak, eta errespetatu behar ditugu”. Planetan bizi garen denekiko eta naturarekiko errespetua zabaltzen du sormen lanak.
Domo geodesiokoan, berriz, proiekzio berriak gehitu dituzte, eta bere parean dagoen pantailan, bisitariek jolas birtualen baten bidez “planeta salbatzeko” instalazio interaktiboa ipini dute: “Oso erakargarria da, Save the Planet! joko kooperatiboan umeek pilota batzuk pantailara bota behar dituzte. Askotan esaten dugun moduan, familian edo taldean jolasteko lekuak behar ditugu;āalkarregaz jolasteko aukerak topatzea askotan ez da izaten erraza, eta horretarako aukera ematen du”.
Igerilekua eta bizikleta eletrikoak. Bestalde, aurten, berrikuntza modura, BBK Urdaibai Zentroaren igerilekura, ur-jokoen gunera zein kirol-gunera joan ahalko dira BBK Klima Abentura parkera doazen bisitariak. Eta, Bermeoko, Busturiko, Mundakako eta Sukarrietako udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema ipini dute.
Urte guztian daukaten negutegian ere geldialdia egin dute goizean. Umeei negutegi efektua azaltzeko ere erabiltzen dute instalazioa. “Azaltzen diegu negutegi efektua beharrezkoa dela bizitza edukitzeko, baina planeta larregi berotzen bada, zelan sentitzen den ulertzen dute bertan. Barruan bero handia egiten duenean, hori da ikasketa nagusiena, azalean sentitzen dutelako benetan zer den eta planeta zelan sentitu ahal den”.